Herriz Herri - Heleta (NB) | 2025eko Uztailaren 17a
Kermeza - Jon Casenave
Kermeza
San bladi-Baigurralde parropiak hautatu du heldu den igandean, 20an, bere urteko kermeza egitea Heletan. Huna egitaraua: Erregelun (8:00), hain preziatua den askaria idekia orori, orobat emazteek ere hauta dezakete gizonek bezala jatea edo kafe, xokolet edo dutea bixkotxekin 15 euro edo 6 euro. Ondotik meza nagusia (10:30). Mezatik lekura beti toki berean, zintzur bustitzea eskainia da orori parropiako elkartearenganik, denbora berean zozketaren argitzea izanen da ikusteko nork zer irabazi duen. Atxik begia erne, xutik mahain batean izanen baita untzi bat, behar den sarrerarekin bakotxak nahi duen emaitza ezartzeko, eskerrak aitzinetik. Hor bildu emaitza baliatuko da bost parropietako elizen inguruan egiten diren joaiteendako, mezetako paper, tortxa bai eta haurren katiximako gastuendako, beharrak handituz doatzi. Horra zertako bost herrietako jendea gomit den goiz goxo baten iragaitera meza barne. Azkenik, nahi duenarentzat bazkaria etxeratzen ahal da Bixente Xapelek eginik 20 eurotan. Erregelun hartzeko izenak eman ahal bezain laster deituz: Paulette 05-59-37-64-10.
Jon Casenave
Aste huntan agertuko zela Jon Casenaveren Euskaltzain osoari buruzko artikulua, baina irakurle, joan den asteko Herrian irakurtzen ahal duzue hirugarren orrialdean artikulu mamitsu bezain errankorra. Ausartzen naiz herritar ororen izenean goresmenak igortzea eskaini daukuzun egun eder hortaz, segur gira Euskaltzaindiaren sabelean sarturik izanen dugula ondorio zuganik, zure ateraldi baikorra hitzaldian berme: “Ez dugu galdetu sortzea, baina hor girenaz geroz atxik dezagun gure lekua” bai, gero eta beharrezkoagoa da. Goraintzi Jon.










