Azalekoa | 2025eko Urriaren 30a

Batera prozesua martxan

M.O.

Maiatzean iragan zen Bateraren biltzar nagusia
Maiatzean%20iragan%20zen%20Bateraren%20biltzar%20nagusia

Batera plataformak prentsaurreko baten bidez, Ipar Euskal Herriaren instituzioari buruz eramaiten duen gogoetaren berri eman du. Baterako ordezkarientzat, Lurralde Kolektibitate baten alde agertzeko heldu diren herrietako eta Euskal Elkargoko bozak hitzordu garrantzitsuak izanen dira.

Lurralde Kolektibitate baten alde

Euskal Elkargoa sortu zelarik plataforma gelditu zen, joan den maiatzean biltzar nagusi baten bidez berrabiatu da, 2025-2028ko bide-orria adostua izan da. Biltzar nagusitik landa, plataforma Lurralde Kolektibitatearen edukia lantzen hasi da.

Euskal Elkargotik Lurralde Kolektibitatera pasatzeko beharra agertzen da, hostopil instituzionala arindu nahian. Herrien ordezkaritza atxiki nahi da: “Herritarren eguneroko beharreri erantzunen dien eta lurralderako proiektu sendoa eramanen duen egitura asmatzeko gogo handia bada. Egitura horretan hautetsiek beren toki osoa lukete, Kolektibitatean, zein toki mailan”.

Bateraren ibilmoldea egituratua izan da, gaika lantaldeak osatuak izan dira. Lurralde Kolektibitateak ukan beharko dituen eskumenak landuak izanen dira. Instituzio berri horretan, arloz arloka beharrak zein diren jakiteko Batera hainbat sektorerekin lanean ari da (ekonomia, soziala, etxebizitza, laborantza, trantsizio ekologikoa, hizkuntza politika...). Lurralde Kolektibitateak zer aldaketa ekarriko lukeen eztabaidatzeko, azaroaren 22an (goizez), Baionan forua antolatua da, edozeinek parte hartzen ahalko du. Lurralde mailan garatu beharreko eskumenak aipagai izanen dira, baita ere sortu beharreko baldintzak.

Deszentralizazioa eztabaidagai

Baterako ordezkariek, IFOP erakundeak deszentralizazioari buruz egin inkestaren berri eman dute. Inkestatuek Ipar Euskal Herriko lurralde antolaketari buruz beren iritzia eman dute. “Ipar Euskal Herriko estatus bereziko lurralde kolektibitatea?” galderari buruz Ipar Euskal Herriko herritarren %62a alde agertu da. Azpimarratu behar da “aldekoen” kopurua 2000. urteko kopurutik arras hurbil dela.

Bestalde, Sébastien Lecornu lehen ministroak deszentralizazioari buruz debatea abiatzeko xedea erakutsi du. Baterako ordezkarientzat: “Eskas demokratikoa agerian delarik eta administrazioa sinplifikatuagoa behar delarik, instituzio publikoen eraginkortasun eskasaren aitzinean berrantolatu behar da. Eragile politiko anitzek bat egiten dute erreforma baten beharra badela erraiteko”.

Eztabaida hau nola eramanen den ez bada finkatua, Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapena mahai gainean da, herriko bozetan aipamena ukanen duena.

Azaroaren 22ko foroa

Baterak azaroaren 22rako gomita luzatzen du, Lurralde Kolektibitatearen inguruan eztabaidatuko da. Hitzordua Baionako Arteen Hirian emana da (9:00). Maiatzeko biltzar nagusian Frantziako estuan diren Lurralde Kolektibitate eredu desberdinak aztertu ziren, horietan berezikiago 2015ean sortu Lyoneko Metropolia: “Oinarri ona dugu beraz Euskal Elkargotik Lurralde Kolektibitatera pasatzeko” errana izan da.

Bestalde, Lyoneko Metropolia kolektibitate bakarra da herrietako auzapezen ordezkaritza bere organigraman segurtatzen duena. “Nahiz eta gure ordezkatze sistema propioa asmatu beharko dugun, foruan galdera hauen inguruan solastatuko gira: zein da formularik hoberena? Gure lurraldearen errealitatea kontuan harturik egokiena? Nola uztartu sufragio unibertsal zuzena eta herrien ordezkaritza? Kostalde urbanizatuaren eta baserri eremuaren beharreri nola erantzun? Baterak proposamen konkretuak atera beharko ditu”.

“Estatus bereziko lurraldea” bilakatzen delarik, Lurralde Kolektibitate bat da. Kudeatzen dituen eskumen propioez gain, Departamenduko ala Eskualdeko eskumenak ere bereganatzen ditu.

Herritar plataformak azaroaren 22an antolatuko duen foroan, Lurralde Kolektibitatearen egituratze juridikoaren inguruko informazioak emanen dira eta beste Lurralde Kolektibitate batzuetako lekukotasunak entzunen dira. Tailerrak ere antolatuko dira, zeinetan bakoitzak ekarpenak egiteko parada ukanen duen. Gehienbat herritarrek parte har dezaten da Bateraren xedea.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3807. zbk

Gure Hitza | 2025/10/30

Edaten dugun ura

Louvreko museotik airatu dira Frantziako koroako joia famatu batzuk, milaka safiro eta diamante distiratsuz osatuak. Mundu zabalean ikaragarriko oihartzuna sustatu duen ebasketa. “Ezin estimatuzko galtzea” Frantziako “ondare paregabearentzat”, gainera “munduko museo handienean” gertatua. Afruntu bikoitza! Baina ene gustuko bada joia horiek baino altxor askoz garrantzitsuagorik. Hala nola ura, edateko ura, xahutzen eta kutsatzen ari dugun ura. Joiarik gabe bizi gintezke, urik gabe ez. Urak Lur planetaren %71 nonbait han estaltzen du, baina ur kantitate horretatik %2,5 inguru baizik ez da edangarri. Menane Oxandabaratzek, mundu zabaleko kronikan, artikulu ohargarria argitaratu zuen joan den uztailean gai hortaz, berriz irakurtzea merezi lukeena (3797. zenbakia, 2025/07/31).

Ur edangarria ez da betirako izanen, ez badugu kasurik egiten, salbu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016