Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Uztailaren 17a
Otsantzeko kaperako ateraldia - Baserritar gaualdia - Jazz kontzertua Inharrian - Jendarmeria berriaren estreinaldia - Mutxikoak igandean Ibarrunen - Amotzeko besteri behako bat - Pilotari so
Otsantzeko kaperako ateraldia
Jakobia Senpere elkarteak antolatzen du urtero bezala Santa Maria Madalena ospatzeko gisan, uztailaren 22an, beilarien ibilaldia Otsantzeko kaperaraino. Hor biltzen dira Senpere, Zuraide eta Uztaritzetik datozen beilariak, geroz eta gehiagok parte hartzen dute ekitaldi honetan. Senpertarren oinezko ibilaldiarendako, hitzordua finkatua da 16:00tan erretor etxean, 18:00tan iraganen da meza Uztaritzeko erretorak emanik.
Baserritar gaualdia
Aurten, laugarren aldikoz iraganen da Xan Ithourria plazan igande huntan, uztailaren 22an (18:00-22:00). Laborari askoren ekoizpenak jasta eta erosten ahalko dira lekuan bertan, partekatze memento goxoak izaiten dira. Abuztuaren 17an iragarria da bertze edizioa, gau hartan Larreko salan gaitzeko emanaldi musikala iragarria da (21:00) Hamabortzaldi Musikalaren kari, Andra Mari abesbatza eta orkestraren eskutik (prezioa 22€, gazteendako 5€).
Jazz kontzertua Inharrian
Joan den astean aipatua, goi mailako emanaldia izanen da "Bokale Brass Band" musika formazioarekin, uztailaren 23an asteazken arratsean (20:30), Inharriako baratzean. Zatozte partekatzera Orleans Berriko gau eroetako soinu giroa, izan kantuz zein dantzan, perkusio, banjo, tronpeta eta saxofoiaren soinu. Swing, funk eta soul nahasketa goxoa, pintxo inguruko lagun arteko giro batean, irabaziak Senpereko Zerbitzu Sozialaren alde (CCAS). Erreserba beharrezkoa da www.cultureetpatrimoinesenpere.fr gunean, prezioa 15€, 20 urtez petik 10€.
Jendarmeria berriaren estreinaldia
Ez zen ofizialik eskas estreinaldirako, hauetan Duhamel suprefeta, Benedicte Luberriaga kontseilaria, Claude Olive Angeluko mera baita Office 64 egiturako lehendakaria, Tony Mouchet Akitania Berriko komandantea baita gomita asko. Elhorga auzapeza, bere hitz hartzean, azpiegitura honetaz pozik agertu da jendarmeei baliabide moderno batzuk ahalbidetuko dituena, baldintza onetan lan egitea bermatuko duena. Oroitarazi du ere"segurtasuna lehentasun bat dela boterean den herriko taldearentzat". 17.000 biztanleen eremua zaintzapean ukanen dute.
Mutxikoak igandean Ibarrunen
Lekuz aldaturik, mutxikoak Ibarrungo pilota plazara heldu dira, uztailaren 20an (11:00-12:30). Abuztuaren 17an, Amotzek eginen du harrera, hola nehork ez du aitzakiarik dantzan ez artzeko.
Amotzeko besteri behako bat
Oihartzun onak lortu ditugu gazte komitearenganik, bestak biziki ongi joan direlakoz, aro ona lagun. Ostiraleko zikiroan 350 afaltiar, igandeko bazkarian aldiz 130 kide. Unerik jendetsuena dudarik gabe izan da larunbat arratseko kontzertuena, bereziki EH sukarra eta Xutik-en emanaldi bikainekin. Lasterketa, Hazparneko Hegalka dantzariak, Altzükütarren kantaldia eta kantarien txapelketa nabaritzekoak izan dira. Trinketeko esku-huskako finalak utzi ditu garaile Nicolas Bielle/Nicolas Dufau-Bixente Lafitte/Bixente Çubiaten kontra 40/20. Jadanik heldu den urteari begira daude.
Pilotari so
Oren batez ongi borrokaturik, plaza laxoan esku-huska gazteen mailan, gure bikotea Julen eta Ximun Harotçarene biritxiak makurtu dira Abarratiako Mattin Durruty eta Xabi Harguindeguyren kontra 16/30. Iparraldeko finalak ihes egin bazaie ere, Frantziako txapelketan segitzen dute eta gora ezarriko dituzte herriko eta beren familia ezaguneko koloreak.











