Herriz Herri - Donamartiri (NB) | 2026ko Urriaren 22a
Ezkontza, Musa eta Herritarren eguna
Ezkontza
Joan den buruilaren 26an, arratsaldean, Donamartiriko plazako bazter guziak airean ziren, alabaina herriko 31 urteko neska gazte xarmant baten ezkontza genuen. Agerreko neska zaharrena den Maitenak eta 33 urteko Daniel Amestoy bitindarrak hautatua zuten egun hori beren bizi guzian elkarrekin bizitzeko baimena emateko.
Baimen hori lehenik Bitinako auzapezaren aitzinean emanik, Donamartiriko elizara jin dira. Elizako xoko-moko guziak beteak ziren. Mezaren emaile zuten Xipri, Maitenaren amatxiren lehen kusia, kasik 92 urte dituelarik eta urratsa zalu. Meza biziki eder baten ondotik, Xiprik aitortu du denen aitzinean ez zela oroit eliza hola beterik ikusirik, partikulazki hainbertze kantu ederrekin. Meza horretan parte hartua zuten Donoztiriko eta Donamartiriko kantariek.
Mezatik ateratzean gazte-talde bat baitzen espos berrien beha, haien aitzinean Agurra dantza famatua emateko. Gero gomitatu guziak hurbildu dira herriko plazara argazki bat hartzeko, egun eder horren oroitzapenarentzat. Besta eder hori ongi segitzeko, hor ziren bi autobus beha, gomitatu guziak Itsasura eramateko, bai eta partikulazki goizean argi hastean gibelera itzultzeko.
Hemendik goiti, bata bestea bezain langilea den kuple hau Bitinan biziko da, Danielek egin egoitza berrian. Goresmenik beroenak kuple gazteari.
Musa
Heldu den igandean, urriaren 25ean, arratsaldean ikastolako aita-amek antolatzen dute usaiako mus-txapelketa herriko gelan. Izen-emateak egiten ahalko dira arratsaldeko bi orenetarik goiti, hamabi euroz jokalari bakoitzarentzat. Lehen sariarentzat 300 € izanen dira, bigarrenarentzat aldiz 150 €, eta beste anitz sari (1.000 € sarietan). Lekuan berean izanen da edari eta jateko.
Herritarren eguna
Joan den larunbatean, urriaren hamarrean, hautetsiek antolatua zuten egun bat herriko bazterren berritzeko, apaintzeko, garbitzeko...
Goizeko zazpi eta erdietarako plazara hurbilduak ziren 60 bat herritar, bakoitzak bazekielarik zer egin, zeren egin behar ziren lan guziak aitzinera partekatuak baitziren. Hala nola, taldeka edo banaka, guziak aritu dira:
– Hilerrietako xoko guzien garbitzen.
– Elizaren garbitzen.
– Herriko bideetako seinaleen koloreen arabera berritzen, ziloen tapatzen.
– Herri barneko arbola zenbaiten abartzen.
– Plaza inguruetako hesien mozten.
Eguerditan Goxoki ostatuak prestatu apairua partekatua izan da. Eguna bururatzean plantxan egin errekiak herriko kontseiluak eskaini dizkio dohainik jina zen laguntzaile bakoitzari. Egun ederra izan da, baitezpada heldu den urtean erreberritua izanen dena.




