Azalekoa | 2023ko Apirilaren 20a
Euskal Kultur Erakundea elkarteen zerbitzurako
M.O.
Uztaritzen kokatua den Euskal Kultur Erakundeak (EKE), partaide dituen 180 elkarteak biltzar nagusira gomitatu ditu. Aurten Donapaleuko Bideak gela xoragarrian egina izan da.
Ongietorria
Katixa Dolhare-Çaldumbide presidente berriak, biltzar nagusia kudeatu du, lehenik hitza emanez Pettan Ayçaguer Donapaleuko Herriko Etxeko ordezkariari. Ongietorria egiterakoan, Donapaleuko hautetsiak, bilduak ginen gelan frantziskanoen garaian kapera zela oroitarazi du, eskertuz EKEk bere urteko hitzordua Donapaleun egitea. Azaldu du Donapaleu kultura sailean aktibo dela, elkarte anitzez osatua izanez, Herriko Etxeak eginahalak egiten dituela, emeki bada ere, horien laguntzeko, herriko kontseilu berria "orri xuri" batetik abiatu zela azpimarratuz. Hitzaldia bururatu du Negu Gorriak-en kantu baten hitzak oroitaraziz "Kantatzen duen herri bat, ez da inoiz hilko".
Katixa Dolhare-Çaldumbidek segida hartu du, zioen ohoratua zela lehen aldiz asanblada horren kudeatzea, kulturaren zerbitzurako eramana den lana goraipatuz. Jaz Biarritzeko gune ultra-moderno batean biltzar nagusia egin bazen, aurten toki historiko batean izaiteak ospea emaiten zuela adierazi du. Omendu ditu EKEko partaide ziren: Jakes Ahamendaburu, Txomin Peillen eta Jakes Abeberry, ez hain aspaldi hil direnak. Azpimarratu du 2022ko urtea aldaketa urtea izan dela, horietan EKEren xarta grafiko berria, estekaren irudia duena, loturaren sinboloa erakusten duena.
Kultura eskubideak landuak
Johañe Etchebest EKEko zuzendariak, 2022an erakundeak egin lana azaldu du. Etnopolo labelaren ukaiteak unibertsitatearekin eta ikerketa munduarekin lanean aritzeko aukera eskaini dio. Osatua den etnopolo batzorde eragilea kultura eskubideen gaia lantzen hasi da. Gai horren inguruan jardunaldiak antolatu dira, etnopoloaren egitasmo berriaren idazketa lagunduko duena (2023-2026). Egitasmoak 4 ardatz tematiko argitan ezartzen ditu: ahozkotasuna eta ondare immateriala, ondarea eta sorkuntzaren arteko lotura, hizkuntzaren rola jendartean eta azkenik kultura eskubideen erronka. Lehen hiru gaiak ezagunak badira, azken puntuak, kultura eskubideen ondorio juridikoak, politikoak eta etikoak ulertzen eta baloratzen lagunduko du. Euskal etnopoloaren egitasmo berria (2023-2026) publikoki aurkeztuko da Kultura MinisÀ‚'terioarekin hitzarmen berria izenpetuko denean. 2022an EKEk antolatu jardunaldietan, "Kultura eskuÀ‚'bideek zerbaitetarako balio ote digute? Erronkak eta perspektibak" gaiaren inguruan gogoeta eramana izan zen. Orotara 60 ikerlari, politikari eta elkarte munduko pertsona elkartu ziren.
Memoriaren inguruan eraman den lana aurkeztua izan da. Horietan "Eleka" ahozko memoriaren bilketa. Herri desberdinetan ibili da. Programak bere bidea segitzen du, 2022an 15 lekukotasun bildu dira, 10 Zuberoan eta 5 Baxe-Nafarroan.
