Orotarik | 2025eko Uztailaren 17a
Itsas bazterretik
Piarres Larzabal Kolegioa
Comète sarea hirugarrenendako
Ekainaren 30ean, astelehenez, estresa ahanzteko eta elgarrekin bukatzeko, hirugarrenendako ikasle boluntarioentzat, Bigarren Mundu Gerra garaira bidaiatzeko aukera ukan zuten Comète sarearen bidezidorretik ibiliz. Beroarengatik xapa alerta emana izan baitzen, ibilaldia ttipitua izan da eta mendian ibiliz, Xan Berasategi historia-geografiako irakaslearen hitzetan historia landu zuten naturan zuzenean eta Pausun.
1941 eta 1944 urteen artean, Belgikako nazien aurkako erresistentziak sortutako Comète sareak 800 bat hegazkin pilotu Pirinioetako mugaren bestaldera eramatea lortu zuen, Bidasoa ibaia zeharkatuz.
Muga pasa eta, Britainiar kontsulatuak bidalitako taxi baten bitartez, pilotuak lehengo Madril eta gero Gibraltarrera eramanak ziren, handik hegazkinez Londresera itzularazteko.
Parte hartu duten kolegioko 43 ikasleek pilotuek egindako ibilbide honen zati ttipi bat bete zuten, Urruñan bakarrik aldi honetan, Bidasoaraino ordez...
Ondotik, Pausuko Xaia ostatuan bazkari goxo batekin bukatu da goiza.
Azken egun hori ikasle horien memorioan egongo da segur! Baita ere haiekin ziren helduendako!
Bide on eta bakantza on deneri!













