Mundu zabalean | 2025eko Uztailaren 17a

Munduko populazioaren kopurua

M.O.

Munduko%20populazioaren%20kopurua

Mundu osoko populazio 8.231.613.070 pertsonetara heldua da. Demografiak populazioen aztertzeko aukera emaiten du: jendeen kopurua, adina, sexua eta egoera zibila zein nolakoak diren jakiten da. Ikerketa horri esker etorkizunarentzat jendartearen bilakaera ezagutzen ahal da.

Populazioaren emendatzea

XX. mendearen hastapenetik begiratuz, bilakaera demografikoa ikaragarria izan da. 1900ean munduan 1,65 miliar jende ziren, gaur egun 8 miliar baino gehiago kontatuak dira. Populazioa emendatu baldin bada, aitzinamendu teknikoek badute zerikusia, batez ere medikuntzari eta jateko moduari esker jendartea zahartzen da. Egoera horretaz satisfos izan behar bada, planetaren etorkizunarentzat arrangurak sortzen ditu, hainbertze pertsonentzat bizirauteko aski baliabide izanen denez zalantzak badira.

Datuetan oinarrituz, proiekzioak baizik ez dira egiten, geroa zein-nolakoa izanen den ez da jakiten ahal. Nazio Batuen Erakundearen (ONU) arabera, mende bururatzean populazioa 11 miliar pertsonetara hurbildu litzateke. Beste ikertzaile batzuk aldiz diote 2060ko hamarkadatik harat populazioa azkarki murrizten hasiko dela.

Haur ukaiteak

Populazioa emendatzen ari bada, memento berean sortzeak apaltzen ari dira. Bataz beste, populazioa epe luzera murriztuko eta zahartuko dela aipatzen da. Haur sortzeek 2,3tik gorago izan behar dute, hori da populazioaren kalkulatzeko adostua izan den indizea. Demografiaz arduratzen direnentzat, gaur egun sortzeen kopurua hiltzeen hein berdintsukoa da.

“Belaunaldien ordezko maila” izeneko azterketaren arabera, herrialde garatuetan 2,1 sortze ingurukoa da, orokorki munduan 2,3koa delarik. Estatu batzuetan 3,4ra heltzen da.

Nazio Batuen Erakundeak erregularki azterketak egiten ditu, bere azken bertsioa argitaratu berri du. Txosten horretan agertzen den berritasuna da herrialde garatuetan sortzeen kopurua 2,1eko mugaren azpitik jausten segitzen duela. NBEren arabera, mundu osoa kontutan hartuz, sortzeak 1,9ri buruz doaz.

Kontinenteen sortzeen klasamendua

Afrika 4,1eko sortze kopuruarekin, munduko kontinenterik gorena da. XX. mendean eta XXI. mendearen hasieran, Afrikako populazioa azkar emendatu da. Kontinenteko populazioaren emendatze tasa urteko %2,5ekoa da. Azterketen arabera, 2050erako Afrikak 2,2 miliar pertsona inguru ukan litzake, Europako kontinente osoak baino hiru aldiz gehiago.

Ozeania munduko bigarren lekuan da. Sortzeen kopurua lurralde batetik bestera anitz aldatzen da.

Melanesia uhartediko herrialdeetan sortzeak Afrikakoen hein berdinekoak dira (4,8 bataz beste), Mikronesian eta Polinesian apalagoak (3,9 eta 4,2 artean), baina kontinente osoan maila indartsuan jarraitzen du. Australia (1,8) eta Zeelanda Berria (1,87) kontinenteko sortze tasarik apalenak dituzten estatuak dira.

Asiak batez beste 2 sortzeko tasa du. Asiako herrialde guzietan azken bost hamarkadetan haur-ukaiteek behera egin dute. Azpimarratu behar da beherakada hori eskualde batetik bestera anitz aldakorra dela. Afganistanen emazte bakoitzak 6 edota 7 haur ukan baditu, Japonian haur bat edo bi bakarrik sortzen dira. Ekialdeko asiarrek seme-alaba kopuru ttipiena dute, hegoaldeko eta erdiko asiarrek handiena. Adibidez Singapurren emazte batek haur bat edo bi ukan ditu, Laosen lau edo bost.

Hego Amerika ere beherakada historikoa ezagutzen ari da. Brasilen, 1990eko hamarkadan emazte batek 2/3 seme-alaba ukan baditu, gaur egun 1 edo 2. Argentinan emazte batek 2/3 haur ukaiten ditu, Uruguain eta Txilen 1 edo 2. Boliviak, Peruk eta Ekuadorrek kontinenteko sortze kopuru handienak dituzte. Analfabetismo eta pobreziaren ondorioz, baserri eskualdeetan haur-ukaite anitz badira.

Ipar Amerikako kontinentean, munduko joera orokorrak segitzen du, haur kopuruen sortzeak murrizten ari baitira. Estatu Batuetan, Kanadan eta Mexikon, Ipar Amerikako herrialderik handienek, 1 eta 2 sortzeko tasa dute.

Haur ukaite apalena duen kontinentea Europa da. Azken hamarkadetan Europako estatu guziek murrizketa handia jasan behar ukan dute. Frantzia da Europako kontinenteko herrialde emankorrena, lehen agertzen baita (1,92), ondotik Suedia (1,85) eta Irlanda (1,81). Europako hainbat herrialdetako gobernuak amatasuna sustatzeko neurriak hartzen ari dira.

Sortze apaltzeen ondorioa

Batzuk arranguratzen hasiak dira haur ukaite apaltzeek jendartean eragina ukanen lezakeela, populazioa zahartuko da eta ondorioz orekak atzeman beharko dira.

UNFPAk (Fonds des Nations Unies Pour la Population) 14 estatuko 15.000 pertsona elkarrizketatu ditu. Bost pertsonatik batek dio haur kopurua hautatzeko aukerarik ez duela. Erdiak baino gehiagok finantza kezkak aipatzen ditu (etxebizitzaren kostuak, haurren zaintzak, lan-segurtasun eza…).

Antsietate ekonomikoaren ondorioz haur gutiago egiten da, estatu anitzek sortzeak emendatzeko deia zabaldua dute.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3795. zbk

Gure Hitza | 2025/07/17

Ainara eta zezena

Peio Jorajuria

Udan besta giro da. Deskantsatzeko eta bihotzak goxatzeko. Ez dugu haatik zangorik eman Iruñeko bestetan, ez eta Baionakoetan. Jende eta burrunba gehiegi. Badakit alta besta horietan bizi daitezkeela memento bikainak. Baina nahiago dugu mendi guneetako lasaitasuna.

Hain zuzen, azken aste hauetan, grazia berezi batez bete zaizkigu Baigurako inguruak. Udako lehen egunean berean, Ortzaizeko ikastolak zituen bere berrogei urteak alegeraki ospatu. Gogoan ditugu ikastola horren lehen urratsak, haize kontra eramanak. Eta bereziki, ikastolak nehongo laguntza ofizialik ez baitzuen erdiesten, nola burasoak berak lotu ziren lanari, beren eskutik buruan buru ikastetxe bikain baten altxatzeari, beren haurrek eta ondokoek ukan dezaten aterpe duina. “Jende ausarta edo eroa” izan behar zen, dio Mizel Mateo bidarraitarraren bertsoak.

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016