Gure Hitza | 2025eko Urriaren 30a
Edaten dugun ura
Louvreko museotik airatu dira Frantziako koroako joia famatu batzuk, milaka safiro eta diamante distiratsuz osatuak. Mundu zabalean ikaragarriko oihartzuna sustatu duen ebasketa. “Ezin estimatuzko galtzea” Frantziako “ondare paregabearentzat”, gainera “munduko museo handienean” gertatua. Afruntu bikoitza! Baina ene gustuko bada joia horiek baino altxor askoz garrantzitsuagorik. Hala nola ura, edateko ura, xahutzen eta kutsatzen ari dugun ura. Joiarik gabe bizi gintezke, urik gabe ez. Urak Lur planetaren %71 nonbait han estaltzen du, baina ur kantitate horretatik %2,5 inguru baizik ez da edangarri. Menane Oxandabaratzek, mundu zabaleko kronikan, artikulu ohargarria argitaratu zuen joan den uztailean gai hortaz, berriz irakurtzea merezi lukeena (3797. zenbakia, 2025/07/31).
Ur edangarria ez da betirako izanen, ez badugu kasurik egiten, salbu noizbait itsasoko ur gazia edangarri bilakarazten bada. Ez gaude horren bezperan. Hemen gaindi, hala ere, zorte ona dugu, munduko bertze asko tokitan baino ur gehiago baitugu, eskualde beroenetan zoritxarrez aspaldian kasik urik gabe baitaude, eta gu haien egoeraz badirudi ez gaudela batere griñatsu. Frantzian, xurrutako ura aski hurbiletik kontrolatua da osasun ministerioarengandik. Halere, orain arte, uraren kalitateaz bakoitzak gure etxean ukan genezakeen txostena ez zen aski zehatza.
Berrikitan, “Générations futures” elkarteak “Dans mon eau” karta interaktiboa zabaldu du Internet sarean, ingurumenaren alde lan egiten duen Data for Good elkarteak sortutako data.dansmoneau.fr/embed helbidean kontsultagarri dena. Lurralde osoan eginak izan diren kontrolen emaitzak dira hor agertzen, hilabete guziez gaurkotuak direnak. Gutarik bakoitzak ikus dezake xuxen nolako ura edaten duen bere etxean. Orain arte emanak ez zitzaizkigun argitasunak ekarriak dira, hala nola urak dauzkan bost elementu kimiko kutsakor nagusienak: pestizidak, nitratoak, PFAS (betiereko milaka molekula sintetiko), CVM (substantzia kimiko gasdunak), perkloratoak (gatz mota bat). Ipar Euskal Herrian, bi elementu kutsakor dira nagusiki agertzen, nitratoak gehien bat eta PFAS delakoak, baina aizu diren neurriak gainditu gabe. Hots, ur kutsatutik edaten dugu orokorrean (botilako uretik edatean ere), baina administrazio sanitarioen arabera neurri onargarrietan. Erran zaharrak dio “egarri denarentzat pegarra ez (dela) sekulan zikina”. Gaur pegarra garbia izanik ere, ura da ez garbia. Gauden beraz erne, ura debaldetan xahutu gabe eta bereziki kutsatu gabe.










