Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Uztailaren 17a

Joana Halzuet - Pausuko bestak - Bixikineko xedeak eta erakusketak - Urruña Munduan jaialdia - Kontzertuak - Musika elektronikoaren jaialdia - Mintzaldia - Euskarabentura Urruñan barna - Pilota

Joana Halzuet traineru aitzinean
Joana%20Halzuet%20traineru%20aitzinean

Joana Halzuet traineru patroi urruñarra

Joana Halzuet arraunlari urruñarra ezaguna dugu herrian. Lapurdi traineruan ibilitakoa da arraunlari eta patroi gisa, Donostiako taldeko traineruan ere ibilia da arraunlari, eta 2025eko denboraldirako patroi hartu dute Donostiako Arraun Lagunak taldearen traineruan. 2024ko estropada nagusian, Arraun Lagunak emazteen trainerua izan zen txapeldun, eta aurtengo estropadetan, Joana Halzuetek gidatu trainerua punta-puntan dabil. Horrela segitzekotan, iraileko estropada nagusietan, irabazleen artean egon daiteke; eta nork daki, baita agian, irabazle ere. Aupa Joana, urruñarrak zurekin!

Pausuko bestak

Aurten, Pausu (edo Behobia) auzoko bestak hilaren 24tik 27ra izanen dira eta besta komiteak jadanik egitaraua plazaratu du. 24an, ostegunarekin, mus txapelketa eta pintxo potea izanen dira. 25ean, ostiralarekin, kontzertuak arratsean. 26an, larunbatarekin, karrusela haurrentzat eta selauru hustea, eta 27an, igandearekin, euskal dantzak, herri kirolak, mutxikoak eta arratsean, dantzaldia Patxi eta Konpainiarekin.

Bixikineko xedeak eta erakusketak

Ekainaren 29an, igandearekin, Filipe Aramendi auzapez jaunak Bixikenea kultura eta natura gunea inauguratu zuen bertara hurbildu ziren herritarren aitzinean. Bere mintzaldian honako adierazpenak eman zituen:

“Bixikenea arnas gune bezala pentsatua da. Eremuaren lehen okupatzaileak jadanik instalatuak dira, hala nola, Gaztetxea, Hazia, besta komitea eta Korrika Egiten Duen Basoa, gainerateko eraikinak berrituko dira elkarbizitza sustatzen duen ororendako gunea sortzeko. Kulturaren partekatzea, berrikuntza soziala, esperimentazio kolektiboa, eta euskara eta euskal kultura hedatzeko aukera berriak zabaltzen dituen gunea izanen da. Kultur eragileek, herriko elkarteek eta herritarrek partekatuko duten bizi lekua.” Aipatu egunean Skatea eta kontrakultura erakusketa zabaldu zuten; kanpoaldean, Ruben Totenges argazkilariaren lanak erakusgai jarri zituzten eta Gaztetxean, Julien Goldstein argazkilari engaiatuaren Havana grindsizeneko erakusketa ezarri zuten. Beraz, badakigu zer ikusi eta zertaz goza!

Urruña Munduan jaialdia

Aurtengo kultur ekitaldia jadanik prestatua dute eta agorrilaren 17an igandearekin, eta egun osoz, eginen da herriko plazan eta pilota-plazan. Ekitaldi honetan, urtero, Euskal Herriko eta mundu zabaleko kulturaz eta musikaz gozatzekoparada ematen dute. Aurten, euskaldunez gain, Peruko, Kolonbiako eta Ekialdeko musikariren kontzertuak entzun ahal izanen ditugu. Herriko plazan kontzertuak eta mutxikoak izanen dira, eta pilota-plazan berriz, pilota partidak, euskal dantzak, haur jolasak eta talo jatea.

Kontzertuak plazan

Uztailaren 18an, ostiralarekin, Zortzi folk taldearen kontzertua (19:00) eta uztailaren 22an, asteartearekin, Bost Axola taldearena. (19:00)

Musika elektronikoaren jaialdia

Resonance-Euskadi jaialdia uztailaren 25etik 27ra izanen da Bixikenean, hamabost bat taldek parte hartuko dute (14:00-02:00).

Hitzaldia Herriko Etxean

Hilaren 19an, larunbatarekin, eta Urruñako emazteen eta gizonen arteko berdintasun batzordeak antolaturik, Idoia Rodriguez Mondragonen hitzaldia izanen da herri kontseiluaren ganberan. Gaia: Sexismoa herrietako bestetan. Tenorea: 10:00.

Euskarabentura Urruñan barna

Aurtengo Euskarabenturan zazpi lurraldeetako 126 gaztek hartzen dute parte. Baldintza bakarra euskaldun izatea da. Uztailaren 1ean, Xiberoko Atharratzetik abiatu ziren eta uztailaren 31n, Bizkaiko Getxon bukatuko dute, zazpi Euskal Herriak zeharkatu eta ezagutu ondoren. Uztailaren 21ean, astelehenarekin, gazte horiek Baionatik Urruñaraino etorriko zaizkigu, eta gure herrian gaua pasatu ondoren, hurrengo egunean, hau da, uztailaren 22an, asteartearekin, goiz-goizetik abiatuko dira oinez Hendaiaraino, eta gero, euskal trena hartuta, Donostiaraino joanen dira. Aupa euskaldun gazteak!

Pilotari urruñarrak txapeldun Amotzen

Uztailaren 5ean, larunbatarekin, eta Amotzeko besten kari, izan zen pala txapelketan Ramuntxo Urrutia-Borda eta Hugo de Gregorio pilotari urruñarrak izan ziren txapeldun, eta Diego Lubio eta Julien Etxegarai txapeldunorde, 35-24 emaitzarekin.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3795. zbk

Gure Hitza | 2025/07/17

Ainara eta zezena

Peio Jorajuria

Udan besta giro da. Deskantsatzeko eta bihotzak goxatzeko. Ez dugu haatik zangorik eman Iruñeko bestetan, ez eta Baionakoetan. Jende eta burrunba gehiegi. Badakit alta besta horietan bizi daitezkeela memento bikainak. Baina nahiago dugu mendi guneetako lasaitasuna.

Hain zuzen, azken aste hauetan, grazia berezi batez bete zaizkigu Baigurako inguruak. Udako lehen egunean berean, Ortzaizeko ikastolak zituen bere berrogei urteak alegeraki ospatu. Gogoan ditugu ikastola horren lehen urratsak, haize kontra eramanak. Eta bereziki, ikastolak nehongo laguntza ofizialik ez baitzuen erdiesten, nola burasoak berak lotu ziren lanari, beren eskutik buruan buru ikastetxe bikain baten altxatzeari, beren haurrek eta ondokoek ukan dezaten aterpe duina. “Jende ausarta edo eroa” izan behar zen, dio Mizel Mateo bidarraitarraren bertsoak.

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016