Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Urriaren 30a

Omiasainduz, eskola libroaren bixkotx saltzea - Gozategian sukaldari bat bilatzen - Herriko kontseiluan diru laguntzak - Goiti Aire: ateraldi eta mus lehiaketa

4 herrietako hirugarren adinekoak, Maulen, 2024ko buruilean
4%20herrietako%20hirugarren%20adinekoak_%20Maulen_%202024ko%20buruilean

Omiasainduz, eskola libroaren bixkotx saltzea

Aiherrako eskola libroko burasoen elkarteak, aurten ere Omiasainduz bixkotxak salduko ditu elizako atean. Aurtengo berritasuna da Izturitzen eta Aiherran salduko dituztela, larunbat goizean, azaroaren lehenean, Izturitzeko elizako atean (10:00) eta arrastirian Aiherrako elizako atean (18:00).

Eskola huntan 33 ikasle badaude orotara, 21 Aiherrakoak eta 12 herri auzoetakoak. Salmenta hunen helburua da eskolako gastuen aiseago estaltzea eta proiektuen diruztatzea. Burasoek egin bixkotx onak 12€-tan erosten ahalko dira.


Gozategian sukaldari bat bilatzen

Gozategia ostatuan bigarren sukaldari bat xerkatzen dute. Badu ixtantean sei hilabete hunen kudeantza hartua duela Jerome Alfaro bastidarrak. Jatetxea egun guziz idekia baldin bada ere, hartua izanen den sukaldariak 5 egunez lan eginen du, astearte, asteazken eta ostegun eguerditan (9:00-15:00), ostiral eta larunbatetan (9:00-15:00 eta 19:00-3:00), eta igandearekin hilabetean bi aldiz (9:00-16:00).

Lanpostu huntaz interesatua dena ostatuarekin harremanetan sar dadila telefonoz (06-18-40-53-55) edo e-postaz (alf.jeje@gmail.com).


Herriko kontseiluan diru laguntzak

Herriko kontseilua bildu zen joan den astelehenean. Hamabost kontseilarietarik hamarrek parte hartu zuten. Bilkuran hartu erabaki garrantzitsuenak hauek dira:

- OGEC-i (eskola giristinoa) eta Seaskari (Ikastolen Federakuntza) diru laguntzak: eskola publikoko haurren kostua Herriko Etxearen gain da, eta hau aurten haur bakoitz 790€-ra heltzen dela estimatua dute. Herritar haurren artean berdintasuna praktikatzea deliberatua baitute kontseilariek OGEC elkarteari 16.590€ (21 haur) eta Seaskari 22.910€ (29 haur) emaitea bozkatu dute, 790€-ko diru laguntza emanez haur bakoitzarentzat. Ikasleen kopuruen aldetik auzapezak jakinarazi du Bigabat eskola publikoan 39 aihertar ikasle badirela.

- 12 elkarteeri diru laguntzak, 4.125€ orotara (joan den urtean 3.680€): Abarratia 900€,Irulegiko Irratia 260€, ACCA lehena ihiztariak 310€, APE eskola libroko burasoak 600€, CATM gerlari ohiak 120€, Herria astekaria 350€, Sos laborari astekaria 275€, Bidekoekin elkartea 250€, Lurzaindia fundazioa 400€, Handisport Pays Basque 310€, Izpindar 175€, CIDFF 175€.

- Herri erdiko zeharbidea arraberritzea: autoen emekiarazteko helburuarekin eremana da proiektu potoloa, seguritate eta paisaia antolaketa lan batekin, autobus geltokia egokituz, bide nagusia eta aparkalekua birmoldatuz. Kostu orokorra 486.120€-koa da (zergaz kanpo).

Orain Estatuari, Departamenduari eta beste edozein erakunde laguntzaileri laguntza eskatuko zaie, jakinez Euskal Elkargoak 30.000€-ko diru-laguntza onartua duela.

- Elizako teilatu osoa arraberritzea, hunen kostua 65.018€-koa izanen da, DRAC erakundeak 12.800€-ko diru laguntza deia segurtatua du. Estatuari, Departamenduari eta edozein partaide ezberdineri diru laguntzak eskatzea erabaki dute.

- 2025 bide obren programa: Kurutzaldeko bidea, Abarratiako bidea, Ur erresalbuen tokia, Arduarreko bidea (2 zati), Londaitzeko bidea (gurutzamendua), orotara 54.841,14€-ko kostuarentzat.


Goiti Aire: ateraldi eta mus lehiaketa

Urte hondarra kari, bi animazio proposatzen dauzkigu Goiti Aire hirugarren adinekoen elkarteak. Azaroaren 6an Cagnotte herrira abiatuko dira autobusez, ostegunarekin: Saint-Jean de Sorde komentuaren bisita, bazkaria eta St Etienne d’Orthes herriko eskalapoin egile baten atelierraren bisita.

Azaroaren 18an berriz, mus lehiaketa antolatzen dute Aiherrako Denen Etxeko gelan (10:00) 100€-ko lehen saria eskainiz. Tokian berean bazkaltzen ahalko da (15€). Antolakuntza errexteko gisan, aitzinetik izenaren emaitea galdetua da, azaroaren 10a aitzin, Pierre Mendiondo deituz (06-38-32-88-04). Antolatzaileek jakinarazten dute mus lehiaketa hau deneri irekia dela, batez ere Lekuine, Donamartiri, Bastida eta Aiherrako hirugarren adinekoeri. Pertsona bakoitzaren parte hartzea 10€. Mus lehiaketa hasi aitzin kafea eskainia izanen da. Ongi etorri deneri!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3807. zbk

Gure Hitza | 2025/10/30

Edaten dugun ura

Louvreko museotik airatu dira Frantziako koroako joia famatu batzuk, milaka safiro eta diamante distiratsuz osatuak. Mundu zabalean ikaragarriko oihartzuna sustatu duen ebasketa. “Ezin estimatuzko galtzea” Frantziako “ondare paregabearentzat”, gainera “munduko museo handienean” gertatua. Afruntu bikoitza! Baina ene gustuko bada joia horiek baino altxor askoz garrantzitsuagorik. Hala nola ura, edateko ura, xahutzen eta kutsatzen ari dugun ura. Joiarik gabe bizi gintezke, urik gabe ez. Urak Lur planetaren %71 nonbait han estaltzen du, baina ur kantitate horretatik %2,5 inguru baizik ez da edangarri. Menane Oxandabaratzek, mundu zabaleko kronikan, artikulu ohargarria argitaratu zuen joan den uztailean gai hortaz, berriz irakurtzea merezi lukeena (3797. zenbakia, 2025/07/31).

Ur edangarria ez da betirako izanen, ez badugu kasurik egiten, salbu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016