Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2024ko Irailaren 26a
Sortze - Ezteiak - Brik a brak - Goxoki etxean - Tabakoa merke Izpegin
Sortze
Buruilaren 14an (ibiakoitzez) Oihan ttipia sortu zauku herrian. Eraunaldeko Gixonttoinean bizi diren Julien Bedu eta Clotilde Charon-en haurra da. Goresmenak buraso gazteeri.
Ezteiak
Egun berean, gure herrian ezkondu dira Antoine Machet eta Anne Laure Soufflet. Bikote hau Bordelekoa da bainan senarraren aitamak Irubeko auzoan bizi dira. Ama bereziki, osagarri etxeko ortofonista bezala ezaguna da.
Brik a brak
Buruilaren 28 eta 29an (ibiakoitz igandez) iraganen da Plaza Xokon, ahalmen urriko haurretaz arduratzen den Seaskako Integrazio Batzordearen alde. Usaian bezala, han aurkituko dituzue jostetak, jantziak haur eta helduentzat, edozoin motako apaingarriak eta gisa guzietako afera onak (9:00-18:00).
Goxoki etxean
“Goxoki etxean” egiturak helduen 3. forua antolatzen du aste urdinaren karietara urriaren 4an (ibiakoitza) Plaza Xokon (9:00-16:00). Eskualdeko zerbitzu eta antolaketak erakutsiko dira. Konferentzia ere eginen da (14:30) manu edo direktiba aitzinatuetaz eta arta eztigarrietaz.
Entzumenaren ikerketak proposatuko dira egun guzian bainan hortako, hitzordua aitzinetik hartu behar da: 05-59-49-13-23. Izanen dira ere masaia edo torraldiak etxeetan lan egiten duten profesionalentzat: 06-30-10-24-99.
Horien ondoan, sozial eta mediku-sozial saileko ofizioen foru bat muntatuko dute hirugarrenean diren Garazi eta Baigorriko ikasleentzat.
Tabakoa merke Izpegin
Argazkian ikusten dituzuen zigarreta paketa hondarrak Baigorritik Izpegiko leporako bide bazterretan atzeman ditut, errespeturik gabeko ezazol batzuek heien auto leihotik botaiak. Eta oraino, segur naiz anitz huts egin dituztala. Bainan nolaz izaiten ahal da gure naturaren edertasunari hain gutti atxikia! Axolarik gabeko zikintzaile ergelak! Bizpahiru bertsu kutsatzaile ahalgengarrieri:
Gutartean hainbeste kutsatzaile zoro,
Zikintzen dizkigute pentze eta soro,
Izpegiko bidean daude markak oro,
Philip Morris, Stuyvesant, Luky Strike, Marlboro.
Horiek aurkitu gabe ezin da harat hel,
Botatzaileek dute burumuina tamel,
Argiki erakutsiz zonbat diren ergel,
Naturari nahiago Winston edo Camel.
Lagun, holako baten lekuko bazera
Zoazi mentsak utzi paketa biltzera
Eta gero gustuan joan botatzera
Bere etxeko korle edo baratzera.