Gogoa hazi | 2023ko Apirilaren 20a

Heriotza legeztatu?

Maite Irazoki

Herrialde batean, gizartean bizi ahal izateko egiten da legea. Legeak askatasun kolektiboa erregulatuko du bakotxaren askatasuna errespetatzen entseatuz. Debekatua zer den finkatuko du, eta debekuen haustearen zigorrak, xeheki ezarriko. Halaber, baimendutakoa edo egin daitekeena ezarriko du eta baimendutakoaren baldintzak zehaztuko ditu.

Legeak orientazio bat ematen du baita dagoena edo gauzatzen ari dena forma juridikoan ezartzen. Gizartean sortzen diren galdeek, bizitzako gai guzietako ikerketek, antolamendu juridikoa behar dute memento batean. Boterea beren onerako har dezaketen pertsonen influentzia, moztu behar da, denen onerako bidean ezarriz.

Hau da, legearen eginkizun ezinbestekoa eta hain zaila dena: ororen edo denen ongia eta norberaren ongia elkarrekin lotzea. Lege zibilak ez du manatzen zer egin behar den edo zer ez. Mugak ezartzen ditu debekatua zer den erranez eta aitzinetik zehaztu baldintzekin zer den haizu dena.

Horrela bizitzaren bururatzearen auzia legearen ateraino etorri da. Zer da egungo arazoa? Modu arras sinplifikatu eta labur batez erraiteko, pertsona batzuk beren bizia bukatu nahi dute eta horretarako laguntza medikoa galdetzen dute. Baina pertsona bati hiltzen laguntzea hilketa gisa tratatzen da, hilketa guziak debekatzen dituen legearen arabera. Galdegina da, beraz, legeak ez dezala kriminal gisa pertsona bat akusatu, legezko baldintza arras berezi batzuekin norbait hiltzera laguntzeagatik.

Nola lagun daiteke pertsona bat hiltzera doana? Galderaren eta beraz erantzunaren gakoak bi hitzetan aurkitzen dira: lagundu eta heriotza. Lagundu hitzak harreman bat sortzen du. Bi gauza, bi entitate, bi pertsonaren artean dagon erlazioa da harremana. Pertsona batekin harremanean izaiteak, ez garela bakarrik erran nahi du eta kasik gizakiaren definizioan sartzen da. Emazte ala gizon bat ez daiteke bakarrik bizi. Ez da bere baitarik ez eta bakarrik kontzebitua eta ezin du harremanik gabe bizi. Laguna eta laguntza bere izaitearen errealitatea da. Hori da gizatasunaren berezitasuna.

Laguntzako harremanak bi pertsonen arteko zubia sortzen den komunikazio mota bat da, elkartasun afektibo sentimendu bat sortzen duena. Laguntza ekarleak harreman mota bat eskaini behar du, ustekeria eta antsietate guziak kenduta. Horrek pertsona lagundua libre sentitzea ahalbidetuko du. Ez du batak gaina hartuko bertzeari.

Harremanak biziari egiten du bide eta hori heriotzeraino. Kontua da beraz, nola lagundu hiltzera doan pertsona? Nola atxiki elkarren artean eraikia izan den zubia? Sortu duen hurbiltasunak konfiantza sorrarazi du. Bi hitz hauek dira laguntzaren bi buruko gakoa: hurbiltasuna eta konfiantza. Heriotza ez da bizitzatik kanpo den zerbait, bainan biziaren bukaera. Beraz harremanak bururaino irauten du, bizitzaren azken muturreraino irauten du eta ez da lehenago gelditzen. Norbait hiltzen laguntzea, bizitzaren azken punturaino bizitzen laguntzea da, haren hurbilean izaitea, harekin konfiantzazko harremanean izaitea.

Familietan, hainbeste pertsona laguntzea, fideltasunean eta isiltasunean, baita profesionalen zainketa eztigarriak, errealitate estimagarriak dira. Zabaldu, hedatu eta lagundu beharreko errealitateak.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3686. zbk

Gure Hitza | 2023/04/20

Hizkuntzarik gabe Euskal Herririk ez!

Menane Oxandabaratz

Sortu girenetik, edozein izan bakoitzaren hizkuntza, musika soinu bat entzuten den bezala, gure beharrietan sartu da. Entzun dugun lehen soinu hori, gutarik batzuentzat euskara izan da. Hizkuntzaren erabilera sustraitua da pertsona bakoitzaren sortzean, kulturan eta izaeran. Komunikatzeko tresna baldin bada, beste hainbat funtzio betetzen ditu. Mintzatzen den lengoaiak komunitate batean identifikatzen gaitu, populazio multzo bat bateratzen du, kultura berekoak gira.

Larunbat huntan aldi bat gehiago Baionako karriketan ibiliko gira. Euskara sailean lan egiten duten elkarteek elkarretaratze deia zabaldua dute. Aldarrikatuko dena, gure mintzaira ezagutua eta garatua izan dadin, behar diren neurriak ezarriak izan daitezen. Diru-laguntzak beharrezkoak dira, sail horretan lan egiten dutenek baliabideak ukan ditzaten.

Azken inkesta soziolinguistikoak erakustera emaiten duen bezala, gure hizkuntza salbatua izan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016