Mundu zabalean | 2024ko Abenduaren 05a
COP 29 Porrota
J.B.
Gaizki negoziatua izan den akordioa atera da, Bakun, Azerbaidjaneko hiriburuan iragan den COP 29 gailurretik. Klima aldaketa moldatzeko Nazioarteko konferentzian herrialde aberats eta pobreen arteko adosmenik gabe gelditu da. Hegoalde globalak jasaiten duen hondamendi klimatikoeri buru egiteko 300 miliar dolarreko finantzaketa adostu dute Iparraldeko Estatu aberatsenek. Hori baino lau aldiz gehiago beharrezkoa ditaikeelarik gaia aztertu duten zientzialarien arabera.
Eztabada itoa
Zainetan iduri zuen Mukhtar Babayev Azerbaidjaneko ekologia ministroak eta Bakun iragan den klima aldaketari buruzko COP29 gailurraren presidenteak. Mundu guziko herrien konferentzia bukatzeko akordioaren irakurketa presaka egin du bilkuren bururapena adierazten duen mailu ukaldia ahal bezain fite emaiteko. Klima aldaketari buruzko Nazio Batuen konbentzioko idazkari nagusia besarkatu eta dena ongi amaitu zela pentsatzen zuken? Bainan ez! Ito nahi ziren eztabaidak zapartatu dira, untzi hetsi batean tinko atxiki nahi den ur erakina bezala.
Mikroa fermuki eskuraturik, Chandni Raina Indiako finantzia ministroak hitza hartu du: "Ikusi dugu zer egin duzun. Mailua erabili duzu beste parteak mintzatzerat utzi gabe. Ez da Konferentziaren ohoretan" eta behako beltz bat presidenteari botatuz segitu du:"Erabakia plazaratu aitzin hitza hartu nahi ginuela abisatua ginuen. Dena antzerkia da. India ez da dokumentu horren alde". Iritzi kritiko hori txostenari lotuko zela adierazi du Mukhtar Babayevek. Hala ere testua ez da aldatuko.
Iparra-Hegoa zatiketa handitzen ari
Aitzineko gailurretan baino gehiago iparraldeko herrialde aberats eta hegoaldeko herri pobreen arteko arroila handitzen ari da.
Akordioa aurkeztua izan ondoan hitzartzeak ez dira ixildu ikusmolde kontrajarriak agerian utziz. Europako klimaren komisarioa den Wopke Hoekstrak bere satisfamendua plazaratu du"ikaragarriko akordioa" aipatuz: "Nere ustez COP29k aro berria idekitzen du finantzamendu klimatikoaren aldetik. Anitz sos bada mahai gainean".
Kanpotik ikusita, 300 miliar dolar urte guziz anitz iduri du. Bainan hainbat urtez gaia barnatzen ari izan diren nazioarteko zientzialariak ados jarri dira 1.300 miliar beharko zirela erraiteko urte bakotx, lanjerrean dauden herrien laguntzeko pairatzen dituzten idorte edota uholdeeri buru egiteko eta trantsizio energetikoaren ibilbidean sartzea laguntzeko. Helburu hortarik urrun gira.
Indiako ordezkariaren oldarketaren ondotik beste ihardukitze frango izan dira. Diego Pacheco bolibiar ordezkariarentzat: "Ahalgetzekoa dute herri aberatsek. Akordio hori neokolonialista delako." Harentzat finkatu den finantzamendu hori laidoa da, justizia klimatikoaren urratzea: "Nazioarteko kooperazioa desagertzen ari da".
Gutienik garatuak diren 45 herrietako koalizioaren izenean mintzatu den Malawiko ordezkariak ere hitz gogorrak erabili ditu azken momentuan onartu den akordioaren salatzeko: "Akordio hori onartzen ginuenez erabakitzeko eskubidea ginuen eta erraiten dauzuet ez dugula onartzen."
Salaketa guzien ondotik kontsensua edo denen arteko adosmenik ez dela azpimarratu du, presidentearen aitzinean, Txileko negoziatzaileak.
Dirua nundik eta norentzat?
Garabidean dauden Estatuek, konferentziaren hastapenetik errepikatu dute zientzialarien errana, klima aldaketaren apostuari erantzuteko 1.300 miliarreko finantzamendua beharrezkoa zela. Bainan Estatu aberatsenek uko egin diote galdeari. 300 miliar baino gehiago heien aurrekonduetarik ezin dutela atera erranez. Gainera horietan aberatsenak eta kutsatzaile handienak diren Amerikako Estatu Batuek arrangura handiak sortzen dituzte, heldu den urtarrilean agintean sartuko den Donald Trumpek jakinarazi baitu Parisko Akordiotik aterako dela aitzineko agintaldian egin zuen bezala.
Diru iturri posible berriak aipatu dira, itsas merkataritzari, hegazkinen ateraldieri, erregai fosileri edo finantza transakzioeri tasa ezartzea. Hori ez da agertzen bukaerako testuan ez eta ere finantza bide berriek ez dutela hegoalde globaleko herrialdeen zorpetzea areagotuko.
Akordioak dioen bakarra da helburu horretarako prozesua abiatzea heldu den urteko Brasilgo Belem hirian iraganen den COP30erako.
Gutienik garatuak diren herriak entzuteko eta onartzeko bidea luzea izanen da oraino.











