Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2023ko Apirilaren 20a
Musean xapeldun - Apez beltzaren kanthorea - Etxolen ezagutza
Musean xapeldun
Beti esperantza ginuen gure herritik noizbait museko xapeldunak aterako zirela. Hara ametsa errealitate bilakatu dela! Pazko astelehenez, Bidarten, Frantziako Mus Federazioak antolatutako xapelgoaren finalean, Battitt Bidonde eta Peio Urrizaga xapeldun atera dira, Arberatzeko Patxi Eyherabide eta Quentin Bailly pareari nagusiturik. Goresmenak! Txilen iraganen den munduko mus xapelgora joanen dira heldu den larrazkenean. Bigarren parea ere baginuen Bidarten, Jean-Baptiste Haran eta Xan Iturbide, eta hauek 32. postuan bururatu dute.
Apez beltzaren kanthorea
Joan den astean aipatua, oroitarazten dut ortzegun arrats huntan (20:00), emanen dela "Apez beltzaren kanthorea" publikoaren aitzinean, pilota plazan, herritar kantari zenbaitek emanik eta EiTBk filmaturik. Etor gustura nonbre handian kantari horien sustengatzera eta txalotzera, ondotik hurrupaldia eskainiko da.
Etxolen ezagutza
Zaz Rosnet, "Les cailloux sauvages" konpainiako aktoreak Bidarraiko eskolan eginen du aste beteko egonaldia, apirilaren 24tik 28ra. Helburua: haurreri erakutsi mota desberdinetako etxolak, bide beretik aktore horrek landuko duela "Peaux de cabanes" ikusgarria, ondoko hilabetetan emango duena. Haurrez aparte, herritarrak ere gonbidatuak dira aste hortan proposatuak diren ekintza desberdinetan parte hartzera: apirilaren 25ean, asteartez (17:30-19:00), Arrume gelan, xede hortaz informazio bilkura eta elkar ezagutza, ondotik aperitifa; apirilaren 26an, asteazkenez (15:00-17:00) tailer praktikoa; apirilaren 28an, ostiralez (15:30-16:30), eskolatik abiatuz eta haurreri juntaturik, herrian gaindiko ibilaldia, etxolen gaiari lotua.











