Egun eta bihar | 2023ko Apirilaren 20a
Biziki presatua!
J-B D
Pariseko legezain nagusiek jakinarazi dute beraz zer dioten gobernuak erretreta-solas onartarazi lege berriaz. Zatiño zonbait baztertu bainan ez haatik aipagarriena, erretretaren hartzeko adina bi urtez gibelatzen duena. Berria jakin orduko ministro bat, Olivier Dussopt, arizan da dena espantu, gisa hortan Emmanuel Macron lehendakariak eskubide guziak bazituela legearen martxan ezartzeko. Bi aste bere esku hortarako. Bainan ez du bi asterik igurikatu, ez bi egunik ere, zonbait orenen buruan gauaz gau egin du urrats hori, Sophie Binet CGT sindikatuaren burulehenak ahalgingarria kausitu duena! Aldiz, Elisabeth Borne gobernuburua doi bat arizan da giroaren goxatzera, erranez legezainen erabaki horrekin ez zela nehor irabazle eta ez ere nehor galtzaile. Zazi zu haatik nola hartu behar diren holako solasak!
Dena den, presatua zen Macron, biziki presatua, ote pikatzera lasterka joan behar balu bezala! Zergatik holako presa gaixtoa, bere larderia handi-handia erakutsi nahiz beharbada? Zernahi gisaz arrangurak ez dira eztitu eta anitzek zernahi gisetara erran dute zez direla batere ados. Ondoko egunetan ere izanen dira manifestaldiak eta handiena orobat maiatzaren lehenean, hala emana dute erakustera.





