Ba ote dakixu? | 2024ko Abenduaren 05a
Pariseko Notre-Dame katedrala (2/3)
Gilen Bacho
XIII. mendearen erdian, Pariseko Notre-Dame baliagarria zen baina obrak segitu ziren oraino mende batez. Renaud de Corbeil apezpikuak (1250-1268) oraino estilo erromanikoan (garratzegia jujatua zena) ziren parteak estilo gotikoan (aberaskiago apaindua zena) berriz eraikitzea manatu zion Jehan de Chelles obralariari.
Katedral gotikoaren bukatze lanak
Jehan de Chellesek gurutzadura berriz eraiki zuen eta luzatu. Gurutzaduraren iparraldeko aitzinaldea eginarazi zuen eta ere bere arrosa leihoa. Hil zelarik, 1265ean, Pierre de Montreuilek zuen haren lana segitu. Gurutzaduraren hegoaldeko aitzinaldeari buruzko obrak hasi zituen. Kapelak eta ate gorria bukatu zituen ere. Hori dena bi urtez bakarrik, 1267an zendu baitzen. Pierre de Chellesek zuen segida hartu. Jubea eraiki zuen eta, 1296an, oheburuko kapelak hasi zituen. Bere ondokoak, Jean Ravy arkitektoak (obralaria zena 1318tik 1344ra) zituen bukatu. Koruko ostiko arkuen (15 metrora igaiten zirenak) eraikitzea hasi zuen eta bai ere koruko hesiarena. 1344an, Jean Le Bouteiller bere ilobak hartu zuen segida eta hasitako obrak bukatu zituen, bera hil arte 1363an. Bere axuantak, Raymond du Templek, zituen obrak finitu, partikulazki koruaren hesia. Katedrala osoki bukatu zen eta hiru mendez ez zen obra berririk izan. XV. eta XVI. mendeetan, berpizkunde garaiko artistek Notre-Dame katedrala bazterrera utzi zuten, gotikoa "adin iluneko" arte bat bezala jujatzen baitzuten. Orduan, zutabeak gorde zituzten, murruak eta arkuak ere, gaitzeko tapizeria eta apaindurazko oihalekin, eta estatua barroko anitz instalatuak izan ziren nabeetan.
Katedrala argitu!
1625ean, Augustin Guillain arkitektoak Notre-Dame eliza aitzineko iturria eraiki zuen, etxeko ura Cité islako biztanle guzieri ekartzeko. 1699an, Luis XIV. nahiaren arabera, katedralaren barneko apainduretan kanbiatze handiak izan ziren, partikulazki koruan. Robert de Cotte arkitektoak jubea suntsitu zuen (ordez, burdin landuzko hesi bat, urreztatua, ezarria izan zen), bai eta ere goi-erliebe eta hilarri zenbait korua irekitzeko, epoka horretako gustuan ezartzeko. Aldare nagusi berri bat eraikia izan zen ere. Apaintzeko, estatua berri zenbait eginak izan ziren (egun oraino katedralean direnak), zeinetan Luis XIII.a eta Luis XIV.a irudikatuak diren Ama birjinaren (Pieta) aitzinean, belaunikaturik. Korua apaintzeko, katedraleko kalonjeek sei margolan manatu zituzten, zeinetan Ama birjinaren bizia kontatua zen (eskaera horri ihardetsiz zuen Charles de La Fossek "Magoen adorazioa" margotu 1715ean, egun Louvre museoan dena). 1726an, de Noailles kardinalak, Pariseko artzapezpikua zena, katedraleko arkitekturaren "profil guziak" kanbiatu zituen. Obrak manatu zituen ostiko arkuak, galeriak eta terrazak azkartzeko, gurutzadurako kalostra handia berriz eraikitzeko, zureria eta teilatua arraberritzeko, Erdi Aroko garguila anitz kentzeko eta plomuzko hodiekin ordezkatzeko euriko uraren aterabidearentzat. Erdi Aroko jubea suntsitua izan zen ere eta kardinalak bere familiarentzat marmol zurizko kapela bat eraiki zuen. 1756an, katedraleko kalonjeek, edifizioa sobera iluna zela jujatzen baitzuten, Le Vieil anaieri Erdi Aroko berinateak suntsitzea eskatu zieten berina zuriarekin ordaintzeko. Murruak berriz tindatuak izan ziren ere, baina arrosak begiratuak izan ziren (beharrik!). Jacques-Germain Soufflot-ek, Sainte-Geneviève elizaren (egun Panteoia) arkitektoa zena, zentroko portalearen tinpanoko zati bat suntsitu zuen, prozesioetako pabiloieri leku gehiago uzteko pasatzeko, eta portale berri bat eta sakristia eraiki zituen koruaren hego aldean. Azken kanbiamenak, dena aldatuko zuen gertakari bat aitzin, 1789ko iraultza.











