Gogoa hazi | 2024ko Abenduaren 05a
Eskerrak eman
Maite Iratzoki
Gertakari hau eskola giristinoetako ikastetxe batean gertatu da. Pastoraleko animatzaileak laguntzaile eta erakasle guzieri proposamen hau egin die. Nahi zuten guziek, urtean zehar gertatutako ekintza zoriontsu bati pentsatzen zuten, eta esker onezko hitz bat idazten zioten gertaera horren egileari edo sortzaileari. Hola mezu anitz trukatu dira.
Gertaera hortaz mintzatu den pertsonak erran daut zenbat hunkitua izan den. Lehenik pixka bat harritua, gero interesatua eta urtea nola iragan den pentsatzen hasi da. Zailtasunak eta buruhausteak berehala etorri zaizkio bainan gaia ez zen hori. Ikastetxe hortan, urtean zehar, zoriontsu eta zorionbide bizi izan duena gogoetatzen hasi da. Hari hori segituz, artisauak izan diren pertsonengana laster etorri da. Orduan esker onezko hitz bat idatzi du bakotxari eta bihotza alegeratu eta arindu zaio.
Esperientzia hunen iturria Thanksgiving eguna izan da. Ipar Amerikatik heldu dena kritikatu edo trufatzen dugu batzuetan, aldiz usaia hori ongi egilea da. Zer dute beraz thanksgiving eguna? Historiak 1620. urtean sortzen du ohidura hori. Urte hortako irailean, ingeles disidente talde bat Ingalaterratik joaiten da leku berri baten bila, nun bere fedea libreki praktikatu lezakeen edo "mundu berrian" fortuna egin. Plymouth Rock izendatzen duten badia batean Mayflower deitu beren itsasontzitik lehorreratzen dira. Azaroa da. Zailtasun handiak ukanen dituzte: eritasun, negu azkar eta bortitza, gosea; 102 ziren Ingalaterratik joaitean, 30 gelditzen dira.
Bizirik atera direnak Wampanoags tribuko indiarreri esker dira salbatuak. Udaberrian, indiarrek janaria eskaintzen diete, eta arrantzan, ihizian, astigarren izerdia ateratzen, artoa landatzen eta biltzen erakasten diete; garai hartan Europan artoa ezezaguna zen. Landare batzuen bertuteak baita saihestu behar direnak erakusten dizkiete.
Hurrengo urtean, beren lehen uztak ospatzeko, uztaren garaian Ingalaterran urtero egiten zuten bezala, Ingalaterra Berriko lehen koloniar horiek Jainkoari hiru egunez eskerrak bihurtzen dizkiote, urtean zehar ukan dituzten ongi guzientzat eta beren auzokide amerindiarrak bazkari on bat partekatzera gomitatzen dituzte. Beren bi herrien arteko elkar aditze ona eta heieri esker salbatuak izaitea ospatzen dute. Wampanoags-ek, bertzeak bertze, indioilar basak eskaintzen dizkiote, garai hartan Europan ezezagunak zirenak.
Besta hau urtero Ipar Amerikan ezarria izan da tradizio gisa, eta bertze kolonietara zabaldu da. Lehen Thanksgiving day, edo Esker emateko eguna, George Washington lehendakariak ezarri zuen 1789. urtean. Estatu Batuetako armadak, aldi berean, Ipar Amerikako herri indiarren kontra 1778tik 1890era, etengabeko gerlek XIX. menderaino luzatu direnak, besta horren karga sinbolikoa zikindu dute. Amerindiar talde batzuentzat, egun hori, kontinentearen suntsiketa eta indiarren kontrako gerlen hastapena da.
Gaur egun, familiako eta erlisioneko besta da, eskerrak emateko eguna, familiakoekin eta lagunekin elkartuz, bazkari on baten inguruan. Thanksgivineko menu tradizionalak patatak, arto irinezko ogia, kanaberak eta kalabaza tarta biltzen ditu, amerindiarrek lehen kolono ingeleseri erakutsi zizkioten janariak, 1621eko bazkarian jan zutena gogoratuz.
Identitate nazionalaren sentimendua indartzen du egun horrek, kausa komun baten inguruan bateratuz. Hola pentsatu zuen Abraham Lincoln lehendakariak 1863. urtean. Bere ikuspena argia zen: herriari aukera eskaintzea, sinbolikoki bada ere, esker on eta batasun komunen inguruan biltzeko. Iniziatiba hori ez zen bakarrik garai zalapartatsu batean pausa emaiteko, baizik eta esker onaren garrantzia azpimarratzeko memento edo une ilunenetan ere.
Onartuak izan diren benedizione guzien biltzeko, gogoetatzeko, eta eskertzeko memento bat da. Askatasun lurralde baten bila etorritako lehen migratzaileen eta lurralde hortako lehen biztanle amerindiarren batasuna da egun hori.
Urte hau bukatu aitzin, eskerrak Herria astekaria egiten duten langile, laguntzaile eta herrietako berriketarieri. Eskerrak irakurleeri.
Eta kantu hau, gogotik kantatzen dena:
Bai eskerrak eman zeru lurretan, eskerrak eman Jainkoari, gure onetan baita denetan ari. Eskerrak eman zeru lurretan, eskerrak Jainkoari menderen mendetan.
Thanksgiving!










