Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Urriaren 22a

Heriotze eta Mus lehiaketa

Heriotze

Antxordokiko Asuncion Amestoy, sortzez Jaimerena Borda, zendu zaigu 93 urtetan. Aritzakungoa zen, Berekotxeko Bordakoa. Hamabi haurride ziren, sei neska eta sei mutiko. Anaietarik lau Ameriketara joan ziren, bat Txilera, bat Argentinara eta biga Amerikar Estatu Batuetara. Haurride guzietarik gaur bi gazteenak dira gelditzen, Kuli Itsasun eta Soledad Bidarrai Ondikolan. Gaztetan Noblianera etorri zen Asuncion neskato gisa. Antxordokiko Pialerekin ezkondurik, lau seme-alaba ukan zituzten, Jean-Pierre, Xan, Véronique eta Dominique, bai eta sei haur ttipi, Franck, Ximun, Elena, Elorri, Amaia eta Emma, eta ondotik hiru arra haur-ttipi. Maluruski Asuncionek eta Pialek bi seme galdu zituzten gazterik eritasunez, Jean-Pierre 35 urtetan 1993an eta etxaldearen segida hartua zuen Xan 47 urtetan 2006an. Kolpe gogorrak Asuncion eta familiarentzat. Piale senarra aldiz 2018an zendu zen. Emazte diskreta zen, eta fede handikoa, nahigabe horien jasaiten handizki lagundu dukeena. Agorril bukaeran eroriko bat eginik, Izpurako arta etxera eremana izan zen eta han da pausatu. Azken agur kartsua eskainia izan zaio, ahaidegoan den Beñat Amestoy apezaren inguruan, Franck eta Ximunek amatxiri buruzko lekukotasun beroa zabaltzen zutela. Hemendik ere gure atxikimendu osoa doala familia guziari.

Mus lehiaketa

Eskola publikoko burasoen elkarteak mus lehiaketa antolatzen du azaroaren 21ean, larunbat arratsaldez, Artetxea gelan: izen emaitea (12€) sms bidez (06-18-96-66-70) edo tokian berean (14:00), lehiaketaren abiatzea (15:00). Sari anitz irabazteko, garaileek 500€, finalistek 250€. Talo salmenta ere izanen da (18:00), tokian berean jateko edo etxerat eramaiteko.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3854. zbk

Gure Hitza | 2026/10/22

Kontutan har dezagun!

Menane Oxandabaratz

Ipar Amerikan Herria astekariak dituen harpidedunek uztail hastapenez geroztik ez dute gure astekaria errezibitzen. Hori dela eta Postarekin harremanetan sartu eta, jakiten da beste kontinentera igorri egunkariak ez direla kazeta igortze gisa sailkatuak. Orain merkataritza industria bezala kontsideratuak dira, erran nahi baitu igortze gastua 1,20 euro ingururen ordez 5 eurotan dela. Milesker Trump jaun presidentea!

Ipar amerikar agintariaren politika zein nolakoa den gehienak jakinean gira. Donald Trumpen politika, nazionalismo ekonomikoan oinarritua da, nazioarteko erakundeekin akordiorik bilatu gabe, “America First” (lehenik Amerika) leloa aldarrikatzen du.

Amerikar kontinenteko estatu batzuetan, eskuin erradikala, eskuin populista edota eskuin muturra hauteskundeetan gero eta gehiago garaile ateratzen dira. Zabaldua den mezua segurtasun ezaren inguruan, erakunde tradizionalen ukatzean edota ultra-liberalismoan oinarritua da. Europan ere alderdi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016