Han eta Hemen | 2025eko Urriaren 30a
Biziren ekintza Kanboko auzapezaren kontra
Urriaren 15ean, Bizi mugimenduko 20 bat kidek ekintza bat antolatu zuten Kanboko Herriko Etxearen aitzinean, Christian Devèze auzapezaren “6 urteko alfer egote klimatikoa” salatzeko. Herriko Etxeko aitzinaldea afixekin estali zuten, larrialdi klimatikoaren parean gogo-hiltasuna, auzapezaren “fede gaiztoa” eta 2020ko herriko bozak aitzin, Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren ituna izenpetuz hartu hitzaren jatea argitan emateko.
Urriaren 15eko ekintza
Hogoi bat ekintzaile elkartu ziren Kanboko Herriko Etxe aitzinean. Idazkaritzan hautetsiei zuzenduriko gutunazala utzi zuten, kargualdiaren bilana barnean zela. Bizi mugimenduak Kanboko auzapezaren irudizko kartel handiak jarri zituen Herriko Etxeko aitzinaldean, letra gorrietan “Devèze: 6 urteko alfer egote klimatikoa” idatziz.
“Hitza hitz, gizona hits”
Kanbon elkarturiko militanteek kanboarrek “egia jakin” behar dutela adierazi zuten, “Christian Devèze-en taldeak haien izenean egin duenari buruz”. Izan ere, militanteen arabera, auzapezak ez ditu bete 2020an Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikorako itunean harturiko engaiamenduak. Horrez gain, azpimarratu dute Kanbo dela Ipar Euskal Herriko herririk txarrena arlo ekologikoan. Biziko kideak kezkaturik agertu dira, “Kanboko hautetsiek sei urte baliotsu galdu” dituztelako, “klima-aldaketaren ondorioak mugatzeko aukerak biziki laster ttipitzen ari direlarik”.
Bestalde, Bizi elkarteak bi urraketa nabarmendu ditu: bata Ingurumen Kodeko L228-2 artikulua, 2024an Tauletxea karrikaren arraberritzearen karietarabizikleta biderik ez antolatuz, eta bestea proteinak dibertsifikatzeko plana plantan ez ezarriz.
Horrez gain, salatua izan da auzapezak hartu hiru engaiamendu hautsi dituela: Euskal Monetari atxikitzeko eta haren garapena sustatzeko hartu zuen engaiamendua ez du bete, Kanbo da lurraldeko herri bakarra ez duena ez bizikleta-bide segururik, ez mugikortasun goxorako biderik ere gauzatu eta Marieneko lur emankorren artifizializazio-proiektuarekin, Christian Devèzek behin eta berriz urratu du Kanboko herritarrekin sinaturiko hitzarmena.












