Euskal diaspora | 2025eko Uztailaren 17a

Frantziako Euskal Etxeen elgarretaratzea Baionako bestetan

Joseba Etxarri

Uztailaren 12an, Baiona Frantziako Euskal Etxeetako ordezkarien bilgune bilakatu zen
Uztailaren%2012an_%20Baiona%20Frantziako%20Euskal%20Etxeetako%20ordezkarien%20bilgune%20bilakatu%20zen

BAIONA.

Giro ederrean egin zen joan den larunbatean Baionan, urte guziz hiriburu lapurtarreko besten karietara Frantziako euskal etxeek gauzatzen duten bazkari eta elgarretaratzea. Hor ziren Pariseko Euskal Etxea, Bordeleko Eskualdunen Biltzarra, Paueko Lagunt eta Maita, Montpellier-ko Eskualdunak, Tolosako Denak Bat, Lyoneko Euskal Etxea eta aurten antolatzaile zen Marseillako Euskal Etxea. Gomitatua zen baina ez zuen ordezkaririk igorri Saint Pierre eta Mikeluneko Euskal Etxeak. Eta lehenengoz bertaratu zen eta lehenengoz bildu zen buruz buru Euskal Etxe frantsesekin Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari berria, Ziortza Olano Astigarraga anderea, duela bi hilabete izendatua, eta orain arte Zoomez baizik bildu ez zena Euskal Etxe hauekin, emeki emeki ari baita bisitatzen munduan diren abantzu berrehun Euskal Etxeak, jin berria Argentinatik eta hilabete hondarrean Estatu Batuetara joanen delarik beti ere agurtu eta solastatzeko Euskal Etxeetako ordezkariekin, heien arrangurak ezagutu eta iritziak trukatzea xede.

“Urtero topaketa berezia da hau guretako, giro lasaian bildu eta elgarrekin arizaiteko aukera ematen baitauku”, laburbildu dakote Herriari bertan ziren zenbaitek. Euskal Etxe marseillatarreko lehendakari eta ekitaldiko antolatzaile-taldeko buru Fernando Zabalzak gaineratu du:“Aurten bestalde bereziagoa izan da, duela guti zendu Louis “Koldo” Bernat Marseillako Euskal Etxeko diruzaina zen lagunari omenaldi tipi bat egin baitiogu, bere familia guztia bazkalondora kafea hartzera komitaturik, hogoi bat presuna. Estimatu dute eta guk nahi genuen gure laguna omendu eta familiari laguntasuna helarazi. Arras gogoan dugu Koldo”, erran du. Larunbatekoak berrogeita hamar bat jende bildu zituen, eta beste hogei bat gehiago aipatu omenaldira. 2026an, Bordeleko Euskal Etxea okupatuko da elgarretaratzea antolatzeaz.

PIKNIK eta BESTAK.

Udako sasoinak bizi-bizi segitzen duelarik, ondoko asteburuan, uztailaren 19an, ebiakoitzean, Nevadako Renok ospatuko du bere piknik besta Estatu Batuetan, hiriko Zazpiak Bat euskal etxea antolatzaile. Eta igandean, 20an, Idahoko Gooding-ek, Gooding Basque Association-en eskutik. Zernahi gisaz, jende frango beha da Ameriketan eta Euskal Herrian uztail hondarreko Boiseko Jaialdi 2025ari, baina horri buruz mintzatuko gira heldu den astean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3795. zbk

Gure Hitza | 2025/07/17

Ainara eta zezena

Peio Jorajuria

Udan besta giro da. Deskantsatzeko eta bihotzak goxatzeko. Ez dugu haatik zangorik eman Iruñeko bestetan, ez eta Baionakoetan. Jende eta burrunba gehiegi. Badakit alta besta horietan bizi daitezkeela memento bikainak. Baina nahiago dugu mendi guneetako lasaitasuna.

Hain zuzen, azken aste hauetan, grazia berezi batez bete zaizkigu Baigurako inguruak. Udako lehen egunean berean, Ortzaizeko ikastolak zituen bere berrogei urteak alegeraki ospatu. Gogoan ditugu ikastola horren lehen urratsak, haize kontra eramanak. Eta bereziki, ikastolak nehongo laguntza ofizialik ez baitzuen erdiesten, nola burasoak berak lotu ziren lanari, beren eskutik buruan buru ikastetxe bikain baten altxatzeari, beren haurrek eta ondokoek ukan dezaten aterpe duina. “Jende ausarta edo eroa” izan behar zen, dio Mizel Mateo bidarraitarraren bertsoak.

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016