Herriz Herri - Ziburu (L) | 2023ko Apirilaren 20a
Hamar urte! - Berri ona - "Stabat mater"
Hamar urte!
Kaskarotenea ikastolak bere hamar urteak ospatzen ditu heldu den astean. Apirilaren 29an, larunbatarekin. Besta hasiko da goizean (11:00), Kurutze-Gorri plazan, Pontz pailasoak eskainiko duen ikusgarriarekin. Ondotik zintzur bustitzea eta bazkaria, hau Michel Niquet, Mattin jatetxe famatuko sukaldari nagusiak prestatua. Arratsean kantu eta musika, asko motetarik, bazter guziak umore onean.
Ikastola hori sortu zenean, traba asko ere kausitu zuen eta hiru haur baizik ez zituen! Geroztik giroa azkarki kanbiatu da eta onera segur, horrek ere anitz balio baitu. Gaur egun haurrak badira 67. Duela ez hain aspaldi nork erranen zuen eskola hori hola handituko zela, gero eta toki gehiago hartuz, herritarren atsegingarri? Beste zailtasun zonbait gainditu ondoan, gostaia gosta, duela zonbait urte, ikastola Mariñelan zelarik. Gauzak oraino hobeki joan dira Eneko Aldana-Douat auzapez jartzearekin. Ildo beretik aitzinamendu handia egundainokotan ikastola Kurutze-Gorriko eskolan plantatzearekin!
Berri ona
Bai, berri ona hau ere, Ravel kaian kokatzen den Garra jatetxea berriz idekitzen da, kasik zazpi hilabete zerratua egonik. Jazko irailean zerratu behar ukan zuen, segurtasun eskasarengatik, oharturik arraildurak bazirela murruetan, handituz zoatzin arraildurak. Obra asko eginik, horra beraz jatetxe ezagutu hori berriz idekia.
"Stabat mater"
Herriko Etxeak gomitaturik, Euskal-Herriko orkestra nagusiak gaitzeko musikaldia emanen du, Jondoni Bixintxo elizan, apirilaren 28an, ortziralearekin (18:30). Eskainiko du "Stabat mater" obra famatua, Haydn musikagile handiak asmatu zuena 1767an. Beti arrakasta ederra ukaiten duena. Gainerat, fededunentzat biziki hunkigarria.





