Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Uztailaren 17a

Otsantzeko beila - Azken kontseiluko biltzarra - Odol biltze - Pilota - Erakusketa

Final ondoko podiuma
Final%20ondoko%20podiuma

Otsantzeko beila

Urtero egiten den bezala, santa Madalena kari, uztailaren 22an iraganen da Otsantzeko kaperan beila. Oinez joan nahi dutenentzat hitzordua emana da (14:30) Jondoni Bixintxo eliza aitzinean. Bi orenen bidea, ez sobera zaila, bainan bidaianteri gomendatua oinetako on batzuen hartzea eta makila bat lagun. Meza kaperan (18:00) izanen da. Ondotik adixkidantzazko hurrupaldia eskainia izanen da tokian berean. Talde bat izan behar liteke ere Senperetik abiatuko dena. Beila on deneri.

Azken kontseiluko biltzarra

Ekainaren 26an iragan da kontseiluko biltzarra Lapurdi gelan 24 hautetsirekin, beste guziek poderea emanik zutela. Huna aho batez onartu gaiak:

- DEFC Akitania Berriko erakundean, ziurtapen sisteman herriaren eratxikitze lortzea, oihanaren kudeantza eta obrentzat.

- Hirigintzan Lintingre Soula kide laguneri lur zati baten erosketarentzat izan diren gastuen ordaintzea.

- Kanpoko publizitatearentzat tokiko zerga tarifen eguneratzea.

- Frantses estatuari “Funts berde eta auzapez eraikitzaile” egitarauan, PLAI modeloko 17 bizitegiren eraikuntzarako diru laguntza eskatzea.

- Herriko Etxean horniduren, zerbitzuen eta toki hartze prezioen eguneratzea.

- Fibre 64 erosketa zentralean eratxikitze onartzea 200 euro ordainduz.

- Mediatekako liburuen kudeantzan, baliogabetuak edo ezin berrituak diren liburuen kentzea.

Finantzamendu gaiek eztabaida gehiago eta luzeago batzu lortu dituzte bereziki Arruntzako plazaren berrantolaketa egitarauak eskatzen duen diru zamaren onartze eta baieztatzeak. Hemen lau boz kontra altxatu dira (ezkerreko 4 hautetsienak). Jokamolde bera ere hautatu dute mediateka berriak duen egitarauan. Bi proiektu horietan lanak aitzinatzen ari dira halere.

Odol biltze

CCAS, herriko ekintza sozialen zentroak uztailaren 9an antolatua zuen odol hartzeak, “Etablissement Français du Sang” erakundearekin arrakasta ona ukan du oro har. Aitzinetik izena emanik zuten odol emaileek errespetatu dute beren hitza, nahiz arratsalde bukaerari buruz bazen oraino zonbaitentzat tokia, izenak ez emanik ere. Ekintza oso positiboa izan da.

Pilota

Etxean jokatzeak, bere publikoaren aitzinean, ez du erran nahi garaipena lortuko dela. Gauza hori bizi izan dute joan den igandean Bilgune plazan luzean jokatu den Euskal Herriko xapelgoaren kondu izan den luzeko finalean, Kapito Harriko pilotariek. Gure taldeak (Pelletrat anaiak, Echenique, Marro-Ouret, Dibar) galdu du Zaharrer Segiko taldearen (Izoco, Riouspeyroux, Duteil, Aurnague, Ascery) kontra 3/13. Egia erran fama handia daramala Baigorriko elkarte horrek eta erakutsiz baieztatu dute. Orain talde horiek orok jokatuko dute laster Frantziako xapelgoa zonbaitentzat final-laurdenetarik hasiz (edo finalerdi beste batzuentzat), Baionan jokatuko den finaleraino. Partida guzien egitaraua (egunak, orenak, tokiak eta arerioak) ez da ezagutua oraino. Gauden beha eta suerte on gure mutikoeri.

Erakusketa

Haltya jauregian erakusketek segitzen dute. Irudi eta kolage erakusketa izanen da uztailaren 25etik 27ra, Christine Bernard Faure andereak tokian emanik. Hiru egun horietan bisitak egin ditaizke (10:00-19:00).

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3795. zbk

Gure Hitza | 2025/07/17

Ainara eta zezena

Peio Jorajuria

Udan besta giro da. Deskantsatzeko eta bihotzak goxatzeko. Ez dugu haatik zangorik eman Iruñeko bestetan, ez eta Baionakoetan. Jende eta burrunba gehiegi. Badakit alta besta horietan bizi daitezkeela memento bikainak. Baina nahiago dugu mendi guneetako lasaitasuna.

Hain zuzen, azken aste hauetan, grazia berezi batez bete zaizkigu Baigurako inguruak. Udako lehen egunean berean, Ortzaizeko ikastolak zituen bere berrogei urteak alegeraki ospatu. Gogoan ditugu ikastola horren lehen urratsak, haize kontra eramanak. Eta bereziki, ikastolak nehongo laguntza ofizialik ez baitzuen erdiesten, nola burasoak berak lotu ziren lanari, beren eskutik buruan buru ikastetxe bikain baten altxatzeari, beren haurrek eta ondokoek ukan dezaten aterpe duina. “Jende ausarta edo eroa” izan behar zen, dio Mizel Mateo bidarraitarraren bertsoak.

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016