Herriz Herri - Urruña (L) | 2023ko Apirilaren 20a

Aberri Eguna kantuz - Biharko hiri barnea irudikatu - Kalakaño - Joakin Arregiren omenaldia - Noiz arte filma -Pilota

Aberri%20Eguna%20kantuz%20-%20Biharko%20hiri%20barnea%20irudikatu%20-%20Kalakano%20-%20Joakin%20Arregiren%20omenaldia%20-%20Noiz%20arte%20filma%20-Pilota

Aberri Eguna kantuz

Hilaren 8an, larunbatarekin, Aberri Egunaren bezperan, hamar bat lagun bildu ziren eliza aitzinean den haritzaren gerizpean, adar batzuetatik zintzilik euskal ikurrina ezarri zuten eta kantari ari izan ziren euskaldunen egun handia ospatu nahian. Lehenik, "Gernikako Arbola" euskaldunen herri himnoa kantatu zuten, horren ondotik "Txoriak txori" eta "Ikusi mendizaleak". Biziko manera ederra Euskal Herriaren eguna ospatzeko! Urtero egiteko modukoa. Biba zuek!

Biharko hiri barnea irudikatzeko eguna

Hilaren 22an, larunbatarekin, herritarren kontzertazio egun handia izanen da, hiri barneko antolaketa eremu kontzertatua egiteko asmoz (10:00-17:00), Posta aretoan eta hiri barnean. Egun horretan ideiak partekatu nahi dituzte, proiektu berriak bideratzeko. Tailer parte-hartzaileak izanen dira: mugikortasuna, saltegiak, animazioak, espazio eta ekipamendu publikoak, informazio denbora eta lekukotasunak. Elkarrekin irudika dezagun biharko hiri barnea!

Kalakaño euskaraz haurrentzat

Euskal Elkargoak Kalakaño izeneko ekitaldi egitarau zabala antolatu du, Iparraldeko haur euskaldunentzat. Herriz herri ibiliko dira kultur ekitaldiak eskaintzen apirilaren 22tik maiatzaren 5era. Urruñan honako hauek izanen dira: apirilaren 25ean, asteartearekin, Kiribil taldearen irakurketa musikala Ohantzean (10:00). Egun berean, hau da, apirilaren 25ean, Oinutsik taldearen yoga saioa Ohantzea Ttikin (10:00).Apirilaren 26an, asteazkenarekin, Kiribil taldearen irakurketa musikala Ohantzea Ttikin (10:00). Apirilaren 27an, ostegunarekin, Maialen Alfaroren eskutik "Altxorraren bila" ikusgarria Kimuan (10:00).

Joakin Arregiren omenezko ekitaldia

-Argazkia: Joakin Arregi Goenaga "Txe"

Joakin Arregi Goenaga Gipuzkoako Zizurkil herrian sortu zen 1953an, eta 23 urtez Venezuelan erbesteratu gisa bizi behar ukan zuen. Euskal Herrira itzultzean Hendaian hartu zuen bizitoki eta hor bizi izan da 2023ko martxoaren 28an zendu den arte. Bertsulari, bertsuzale eta bertsu-epaile. 2003an "Karibetik Kantaurira" izeneko bertsu liburua plazaratu zuen. Urte hauetan Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkarteari ekarpen handia egin dio. Bere adiskide eta familiakoek hilaren 8an, larunbatarekin, omenezko ekitaldia eta bazkaria eskaini zizkioten, jendez mukuru zen Pausuko Xaia ostatuan. Bertsu, kantu eta oroitzapenezko hitzen artean eman zuten eguna bertara hurbildu zirenek. Agur eta ohore!

Kantauri abesbatza plazan

Hilaren 22an, larunbatarekin, Kantauri abesbatzaren kontzertua izanen da Herriko Etxeko plazan (12:00).

Noiz arte? Film dokumentala

Hilaren 12an, asteazkenarekin, Noiz arte? izeneko film dokumentala eman zuten Posta gelan. Dokumental horretan, 1914ko Gerlara eramandako Joseph Grazi azkaindar gaztearen bizipenak azaldu zituzten. Biziki film interesgarria, lekukotasun ederra ematen duena.

Urruñarrak elkartearen lotoa

Hilaren 22an, larunbatarekin, Urruñarrak elkartearen lotoa izanen da Iturbidea kiroldegian (21:00).

Elkartasun Eguna Zokoan

Hilaren 23an, igandearekin Baylasun elkarteak antolatu Elkartasun Eguna izanen da Zokoa auzoko kiroldegian. Zumbathom (10:30-12:30), ibilaldi kronometratua, osora 11 km, (10:00-12:00) Dam'so taldeak animaturik.

Pilota partiden emaitzak

Federazioaren buruz-buruko txapelketaren final laurdenetan, amateurren lehen mailan, urruñarrek honako emaitzak ukan dituzte: Bideondo (Urruñarrak) 40 - Barrenetxe (Zaharrer Segi) 29.

Adindunendako ekitaldiak

Hilaren 20an, ostegunarekin, Bazkaria jatetxean (16 euro) eta Kanboko Puyodebat txokolategira bisita. Irteera: Postan gelan (11:00). Mahai jokoak (14:30). Hilaren 24an, astelehenarekin, loto ttikia Posta gelan (14:30). Hilaren 25ean, asteartearekin, sukaldaritza saioa (10:00). Tango saioa Iturbidea gelan (14:00). Hilaren 26an, asteazkenarekin, trukaketak aisialdiko haurrekin Posta gelan (9:30). Ibilaldia Miarritzeko Moriskot aintziraren inguruetan, 5 km, 3 oren, irteera Posta gelan (14:00). Izena emateko: 07-64-62-55-14 edo 05-59-47-95-08.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3686. zbk

Gure Hitza | 2023/04/20

Hizkuntzarik gabe Euskal Herririk ez!

Menane Oxandabaratz

Sortu girenetik, edozein izan bakoitzaren hizkuntza, musika soinu bat entzuten den bezala, gure beharrietan sartu da. Entzun dugun lehen soinu hori, gutarik batzuentzat euskara izan da. Hizkuntzaren erabilera sustraitua da pertsona bakoitzaren sortzean, kulturan eta izaeran. Komunikatzeko tresna baldin bada, beste hainbat funtzio betetzen ditu. Mintzatzen den lengoaiak komunitate batean identifikatzen gaitu, populazio multzo bat bateratzen du, kultura berekoak gira.

Larunbat huntan aldi bat gehiago Baionako karriketan ibiliko gira. Euskara sailean lan egiten duten elkarteek elkarretaratze deia zabaldua dute. Aldarrikatuko dena, gure mintzaira ezagutua eta garatua izan dadin, behar diren neurriak ezarriak izan daitezen. Diru-laguntzak beharrezkoak dira, sail horretan lan egiten dutenek baliabideak ukan ditzaten.

Azken inkesta soziolinguistikoak erakustera emaiten duen bezala, gure hizkuntza salbatua izan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016