Herriz Herri - Hazparne (L) | 2025eko Uztailaren 17a
Estreinak - Hazparne ezagutu astoa segituz - Erakusketa - Kaperan
Estreinak
Larunbatean bazterrak bero ziren eliza inguruan jende berezia hor gaindi zebilelako. Alabainan bi estreinaz bat egin du Herriko Etxeak: lehenik igogailua, hauteskunde kanpaina denboran hitzeman bezala eliza saihetserat heltzea errextua zaie enbalierrei, adineko, haurren karrosa eta nahi duen orori funtsean. Erran da proiektua hemengo ofizialeekin egin dela eta Estatu, Eskualde eta Euskal Elkargoak diruztatu dutela parte handiena. Funtsean hor ziren prefeta, suprefeta, Euskal Elkargoko ordezkaria eta beste... Denek aldizka azpimarratu dute Hazparnek hartu duen freskaldia eta bizirik atxikitzeko egiten den indarra. Bestalde, orain arte Jondonane plazan zen turismo bulegoa, igogailu eta eskalerraren puntan aurki daiteke, berri-berria turisten errezebitzeko prest. Hau postako zalditegi ohian egina da.
Mintzaldiak bukatu eta, hizlariek igogailua entseatu dute eta eliza gibelean trago bat edan.
Hazparne ezagutu astoa segituz
Urtero eskaintzen den ibilaldia egiten da aurten ere uztailean eta agorrilean ostegun goizetan. Santa Terexa eskolako parkinetik abiatuz (9:00) eta asto bat segituz, astozainaren erranek Hazparne ezagutarazten dute: mitologia, mendia, euskal etxea, Nafarroako erreinua aipatzen ditu besteak beste.
Ibilaldiak lau kilometro egiten ditu eta eguerdi irian bururatzen da.
Nahi duen orori idekia da baina izena eman behar da turismo bulegoan bezpera arte: 05-59-29-62-02.
Erakusketa
Aste guzian eta 21a arte iraunen du Georgia Niekrasz anderearen tindu erakusketak, Choribit gelan. Egun guziz idekia da eta kitorik. Tinduak bainan ere zernahi ilustrazio mota sortzen eta erakusten ditu andere horrek.
Kaperan
Animazio parrasta bada han antolaturik: uztailaren 17an (21:00) Mendixola herriko korua entzuten ahalko da; 20an (18:00) Hegalkanta kantari taldeak bere kantaldia eskainiko du; 21ean (21:00) Bihotzez deitzen den Getariako gizon korua da entzunen.
Udako animazio guzien berri jakiteko bada liburuxka bat saltegietan, Herriko Etxean eta turismo bulegoan aurki daitekeena. Edo Interneten "Udako agenda estival 2025" jo eta dena ikus daiteke ere.











