Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2025eko Uztailaren 17a
Donapaleuko bestak asteburu huntan - Joko garbi lehiaketa Donapaleun
Donapaleuko bestak asteburu huntan
Uztailaren 18an hasiko dira eta 22an bururatuko. Huna zoin izanen diren hitzordu nagusiak:
Ostiralean, pilota lehiaketako finalerdiak jokatuko dira usaian bezala trinketean (18:30) eta Amikuzeko ikastolak muskuiluak patatekin eskainiko ditu xerri merkatuan (20:00). Watson famatuak animatuko du gaualdia. Paxkal Indok suzko zezena erabiliko du Herriko Etxeko plazan (23:00).
Ibiakoitzean, petanka lehiaketarekin hasiko da besta eguna (8:00); errugbi taldeak mus zeingehiagoka proposatzen du (8:30) eta ondotik errekiak. Eguerditan, Zangotzako delegazioaren harrera eginen da Herriko Etxean eta herriko giltzak elkarteei emanak izanen zaizkie. Arratsaldean, dantza ibilaldia (16:00) zaharren etxeraino eta ondotik "tout roule" lehiaketa famatua. Arrastirian, Amikuzeko dantza taldearekin mutxikoak emaiteko parada emana da (19:00). Aperitifa denboran, txarangak ibiliko dira karriketan. Gauean, kontzertuak emanak izanen dira: Xutik (23:00) eta dantzaldia Begi Beltz taldearekin merkatu plazan (01:00).
Igandean, errebote finalerdia jokatuko da (10:30) pilota plazan. Memento berean meza nagusia Ozenki taldearekin. Euskal Herrian Euskaraz taldeak deiturik (11:00), elkarretaratzea eta jauziak Herriko Etxe aitzinean. Elkarretaratze bera izanen da memento berean Maulen eta Baionan “geldi euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzea! Lehentasunez euskaraz orain” adierazteko. Eguerditan, Zabalik eta Eskukula taldeek bertso pintxo bazkaria antolatzen dute Touzaa etxeko parkean. Bertsotan, Xan Alkhat, Uxue Alberdi eta Pettan Prebende entzuten ahalko dira. Arratsaldean, hiru talde ariko dira merkatu plazan: Alarma Morea (17:00), Saltoka (18:00) eta Gurashow (19:00).
Astelehenean, herriko adinekoen bazkaria kanpalekuan (12:00) eta bizikleta lehiaketa (19:00). Arratsean, Haatik konpaniak "Errimak bi oinetan" dantza ikusgarria San-Luis gelan emanen du (20:30).
Asteartean, zurezko jokoak merkatu estalian (14:00) eta ondotik trotineta lehiaketa karriketan (16:00). Arrastirian, Amikuzeko dantza (18:00) eta esku-huskako finala trinketean (19:30). Bestak bururatzeko dantzaldia Katxi taldearekin (22:00) eta suziriak Biduzako zubi ondoan (23:00).
Joko garbi lehiaketa Donapaleun
Amikuzeko USSP elkarteak 39. aldikoz joko garbi lehiaketa antolatzen du Donapaleuko pilota plazan uztail eta agorrileko asteazkenetan. Aurten, lau ekipa ariko dira Donapaleuko lau jokalari handien izenak ospatuz: "Jean Urruty" (J.-M. Tauzin, Franchistéguy, Villain); "Michel Berrogain" (Izoco, Etcheberry, Lolibé); "Gérard Bordaïsco" (Sarratia, F. Tauzin, I. Riouspeyrou); "Claude Uthurriscq" (Larronde, T. Riouspeyrous, Petrissans). Lehen partida uztailaren 2an jokatu da. Hastapenetik, Amikuzeko ikastolak bere partaidetza hartu zuen taloak eta edariak eskainiz partida denboran eta ondotik. Beraz, asteazkenero (18:00), ez ahantz ikastolaren taloak. Parada ederra memento goxoa elgarrekin partekatzeko.











