Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Abenduaren 05a
Eguberriko merkatua larunbatean - Comedy Club ikusgarria - "Txano Gorritxoa" dantzatua abenduaren 11n - "Ihesi" antzerkia - Telethon aipagai
Eguberriko merkatua larunbatean
Gaitzeko egitaraua dugu Xan Ithourria plazan, abenduaren 7an (9:00-17:30), animazio askok osatuko dute ohiko Eguberriko merkatua. Egun osoan, haurrendako joko anitz baita marrazki margotzeak izanen dira, (11:00-12:00) topaketa Bizar Zuri eta Olentzerorekin, (14:00) euskal dantzak Zirikolatzen eskutik, (14:00-17:30) Biradera "Barbarie" organoaren musika, (15:00-17:00) makillatze tailerra eta bururatzeko aztalak erne atxikitzekotan mutxikoak. Berrogei bat erakusmahainek eskainiko dute mila gauza erosteko aukera, urte hondarreko bestetako oparientzat. Lekuan bertan janari eta edari nasaiki, hauetan bertzeak bertze txokolate eta arno berotua, baita matahamiak, ez huts egin.
Comedy Club ikusgarria
Diotenaz, lehertzeko irriak egin behar genituzke, Larreko kultur gunean larunbat huntan (19:15-21:15) Eguberriko merkatuaren segidan. Lau umoristek taula gainean lekua hartuko dute, hauetan Emy, Thimothé Poissonet, Majid eta PV. Irrifarrez gozatzeko parada, 2 orenez, erreseba 10€ www.en-pays-basque.fr baita lekuan bertan.
"Txano Gorritxoa" dantzatua abenduaren 11n
Asteazken arratsaldea baliatuz (14:30), Grimm anaien ipuin ezagun hori bertsio berezi batean aurkeztua da koreografoaren eskutik. Liluragarria, irreala eta politikoa aldi berean, beldurra, jolasa eta plazera sortzen ditu, adin guzietakoei zabaldua. Erreserba: www.kultura-paysbasque.fr gunean. Euskal Elkargoaren ekimenez, Larreko salan.
"Ihesi" antzerkia
Joan den ostiralean jendalde politak parte hartu du "Ihesi" antzerki piezaren emanaldian, irri ederrak egin ondoan denak pozez beterik atera dira. Ongitxalotzekoak ziren Iduzki Lore taldeko Bernadette Iratzoki Luro, Maider Beheran jokalariak baita Ainhoa Elizondo musikaria, sekulako emanaldia erakutsi dutelakoan. Maddi Zubeldiak itzulia zuen Pierre Palmadek sorturiko antzerkia, konpreni errexa den euskara batean, publikoaren atseginetan.
Telethon aipagai
Joan den asteburua, Telethoneko ekitaldien itzulia zen, denbora ederra lagun arrakasta ukan dute. Ostiral arratsaldean, hamarnaka haur beren burasoekin betea zuten Xan Ithourria plaza, besta giroan. Bi suhiltzaile kamionak, itzul eta bira arizan dira haurren garraiatzen, sirenak ozenki erabiliz. Haur batzu ur-tutu erabiltzen bertzeak aldiz suhiltzaile jantziekin lasterka. Ber denboran, argazki erakustaldiko estreinaldia eskainia zuen "Arranoen Begia" elkarteak. Larunbataz aintziran kokatu dira ekitaldiak, Spuc kirolak antolaturik, hemen ere parte hartze polita, lasterka, oinez, bizikletaz edo kayaketan. Erran gabe doa ekintza guzi horiek diru laguntza sortu dutela, Teletoiaren mesedetan, eskerrak antolatzaile guziei.











