Ba ote dakixu? | 2025eko Uztailaren 17a
Leon XIII (3/3)
Gilen Bacho
Luzaz, Elizarentzat, erregimen politiko “naturala”, beharrezkoa zena gizartea antolatzeko eta ordena begiratzeko, monarkia zen, partikulazki “Jainko eskubideko etorkizko monarkia”. Frantzian, Erregea “Jainkoaren lotinanta zen lurrean” baina iraultzak ordena hori hautsi zuen eta, III. Errepublikako egoeran sustut, Eliza eta Estatuaren arteko harremanak txartu ziren (1877an, Gambettak “klerikalismoa zela etsaia” erran zuen). Baina Leon XIII.ak Elizaren posizioa, Errepublikari buruz, kanbiatu zuen.
“Errepublika onartu”
1884an jada, ”Nobilissima Gallorum gens” entziklikan, Leon XIII.ak lehen urrats bat egin zuen Frantses Errepublikari buruz, erlisione katolikoaren irakaskuntzak “ordenaren begiratzeko eta Errepublikaren salbamenarentzat biziki eraginkorrak” zirela erranez, baina bere urrats handiena 1892an egin zuen, “Au milieu des sollicitudes” (usaian ez bezala, frantsesez idatzia latinaren orde) entziklika argitaratuz, zeinean aita saindua bake zibilaren alde engaiatu zen: “Uste dugu egokia dela, beharrezkoa ere, gure ahotsak berriro altxatzea, irmoago eskatzeko –ez dugu erranen katolikoei bakarrik–, baina ere frantziar zintzo eta zentzudun guziei, disidentzia politiko oro urruntzeko, beren indarrak beren aberriaren bakegintzara soilik bideratzeko”. Kardinalei igorri zuen gutun batean, 1892ko maiatzaren 3an, oraino argiago izan zen: “Frantses katolikoei erraten diegu: Errepublika onartu, zuen artean osatua den eta dagoen boterea errespetatu ezazue, hari sumetitu zaitezte, Jainkoarengandik datorren boterearen ordezkari bezala.” Aita saindua segituz, frantses katoliko zenbaitek (baina ez denek!), mundu politikoan ere (Albert de Mun bezala), Errepublika onartzea erabaki zuten (“Elkarretaratzea”). Baina, Dreyfus aferak mugimendu hori trabatu zuen, posizioak erradikalizatu baitzituen errepublikanoen eta katolikoen lerroetan. Egoera bero horretan, Leon XIII.ak posizio moderatua ukan zuen eta antisemitismoaren kontra engaiatu zen (posizio kuraiosa jakinez juduei buruzko herra biziki hedatua zela gizartean eta Elizan).
“Rerum Novarum” edo langileen aldeko aita saindua
Leon XIII.ak beste engaiamendu handi bat ukan zuen, langileen alde, eta horretako ezaguna da lehenik. Bere entziklika famatuena, “Rerum Novarum” (“Gauza Berriak”), 1891n argitaratu zuen. Aita sainduak langile pobreen baldintza txarrak azkarki salatu zituen, baita ere “nagusi bihozgabeak”, mintzaira argi eta zuzen bat erabiliz: “Langile isolatu eta babesgabeak, denborarekin, bihozgabeko nagusien eta diru-gosez neurrigabeko konkurrentziaren eskupean ezarriak izan ziren”. Aberatsak abisatu zituen: “Mundu honetako aberatsei ohartarazia zaie aberastasunak ez dituela minak saihesten, ez dutela baliorik betiko bizitzarako”. Lan baldintzen hobetzea eskatu zuen. Konkretuki, soldata onesta eta lanik gabeko egun bat astero. Langileei korporazio eta sindikatuetan elkartzea kontseilatu zuen. “Rerum Novarum” entziklika giristino-demokraziaren (baita ere giristino sozialaren) iturria izan zen. Leon XIII.a, 1903an pausatu zena 93 urterekin, aita saindu humanista izan zen, bere denborarekin zuzenki loturik egon zena, eta gai zenbaitetan, bere denbora baino aitzinatuagoa.











