Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Urriaren 22a
Jazz eta swingaren orkestra handia, Bisita gidatua, Mintzaldia Larrekon, Biper Bestarako joan-jina, Bertso-saioa, Argazki-lehiaketa eta Errugbia
Jazz eta swingaren orkestra handia
17 musikariko “Big Band Côte Sud” taldeak, Quincy Jones musikari ospetsuaren omenez, honen moldaketei oihartzuna ematen segitzen du, erritmiko sendo eta kobre distiratsu batzueri esker. Musikaz gozatzeko parada ezin hobea eskainia zaigu, urriaren 25ean, igande arratsaldean, Larreko salan (17:00). Iraupena oren bat eta erdi izanen da, denei zabaldua. Prezio osoa 18 euro da, 30 urtez petik 10 euro.
Bisita gidatua
Noizean behin antolatzen den ekitaldia eskaintzen digu Turismo Bulegoak, ohiko ibilaldiarekin. Hemen aztertuak baitira bereziki gure mitologiako zenbait pertsonaia, Senpere herriaren historia larriki, baita sorginen ehiza basatia emazte hobengabeen kontra.
Urriaren 29an, ostegun goizean abiatuko da ibilbidea Turismo Bulegotik, Argitxu arduradunak kudeaturik (11:00). Prezioa 6 € da, murriztua 5 €, eta dohainik da 14 urtez petikoentzat. Erreserba Euskal Herriko Turismo Bulegoetako webgunean egin daiteke edo Senperekoari deituz: 05-59-54-11-69.
Mintzaldia Larrekon
“À la Porte” izenburuarekin, J.-Philippe Mercier, arte plastiko eta ondare kulturalaz arduratzen den departamenduko kideak, eramanen du mintzaldia. Ateak, bere funtzio materialaz kanpo, gure irudimena bultzatzen du, zer ote den bortaren gibelean eta bertze galdera askorekin.
Urriaren 29an, ostegun arratsaldeanizanen da, urririk, Larreko kulturgunean (16:00). Hitzaldia lotzekoa da “Atearen bestaldean” Hika Teatroak emanen duen ikuskizunarekin, urriaren 31n (16:00).
Biper Bestarako joan-jina
SPUC futbol elkarteak antolatzen du, urtero bezala, Senperetik Ezpeletarako garraiatzea joan-etorri moduan, Biper Bestaz ongi gozatzekotan, Aintzirako biribilgunetik. Urriaren 24an, larunbatean, 9:00etatik 23:00ak arte izanen da, eta biharamunean, igandearekin, 9:00etatik 21:00ak arte. Prezioa 6 euro da.
Bertso-saioa
Urtero usaia duen bezala, Lapurdi 1609 elkarteak antolatua zuen bertso-saioa, Sanoki ostatuan. Ikus-entzule guti izanik ere, beren ikusmina adierazi dute, ongi txalotuz 4 protagonistak. Hauetan ziren Maddi Ane Txoperena Xilabako txapelduna, Xabat Illarregi Nafarroako txapelduna, baita bi gazte, Enaitz Telletxea eta Amaiur Aizpuru Eskisabel.
Azkeneko hauek, pixka bat urduri agertu baldin badira ere, umore anitzekin gainditu dituzte zailtasunak; laster ikusiko ditugu bertsolari maisuekin lehiatzen. Pintxo-pote gozo batek eman du amaiera saioari.
Argazki-lehiaketa
Senpereko mediatekak, bigarren aldikotz, “Faux et usage de pho…to” izendatu argazki-lehiaketa antolatzen du. Ezaguna den obra bat erreproduzitzea da helburua (margolana, zizelkadura, argazkia, marrazkia, street art, afixa eta abar), bakoitzak bere burua antzeztuz koadroan. Lehiaketa urriaren 13tik azaroaren 4ra iraganen da; hori izanen da dosierra uzteko azken epea. Estreinaldiaren gaualdia eta sari-banaketa azaroaren 19an iraganen dira mediatekan, baina erakusketak iraunen du urte hondarra arte (19:00).
Xehetasunak: 05 59 54 50 05 / 06 10 45 59 05 edo mediatheque@senpere64.fr.
Errugbia
Urriaren 18an, igandez, SPUCeko bi taldeak Saint-Martin-de-Seignanxera joan dira, txapelketako partiden jokatzera. Erreserbako taldeak 43 eta 17 galdu du, eta lehen taldeak ere porrota jasan du, 40 eta 15. Hurrengo partida urriaren 25ean iraganen da Senperen.
.210304.jpg)




