Gogoa hazi | 2025eko Uztailaren 17a

Palestina zaindu

Jean-Louis Davant

Gauza jakina da naski, bi su handi atean ditugu, hedatzeko prestik, bata Palestinakoa, bestea Ukrainakoa. Lehenera mugatuko naiz egungo. Giristinoek Palestinari atxikimendu azkarra zor diogu, Nazareteko Jesusen sorterria denaz geroz. Izigarri da, lazgarria hango jendeari gertatzen ari zaiona, bereziki Gazan, Zuberoaren erdia eremu duen itsas bazterreko lur zerrenda mehe horretan, bi milioi eta kasik erdiko jendetza gaixoa bonben azpian lehertua, mundutik desagertzeko lanjerean ikusten dugu.

Bestalde Israelen harainditik Zisjordania hertsiki okupatua, kolonizatua, setiatua, tinkatua, kitzikatua, gisa orotara gaizki erabilia, kanpora bultzatzeko bezala... Palestinar populua ez ote da desagertzeko heinean? Nik uste baietz eta ez naiz bakarra, arrisku handitan ageri baita. Ez da segeretu bat, Israeleko eskuin gogorrak Palestina guzia juduentzat nahi du tokiko jendea osoki menperatuz eta gehiago ere, ahal oroz handik haizatuz.

Alta bada, israeldar historiazale batzuen arabera, gaurko palestinar horiek lehengo hebrear laborarien ondoko zuzenak lirateke, ezen konkistatzaile desberdinek hiri nagusiak desegiten edo jendez husten bazituzten ere, hala nola deportatuz, kanpaña eta baserriko jendea lekutan uzten zuten janarien ekartzeko eta bazterren behar bezala artatzeko.Horren etsenplu argia ematen digu Bibliak Babilonako deportazioaren kariara. Nabukodonosor erregeak "Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak lant zitzaten" (2 Erregeak 25).

Palestinako judu edo judio gehixenak ordea lurralde horretara etorri berriak dira, Europako antijudaismotik ihes, Sionismoa delako mugimenduak bultzatuak XIX. mende hondarretik. Fundazio baten bidez etxaldeak erosi zituzten tokiko aberatsei, eta Israeleko estatua eraiki zuten 1948an ONU erakundearen onespenarekin, mundu zabaleko edozein juduri babesleku baten eskaintzeko. Palestinarrek ere beren estatuaren eraikitzeko eskubidea bazuten, haatik ez zuten baliatu; eta Israelen aurka jeiki ziren, inguruko arabiar gobernuak lagun. Gerla hura galdu zuten, ondokoak halaber, 1967koaz geroztik Israelen menpeko daude, eta beti estaturik gabe.

Zepotik nola jalgi? Batzuek Israel desegin nahi lukete: genozidio baten ordez beste genozidio bat? Non dago zentzua? Xede horren aldeko indar nagusia, Iran, zinez ahuldurik utzi du Israelek egin berri dion erasoak, Amerikaren eskukaldia lagun. Orain Israelek hogeita hameka eta esku du. Trump-ek Natanyahu bakearen egitera bultzatzen du: kausituren ote du?

Normalki Palestinak bere estatua ukan behar luke azkenean, baina mementoan oso zaila iduri du. Zer egin? Europa jokoz kanpo ageri da. Arabiar erresumekin sartzea luke, Israel zentzatzera hertsatzeko elkarrekin, estatu hori ber denboran ezagutuz ofizialki. Frantziako buruzagiak horretara lehiatzen dira, aski finki ote? Eta guk zer egin dezakegu? Otoitza bederen, ahal delarik beste zerbait ere naski, boza bereziki bi zentzuetara entzunaraziz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3795. zbk

Gure Hitza | 2025/07/17

Ainara eta zezena

Peio Jorajuria

Udan besta giro da. Deskantsatzeko eta bihotzak goxatzeko. Ez dugu haatik zangorik eman Iruñeko bestetan, ez eta Baionakoetan. Jende eta burrunba gehiegi. Badakit alta besta horietan bizi daitezkeela memento bikainak. Baina nahiago dugu mendi guneetako lasaitasuna.

Hain zuzen, azken aste hauetan, grazia berezi batez bete zaizkigu Baigurako inguruak. Udako lehen egunean berean, Ortzaizeko ikastolak zituen bere berrogei urteak alegeraki ospatu. Gogoan ditugu ikastola horren lehen urratsak, haize kontra eramanak. Eta bereziki, ikastolak nehongo laguntza ofizialik ez baitzuen erdiesten, nola burasoak berak lotu ziren lanari, beren eskutik buruan buru ikastetxe bikain baten altxatzeari, beren haurrek eta ondokoek ukan dezaten aterpe duina. “Jende ausarta edo eroa” izan behar zen, dio Mizel Mateo bidarraitarraren bertsoak.

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016