Herriz Herri - Zuraide (L) | 2025eko Uztailaren 17a
Herriko bestak, uztailaren 17, 18, 19 eta 20an
Aurten ere pesta taldeko kideek herritarrei gomita luzatzen diete egitarau aberatsa proposatuz: ostegunarekin idekiko dira Zuraideko bestak (20:00), Alaiki dantza taldeak eskainiko duen ikusgarriarekin.
Ondotik Krexelak-eko neska taldekoak entzunen ditugu suziriak aitzin, lehen gaualdia DJ Juniko musikariekin bukatuko da.
Biharamunean, ostiralean, kanpoan antolatuko duten zikiro gaualdia hasiko da (19:00) musikan, afaria zerbitzatua izanen delarik (21:00) Botakantukoek animaturik.DJ Bull dantzaldiarekin bururatuko da bigarren pesta gaua.
Larunbatean, Atzarriko gazteen pilota txapelketarekin hasiko da (10:00), sagarnotegi bazkariarekin segituz Bergara jatetxean, Bi Katxi taldeak animaturik. Mus txapelketa hasiko da Xilar trinketean (14:00), pilotako finalak jokatuko direnean plazan. Indar jokoak izanen dira haurrentzat lehenik (16:30), eta helduentzat (19:30). Punttu Kakotx txaranga hasiko da bazterren harrotzen (21:00), hiru musika taldek lekukoa hartu aitzin: Ska Bidean, Ezpalak, eta azkenik Infernu.
Igandean, meza ospetsua Ezpeletako musika bandak alaiturik (10:00). Laminen korrikleta (11:00) eta joko garbiko pilota partida segitzen ahalko dira herritarren zintzur bustitzearekin batera. Bazkaria, Xilar trinketean proposatua da xilarfest gaiarekin. Usaiako antzara jokoa iraganen da karrika nagusian (17:00), Alur dantza talde ezagunak ikusgarri ederra eskainiko duelarik ondotik.
Gauean, Alarma Morea entzuteko parada izanen da eta trikitixa jotzen duten Gozategi talde famatukoak. Gauerditan Suzko zezena etaDJ Doykoek dituzte bestak hetsiko.
Herriko gazteek diote herritarren gogoa betetzeko asmoarekin jokatzen direla, indarra eta kemena emanez besta horien antolaketan, Martin eta Chloé beti gogoan.











