Herriz Herri - Hendaia (L) | 2026ko Urriaren 22a

Euskal selekzioaren aldeko elkarretaratzea, Legarraldeko laborantza proiektua sendotzen, Lehorteak etxeetan eragindako kalteak jakinarazi eta Hondarribiko aireportuaren trabak salatu ditu Herriko Etxeak

Euskal selekzioaren aldeko elkarretaratzea

Munduko Txapelketan Euskadi ordezkatuko duten 41 pilotariak jendaurrean aurkeztu ditu Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak pasa den astean. (Euskal Pilota Selekzioa)

Euskal Herriko pilota selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea eginen da urriaren 23an, ortziralez, Gaztelu Zahar pilotalekuan (19:00). Euria eginez gero, Belzeneko ezkerparetan iraganen da. Deitzaileek lorpen historikotzat jo dute Euskadiko selekzioak Argentinako eta Uruguaiko munduko txapelketan parte hartzea, baina azpimarratu dute bidea ez dela bururatua: salbuespenak salbuespen, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariek ezin dute selekzio horretan jokatu. Zazpi herrialdeetako pilotariak bilduko dituen selekzioaren alde lanean segitzeko deia egin dute, eta federazioei eta klubei elkarte legal eta ofizial bat osatzea eskatu diete.

Legarraldeko laborantza proiektua sendotzen

Herriko Etxeak Legarraldeko laborantza proiektua iraunarazteko urrats berri bat egin du, landa-errentamendu kontratuak izenpetuz. Tokiko laborantza iraunkorra sustatzea eta lur horien laborantza erabilera luzarako bermatzea du helburu. Proiektua 2019an abiatu zen, Herriko Etxearen eta Euskal Herriko Lur Funtsen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmenarekin, eremuaren erosketa eta hogei urterako lur-eramatea ahalbidetzeko.

Lehorteak etxeetan eragindako kalteak jakinarazi

2026ko lehortearekin lotuak izan daitezkeen kalteak zenbatzen ari da Herriko Etxea, hondamendi naturalaren aitortza eskatzeko dosierra prestatzeko. Etxean arrakalak agertu edo handitu zaizkien herritarrei urriaren 30a baino lehen jakinaraztea galdegin die. Harremanetarako datuak eta kalteen azalpena juridique@hendaye.fr helbidera igor daitezke, edo Herriko Etxeko DAGR zerbitzuan utzi.

Hondarribiko aireportuaren trabak salatu ditu Herriko Etxeak

Hondarribiko aireportuko hegazkinek sortzen dituzten zarata eta segurtasun arazoen aitzinean, Frantziako agintarienganako urratsak indartu dituela jakinarazi du Herriko Etxeak. Haren arabera, zenbait hegazkin Hendaia gainetik ehun metroko altueran pasatzen dira, Frantziako lurraldea hirurehun metroz petik hegan egitea ahal bezainbat saihestu behar luketelarik. Herriko Etxeak hendaiarren bizi-baldintzak eta segurtasuna kontuan hartzea eskatzen du.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3854. zbk

Gure Hitza | 2026/10/22

Kontutan har dezagun!

Menane Oxandabaratz

Ipar Amerikan Herria astekariak dituen harpidedunek uztail hastapenez geroztik ez dute gure astekaria errezibitzen. Hori dela eta Postarekin harremanetan sartu eta, jakiten da beste kontinentera igorri egunkariak ez direla kazeta igortze gisa sailkatuak. Orain merkataritza industria bezala kontsideratuak dira, erran nahi baitu igortze gastua 1,20 euro ingururen ordez 5 eurotan dela. Milesker Trump jaun presidentea!

Ipar amerikar agintariaren politika zein nolakoa den gehienak jakinean gira. Donald Trumpen politika, nazionalismo ekonomikoan oinarritua da, nazioarteko erakundeekin akordiorik bilatu gabe, “America First” (lehenik Amerika) leloa aldarrikatzen du.

Amerikar kontinenteko estatu batzuetan, eskuin erradikala, eskuin populista edota eskuin muturra hauteskundeetan gero eta gehiago garaile ateratzen dira. Zabaldua den mezua segurtasun ezaren inguruan, erakunde tradizionalen ukatzean edota ultra-liberalismoan oinarritua da. Europan ere alderdi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016