Gure Hitza | 2023ko Apirilaren 20a
Hizkuntzarik gabe Euskal Herririk ez!
Menane Oxandabaratz
Sortu girenetik, edozein izan bakoitzaren hizkuntza, musika soinu bat entzuten den bezala, gure beharrietan sartu da. Entzun dugun lehen soinu hori, gutarik batzuentzat euskara izan da. Hizkuntzaren erabilera sustraitua da pertsona bakoitzaren sortzean, kulturan eta izaeran. Komunikatzeko tresna baldin bada, beste hainbat funtzio betetzen ditu. Mintzatzen den lengoaiak komunitate batean identifikatzen gaitu, populazio multzo bat bateratzen du, kultura berekoak gira.
Larunbat huntan aldi bat gehiago Baionako karriketan ibiliko gira. Euskara sailean lan egiten duten elkarteek elkarretaratze deia zabaldua dute. Aldarrikatuko dena, gure mintzaira ezagutua eta garatua izan dadin, behar diren neurriak ezarriak izan daitezen. Diru-laguntzak beharrezkoak dira, sail horretan lan egiten dutenek baliabideak ukan ditzaten.
Azken inkesta soziolinguistikoak erakustera emaiten duen bezala, gure hizkuntza salbatua izan dadin denen beharra du. Euskaradunen kopuru erlatiboa apaltzen bada, kopuru absolutuarena egonkor gelditzen da. Emaitza horien ondorioetatik bat, urtero jende kopuru berria (3.000ko bat) Ipar Euskal Herrira bizitzera etortzen dela. Populazio berri horri erakutsi behar diogu lurralde huntan kultura, hizkuntza eta ohidura bereziak direla, ez direla edozein lurraldetan bizi baina bai Euskal Herrian. Hori ahalbidetzeko, elkarte, Herriko Etxe ala Euskal Elkargo denek batera eraman beharko duten gogoeta, ez bakarrik kanpainak edo(ta) gertakariak antolatuz, baina sakonki euskararen geroaz neurri politikoak eta linguistikoak plantan jarriz.
Elkarte munduak, euskararen onerako, hamarkadetan gertakari anitz pentsatu eta antolatu ditu. Eskoletan, aisialdi zentroetan eta beste egitura anitzetan euskara ikasteko eta praktikatzeko lan handia eramana da. Euskara gure eguneroko praktikan mintzatua izan dadin, ez da bakarrik igurikatu behar besteek hitz egin dezaten, baina gu bakoitzaren ardura da. Gertakari publikoetan hitzartzeak euskaraz egiteko orde frantsesez entzuten direnean, arazo bat dagoela frogatzen du!
Frantses estatuak ez du onartzen, bere lurraldean euskara, bretoiera, korsikera... eta beste hainbat hizkuntza ofizialki ezagutuak izan daitezen. Frantses estatuaren tematzea aldi bat gehiago frogatua izan berri da. Korsikan korsikera gune instituzionaletan erabiltzearen alde hautetsien gehiengo handi batek alde bozkatu zuen. Prefetaren manuz pausatu errekurtsoa Bastiako auzitegiak baimendu du, frantses legeak ez duelako korsikera onartzen! Hauxe da ba istorioa! Aski da legea aldatzea, erretreten erreformarentzat egin den bezala! Horretarako nahikaria politikoa izan behar da.
Larunbat huntan euskaltzale guziak karrikan izanen gira, euskarak behar dituen ahalbideak aldarrikatzeko. Gu bakoitzak euskaraz mintzatzeko ardura hartuz, lortuko dugu, hizkuntzarik gabe ez baita Euskal Herririk!




