Orotarik | 2024ko Abenduaren 05a
Kukumarro
Xarles Videgain
Aroa, denbora eta aizina
Euskaraz ez da gauza bera denbora, aroa edo egunaldia, eta astia edo aizina.
Denbora: kronometro batekin atletismoan ari den lasterkari batek zonbat "denbora" ematen duen neurtzen ahal da. Adina ere adierazten du: zer denbora du urde honek edo haritz honek? Edota gure bizitzaren denbora, gazte denbora nola zahar denbora, hainbestetaraino non euskal teologoek zioten denboraren kontrako hitza eternitatea zela, honek ez baitu izartzerik. Denbora hitzak latinezko Tempora du iturburu.
Aroa, ontsalaz, denbora ona edo gaiztoa adierazteko baliatzen da. Bidearo da bidean abiatzeko memento ona. Itxasaro, itxasora joateko. Azaroa hazia ereiteko hilabete ona. Zuberoan entzuten da bedaua, hots bedarra egiteko aroa, edo augaitza, aro gaitza, ekaitza. Zer aro da? galdegiten ahal da eta frankotan aro erraiten delarik, aro "ona" dela iduri luke. Gainera ez da bakarrik egun baten denbora, luzeago da eta batzuetan lau aroak deitzen dira urteko lau sasoiak. Aro hitzak badu partida ezen haren ordez egunaldia eta eguraldia entzuten baita bere zentzu meteorologikoan komunikabide askok erabiltzen baitute. Egia erran Etxeparek jadanik zioen 1545ean: (ardiak) lekhu honerat eremaiten eguraldi gaitzian.
Azkenik, lanak, eritasunak ez bagaitu hertsatzen, eta nahi badugu solasean ari izan, hots libertitu, denbora erran gabe, astia edo aizina diogu. Nahi duzuia zinemara joan enekin? Barka, ez dut aizinarik, ez dut astirik. Astia, beraz ez da lasterka ibiltzea eta bizkaieraz bereziki astiro erraiten da, emeki edo erreposki bezala. Polliki edo bortizki aizina hitzetik aizinant ezagutzen da. Bihar arraintzara enekin joateko prest? Ez, ez naiz aizinant zu bezala. Hots, bietarik bat langilea da eta bestea ez. Aldiz gozo zen lehen etxe batean sartu gabe bortan erraiten zutena. Borta joz hela! oihua egiten zen eta barnetik erantzuten: "Aintzina!". Orduan kanpoan zenak zioen: Balin bada aizina. Aroa zeinahi izanik ere, denbora eta aizina politeziak ez ditu etsai.












