Herriz Herri - Baiona (L) | 2023ko Apirilaren 20a
Hitzaldia- Cafecioren estreinaldia - Aldak Habas auzoan - Emazteen etxea - Baionan Kantuz
Hitzaldia
Apirilaren 25ean, Züzülün, Cordeliers karrikan kokatua den egoitzan, hitzaldi-eztabaida proposatua da: "Hobeki aloitzea eta gutiago eraikitzea, posible da!" (19:00). Apirilaren 1eko etxebizitzaren aldeko manifestalditik landa, Bizik, Aldak eta Etxebizitzaren arloko COL egiturak, Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren erronkak aztertuko dituzte.
Cafecioren estreinaldia
Astekari huntan berean Euskaldunen karrikan berrikitan ideki den ostatu-elkartearen berri eman ginuen. Gune atsegina izan nahi du bakardadean, osagarri arazoak eta edozein pertsona elkartrukatzeko. Apirilaren 28an estreinaldi ofiziala eginen da (18:00), nahi duena hurbil daiteke.
Aldak Habas auzoan egoitza
Berrikitan Alda Habas kolektiboak bere egoitza berria estreinatu du. Gune horren funtzioa da auzo horretan bizi direnek partekatzeko gune bat ukan dezaten, behar den laguntza emanez. Asteazken guziz (16:00-19:00) permanentziak atxikiak dira. "Alda Habas"-ek Habitat Sud Atlantique egiturari dosierra pausatu zuen, 36 etxetan hezetasun arazoak izanez. Dosierra bidali eta, HSArekin bilkura egin da, aditu independente batek 36 etxebizitza horiek bisitatuko ditu eta horietako bakoitzaren diagnostikoa eta gomendioak emanen. Harremanetan sartzeko: habas-la-plaine@alda.eus bidez egin daiteke.
Baionan Kantuz urteurrena
Apirilaren 22an Baionan Kantuz-ek 26 urte sortua dela ospatuko du. Baionako ikastoletako buraso eta lagunek, euskarari eta euskal kulturari beren sustengua umore onez ekarri nahian abiatu zen. Urtebetetzea ez du bakarrik ospatuko, Iruñatik, Donostiatik, Bigorre aldetik eta Ipar Euskal Herritik etorriko diren taldeez gain, Madjig eskoziar taldea hor izanen da, bere doinuen jotzeko bai eta ere Tuntuna kantu batzuetan lauzkatzeko. Egun osoko programa aurreikusia da.
Baionan Kantuz Pilori Plazan (11:00), euria balitz aterbea Guichot 42, Espainiako karrikan litzateke. Ondotik, Baionako ikastolek prestatu zikiroa Lauga gelan (13:30), 25€tan, izena eman behar da bilsalmentak@gmail.com helbidean. Arratsaldeak segituko du, nola ez kantuz eta dantzatuz.
Emazteen etxea
Apirilaren 27an (18:30), Gaztetxean "Emazteen etxea eraiki dezagun hemen" mintzaldia iraganen da. Parte hartuko dute Juana Aranguren Donostiako "Emazteen Etxeko" ordezkaria eta Montreuil-eko gune berdina muntatua duten ordezkariek. Ondotik jateko eta edateko izanen da.





