Herriz Herri - Baiona (L) | 2026ko Urriaren 22a
Baionan Kantuz, Mediatekaren urtebetetzea, Canopia: iritzia emateko azken egunak eta “Match des Légendes” elkartasunaren alde
Baionan Kantuz
Urriaren 24an, larunbatez, Baionan Kantuzek Euskal Museoaren aitzinean emanen du hitzordua; euria balitz, Albert Premier eskolan (11:00). Joan den aldian Jojo eta Bernadetten “Gora Euskaldunak” ikasi ondoan, Mikel Urdangarinen “Non geratzen den denbora” amodiozko kantua landuko dute kantuzaleek. Avironek egun berean etxean jokatuko duenez, “Peña Baiona” ere kantatuko dute, beharbada Pottoka lagun! Giro goxoan elkartzeko parada, heldu den urtarrilean ospatuko den 30. urteurrenari begira. Egitarau osoa baionan-kantuz.eus gunean.
Mediatekaren urtebetetzea
Berriz ireki zenetik urte bat bete du hiriguneko mediatekak, eta urriaren 24an ospatuko du urteurrena. Jean Lynchekin fresko parte-hartzailea, irakurketak eta literatura inguruko sorpresak proposatuko dituzte egun osoan. Nahia Garat argazkilariarekin tailerra izanen da (16:00) eta Bilaka kolektiboaren dantzaldi ttipiak bururatuko du eguna, (17:00). Urriko bakantzetan ere animazioak eskainiko dituzte hiriguneko eta Gurutze Sainduko mediateketan.
Canopia: iritzia emateko azken egunak
Canopia hondakinak tratatzeko gunearen modernizazio proiektuaz iritzia emateko aukera bada urriaren 27ra arte. Bil Ta Garbi sindikatuak egungo instalazioak berritu nahi ditu, gunea handitu gabe, lurperatzen diren hondakinak gutitzeko eta tokiko energia ekoizpena emendatzeko. Hautu teknikoak ez dira oraindik finkatuak. Herritarrek proiektuaren txostena kontsulta dezakete eta oharrak utzi Baionako Herriko Etxean edo kontzertazioaren webgunean.
“Match des Légendes” elkartasunaren alde
Urriaren 27an, asteartez, “Match des Légendes” elkartasun partida hartuko du Jean-Dauger zelaiak (19:30). Pascal Olmetak antolatu hitzorduak futbol eta errugbi jokalari ezagunak bilduko ditu; iragarri izenen artean dira Zinédine Zidane, Bixente Lizarazu, Imanol Harinordoquy eta Dimitri Yachvili. Ekitaldia haur eriak eta haien familiak laguntzen dituen “Un sourire, un espoir pour la vie” elkartearen alde izanen da. Sartzeak 12,50 eta 42,50 euro artean dira.