Sorkuntza, ikerketa, bitartekaritza
Euskal Kultur Erakundeak, kultura sailean ardatz anitz lagundu ditu. Horietan "Ehun urtez antzerkia Lapurdin eta Baxenabarren". Daniel Landart antzerki idazlearen "Komediaz komedia LaÀ‚'purdin eta Baxenabarren, 1945-1970" liburuan oinarrituz. Euskal musikaren eta kantuaren kronologiari buruz, eke.eus gunean jorratu gai kulturalen eta artistikoen jatorriari eta garapenari buruzko begirada orokorra eskaini da. Euskal koruen inguruan lan bat egina izan da, tokiko musikari batzuen laguntzarekin. EKEk partitura numeÀ‚'rikoen bilduma publikoaren esku ezartzen du, koru kantuaren praktika sustatzeko asmoz. Musika eta dantza tradizionaleri buruz Kontserbatorioko ikasleentzat "Euskal kulturaren eguna", Ipar Euskal Herriko musika eskoÀ‚'la guzietako ikasleeri zuzendua zen ekimena, Joseba Tapiak animatu musika eta Bilaka konpainiako Oihan Indartek animatu dantza tailerrekin. Bestalde IDB, Malandain eta Maritzulirekin "Arteen artean" leÀ‚'hen aldikoz antolatua izan da. Harri Zopa, Ernest & Celestine, Lur eta Amets filmen emanaldiak 11 zinegeletan proiektatuak izan dira. Orotara 3.725 ikaslek parte hartu zuten.
Jaz bigarren aldikoz EKEk, SPIP (Service Pénitentiaire d'Insertion et de Probation) egiturarekin partaidetzan, Baionako presondegian kultur astea antolatu du. Tailer praktiko batzuen bidez, Baionako presoeri euskal kulturaren ezagutaraztea da helburu.
Elkartuz dinamika
"Elkartuz" dinamikaren baitan, kultura arlo desberdinetako artista profesionalak eta amaturrak bildu dira, etorkizunerako lehentaÀ‚'sunezko proposamenak azaltzeko.
Kultura alor baÀ‚'koitzeko ordezkariek diagnostikoa egin dute, egituratze mailan eta arazoetan zentraÀ‚'tuz. Problematika amankomunak agerian ezarriak izan dira, memoriaren babestearen eta transmisioaren, kultura bitartekaritzaren, artisten ikusgarritasunaren, euskararen presentziaren, kulturaren berritzearen eta partekatzearen inguruan. 2023-2026ko bide orriaren osatzeko, EKEk laguntzen ahalko dituen proiektu konkretu batzuren ikuspegi zabala izaiteko parada izanen da. Topaketak 2022ko irailean hasi ziren eta 2023an segituko dute, eragileak kultura alorrean eta egituraketan, prozesu kolektibo batean inplikatzeko helburuarekin. Proiektu jakin batzuen inguruan, erakundearen eta elkarteen arteko dinamikak sustatuko dira, euskal kulturaren transmisiorako estrategia asmatuz.
Beste elkarteekin partaidetzan
Euskal Kultur Erakundea elkarteak laguntzeaz gain, antolatuak diren beste gertakari batzuetan partaide da, denen izendatzea luzeegi litzateke. Zenbait gertakari aipatzerakoan, festibalak (EHZ, Errobiko festibala, Gauargi), literatura sailak eta azoka (Sarako Biltzarra, Nekatoenean sorkuntza egonaldia), musika-kantu gertakariak (Kolegioak kantuz, Herri Soinu) eta beste.
Hautetsiak
EKEko administrazio kontseiluan, euskal kultura eragilez gain, instituzio publikoko ordezkariak presente dira: Estatua (prefeta eta DRAC), Departamendua, Akitania Berria eta Euskal Elkargoa. Hauekin batean Hegoaldeko egitura publikoak: Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Etorriak ziren hautetsiek, bilkura bururatzean hitza hartu dute, berretsiz Euskal Kultur Erakundeak eraman lana eta adieraziz euskal kulturari buruz duten atxikimendua. Antton Curutcharryk Euskal Elkargoaren eta EKEren arteko elkar lanaren sakontzearen beharra azpimarratu du. Kulturaren bidez euskarari bultzada emaiteko garrantzia beharrezkoa dela adierazi du, haurtzarotik hasiz, bai eta Ipar Euskal Herriko eremu guzietan zabalduz. Euskararen Erakunde Publikoko presidente izanez, berrikitan aurkeztua izan den inkesta soziolinguistikoa gogorarazi du. Euskal kulturaren transmisioaren beharra agertu du, euskararen erabilera sustatzeko ardatz bat izanez.





