Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Irailaren 26a
Familien meza - Aste urdina - Mugarik gabe festibala - San Mixel auzo batzordea
Familien meza
Urtero bezala parropiarentzat izanen da heldu den igande huntan sartzeko meza haur eta familientzat Bixintxo elizan (10:30). Haur bakotxak ekarriko du bere gauzatxoa (eskolako, kiroleko edo beste) elizara sartzearen sinbolo bezala. Parropia osoa handizki gonbidatua da parte hartzera.
Aste urdina
CCAS herriko ekintza sozialen zentroak antolatzen du aurten ere aste urdina irailaren 30etik urriaren 4a artean iraganen dena. Ekitaldi hau antolatua da herriko elkarteen, San Josepe lizeoaren, Kanboko eta Uztaritzeko erretira etxeekin partaidetzan. Egitaraua hauxe izanen du: astelehen 30ean (10:00-11:00) ''adinekoen gimnasia'' tailerra Bilgune gelan; (14:00-15:30) ''Oreka nola zaindu'' tailerra Apalaga gelan, teknika eta aholkuak emanak izanen direla segurtasun handienean. Astearte 1ean (10:30-12:00) ''Memoria nola mantendu'' tailerra Apalaga gelan, hemen ere teknika eta aholkuekin; (15:00-16:00) kantaldia Andaula erretira etxean Uztaritzen kantuz taldearekin eta dantza jauziak Ur Begirekin. Asteazken 2an (9:00-10:00) oihanean ibilaldia norabide mahainetik abiaturik Osasuna elkartearekin; (14:00-15:30) Loto handi bat Eliza Hegi erretira etxean. Ortzegun 3an (9:30-10:30) ''numerikoan laguntza'' tailerra San Josepe lizeoan; (9:30-11:30) nahi duenarentzat Kanbon Elorrimendin norabide ibilaldia, osagarri profesional aditu batekin; (14:30-16:00) gizarte belaunaldien artean jokoak, San Josepe lizeoan. Ortzirale 4an (14:30-15:15) mutxikoen dantzaldia Ur Begirekin Eliza Hegin. Antolatzaileek jakinarazten dute ekitaldi guziak urririk direla, bainan gomendatzen dute ekitaldi guzientzat izenak aitzinetik emaitea. Ibiltzeko zailtasunak dituztenentzat herriko auto bat zerbitzuan izanen da. Aste urdinaren denbora osoan Herriko Etxe atarian argazki erakusketak izanen dira San Frantses kolegioak, San Josepe lizeoak eta Andaulak emanik. Argitasun gehiagorentzat deitu beharrez telefono huntara: 05-59-93-38-91 edo emailez: ccas@ustaritz.fr.
Mugarik gabe festibala
Egun hauetan Mugarik gabe festibala iragaiten ari baita Baiona, Larzabale eta Donapaleun, azken eguna izanen da Uztaritzen urriaren 5ean. Egitaraua hauxe da: Gaztelondoan (9:30-11:00) ''Migrazioaz diren aurreiritziak desegin'' mintzaldia Tania Racho-rekin; (11:00-12:30) ''Bakarrik etorritako adingabeko emigranteak: arriskuan diren gazteak'' mintzaldia Iker Barbero eta Francisco Sanchez Rodriguez-ekin. Sartzea libre. Ondotik aperitifa eta elkartasunezko apairua. Arratsaldean bi mahai inguru Gaztelondoan beti; lehena (14:30-16:00) ''Barneko mugetan jardun'' eta bigarrena (16:00-17:30) ''Harrera egin eta salatu edo nola antolatu sustengu herritarra eta ekintza publikoa Euskal Herrian''. Lagunen Etxean (17:00) Afrika dantza tailerra 10 eurotan (tokia ukaiteko deitu: 06-70-30-59-47); Mailiarena egoitzan (18:00) ''Kontrolak, atxiloketak egindako oztopoen parean gure eskubideak'' tailerra. Hitzopen Gaztetxean 19:00etarik goiti taloak eta animazioak Team Aya Fö perkusioak, Afrika dantza tailerraren emaitzak eta Bertrand; (21:00) kontzertuak 10 eurotan Kika taldea, Zeze eta Afrika Ikele taldeekin. Egun osoan argazki erakusketak Herriko Etxeko atarian.
San Mixel auzo batzordea
Irailaren 13an iragan da Landagoienen batzorde hunen biltzarra, Maitena Etchebarne hautetsi erreferente eta Benoit Duvivier lehendakariaren inguruan 17 parte hartzailerekin. San Mixel eta Dorreko bideetan txirrindularien lehentasuna seinalatua bada ere, oinezkoentzat gauza bera galdegina zen bainan dirudienez ez da hainbat nabari. Landalarre bide ondoan eraiki beharrak diren 30 bizitegien proiektuak arazoak ekarriko ditu laster ibiltari guzientzat, auto, oinezko edo beste. Batzordea promotorearekin harremanetan da, proiektuan aparkaleku gehiagoren erdiesteko eta eraikuntza denboran jendeak ibil diten segurtasun osoan ibiliko diren kamioiengatik. Beste mintzagaietan ere ziren: su gorrien parean autobusa hartzeko aterbe baten beharra, Putuenea bidearen berrantolaketa, Landagoienen teniza zelaiarekin batean saski baloi zelai baten proposamena, hilerrietako murru, petanka zelai eta Eliza Hegiko eskailer burdinazkoaren garbiketak eta heldu den urtean batzordeak egin nahi duen apairuarentzat bolondreseri deia antolaketarako. Azkenean beti bezala salatzen da D88 bidean Mokopetakoborda eta Bidekurutxetako suen artean autoek daramaten abiadura handiegia. Batzordeak nahi luke jandarmak gehiago inplika diten abiaduraren mugatzeko. Hurrengo bilkura ez da oraindik finkatu.