Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2025eko Uztailaren 17a
Heriotze - Larunbatean mendi lasterketak - Herriko bestak
Heriotze
Joan den astean ehortzia izan da gure herrian Monique Dosbaa, sortzez Olçomendy Mentaberrikoa. 87 urte zituen. Lau haurrideetan bigarrena zen (beste haurrideak: Graxi eta Janbattitt, biak zenduak, eta Gaby). Robert Salvat Dosbaarekin ezkondu zen 1959an eta Parisen kokatu ziren. Bi haur ukan dituzte, Isabelle alaba (Philippe Saez txistulariarekin ezkondua zena, maluruski hau ere duela bi urte zendua eta gure herrian hilobiratua) eta Robert semea. Erretretara heldurik, senar-emazteak Miarritzera etorri ziren bizitzera. Duela bost urte galdurik senarra, hiru haur-ttipiren laguntzan bereziki eman zituen bere indarrak. Kantua ere anitz maite zuen. Ehorzte elizkizunean, Nahia alaba-ttipiak musika aire hunkigarriak jo dizkio zehar-flautarekin. Gure agurrik leialenak familiari.
Larunbatean mendi lasterketak
Joan den astean aipatu bezala, larunbat huntan dira iraganen Baztandarrak elkarteak antolatzen dituen mendi lasterketak, maratoia (42km), maratoi-erdia (21km) eta haurrena (3,5km). Jendea gonbidatua da plaza bixkarrera lasterkarien sustengatzera joaieta, eta izanen da edateko eta jateko.
Herriko bestak
Hiru egunez iraganen dira aurtengo bestak, uztailaren 25etik 27ra. Hitzordu nagusienak: ostiral 25ean zikiro jatea (20:00), Botakanturekin, ondotik dantzaldia Gaubelerekin; larunbat 26an, arratsaldez haurrentzat lasterkaldi, puzgarri eta atsaskari; arratsez, Punttu Kakotx elektrotxaranga, eta gero Nogen eta Xutik taldeen kontzertuak; igande 27an, meza (11:00), Herriko Etxeak eskainitako aperitifa (12:00), ondotik paella jatea, Lasa Kantuz taldeak animaturik, eta (17:30) Luhusoko Polliki dantza taldearen ikuskizuna eta Zarena Zarelako konpainiaren “Herrikoa” dantza ikusgarria; bururatzeko, gaualdia Barberaenean Basapiztia orkestrarekin.











