Euskal diaspora | 2023ko Apirilaren 20a
Bakersfieldeko tixertak, euskal-venezuelar bilkura eta Mercomus
Joseba Etxarri
BAKERSFIELD, KALIFORNIA. Hurbil da maiatza, eta urte guziz bezala, maiatzeko azken asteburuan Bakersfieldeko euskaldunek heien euskal piknika eginen dute, eta prestatzen ari dira, kultur programa bat ere barne, Unibertsitatearekin batera, baina hori antolatzaileek xehetasunak plazaratu bezain fite ekarriko dugu txoko huntara. Gaur beste afera batekin gatoz: Kern County Basque Club-ak bere tixert berriak atera baititu. Bakersfield bereko Pierre Igoa diseinatzaile, apirilaren 24a aitzin behar dira manatu eta ordaindu. Lau koloretan atzemaiten ahal dira: beltza, itsas bluia, gorria eta berdea. Hemen erosten ahal dituzu: kern-county-basque-club.square.site. Prezioa, 20 dolar eta emenda beste bi dolar neurria 2XL edo 3XL bada. Zalantzarik baduzu idazten ahal diozu Maria Bernal Torettari mtoretta5@gmail.com helbidera.
EUSKAL VENEZUELARRAK. Euskal Herrian bizi diren euskal-venezuelarrak heldu den larunbatean bilduko dira heien urteroko elgarretaratzean Bizkaiko Galdakaon, Amaia Zenarutzabeitia buru duen Simon Bolivar elkarteak deiturik. Bildu ohi direnak, Venezuelako euskal etxe eta komunitateetan sortu eta hazi, eta denborarekin Euskal Herrira itzultzen joan diren pertsona eta familiak dira. Bazkaria Venezuelako maneran eginen da, menu venezuelarrarekin, familia giroan. Prezioa, 30 euro. Aitzinetik (13:00), nahi dutenek, herriko Santa Maria Elizan meza entzun ahal ukanen dute, azken urtean komunitatean zendu direnak gogoan. Parte hartu nahi baduzu, deitu edo igorri whatsappa Amaiari (+34) 653 015 813 zenbakira; edo emailez idatzi pamayaz@gmail.com helbidera.
MONTEVIDEO, URUGUAI. Iragan asteburuan egin dute Montevideon Mercomus mus txapelketa 2023, Argentina, Txile, Peru, Venezuela, Mexiko eta Uruguai bereko partaideekin. Txapeldunak Argentinako Fernando Teran eta Santiago Viladrich izan dira (Cañuelasko Denak Bat EEkoak), bigarren Uruguaiko Juan Andres Mas eta Jorge Parodi (Carmeloko Ibai Ondoko EEkoak); eta hirugarren Argentinako Iñaki Aramayo eta Jose Luis Machi (La Platako EEkoak). Antolatzaile, Montevideoko Euskaro Euskal Etxea. Zorionak partaide eta antolatzaileeri!





