Mundu zabalean | 2025eko Urriaren 30a

Mendietako trail lasterketak

M.O.

Chamonix-eko UTMBaren abiatzea (Arg: F. oddoux/UTMB)
Chamonix-eko%20UTMBaren%20abiatzea%20(Arg:%20F.%20oddoux/UTMB)

Urtez urte trail deitu mendi lasterketek nazioartean arrakasta ukaezina dute. Praktika horrek munduko hainbat lekutan ondorio ekologikoa ukan lezake. Lasterkari gehiago eta mendi xendrak kaltetuago izaiteko arriskuan dira. Edozein kiroletan bezala, mendi-lasterketak praktikatzeko molde errespetagarrian egin behar direla aipatzen da.

Trail fenomeno berria

UTMB World Series 2021ean abiatu zen nazioarteko ultra-trail lehiaketa da, sortuz geroztik lasterkarien kopurua goratuz joan da, milioika pertsonek parte hartzen dute. Gaur egun, 16 lurraldetan (Asia, Ozeania, Europa, Afrika eta Amerika) 26 ultra-trail antolatuak dira.

Kirol mota horrek arrakasta handia bildu du, Frantziako estatuan berean 1,4 milioi pertsonek trailetan parte hartzen dute (2023/2025 artean %11 gehiago).

Mendi lasterketa horrek diziplina zorrotza eskatzen du, behartzen baitu kronometroa zainduz anitz orenez lasterka aritzea. Deskantsatzeko lasterka ari direnek eta trailak egiten dituztenek ez dute korrika praktikatzen helburu berarekin, lehenek plazerarentzat, besteek konpetizio izpirituarekin.

Lasterka aritzeko munduko beste puntara

Abenturarako fenomeno berri horren asetzeko, bidaia-agentziek merkatu berri hori punpean hartu dute, turismoaren ekonomiarentzat abantailatsua baita. Ondorioz lasterketak iragaiten diren tokietako herritarrak haserretuak dira. Bizpahiru egunez bideak blokeatuak, jendetza mustupilka… hots egunerokoan trabatuak dira. Irakurtzen ahal da: “Orain mendi lasterketekin egiazko merkataritza batean gira. Naturaren kontsumitze logika batean aurkitzen gira, naturaren zaintza logika batean baino. Trail lasterkak sortu zituzten pertsonen baloreetatik urrun gira”.

Ingurumena lanjerean

Lasterketa horietan parte hartzeko, atzerrira bidaiatzeko eskaintza anitz badira, besteak beste Uzbekistan, Peru, Nepal, Jordania, Kenya eta Namibia estatuetara buruz. Sare sozialetako influentzia-zaleek eragin handia dute, baita Trail the World eta Decathlon Travel bezalako agentziek, etekin ekonomikoak ateratzen baitituzte.

Bidaia horien gostuaz gain, bazterrak kutsatzen dira, biodibertsitatean ondorioak ere ez dira neutroak. Korrikalarien emendatze errepikakorrak lurzorua andeatzen du eta ura xurgatzeko gaitasuna mugatua da. Ingurumenaz arduratzen diren Gobernuz Kanpoko Erakundeek egoera horren aitzinean deiadarra zabaltzen dute.

Bere buruaren gainditzearen beharra

Tor des Géants (Italia) munduko trail lasterketarik luzeena da. Parte hartzaileek 150 oren dituzte 330 kilometro egiteko, 25 pasabide zeharkatzeko eta 24.000 metroko desnibela gainditzeko.

Diagonale des Fous, Réunion uhartean ospatzen den muturreko trail lasterketa da, berrikitan iragan dena. Urtero, mundu osoko korrikalariak elkartzen dira, ibilbideak uhartea zeharkatzen du, 175 kilometro inguruko distantziarekin, gau eta egun irauten du.

Irail hasieran, Chamonixen “Mont-Blanc Ultra-Trail” lasterketaren hogeigarren edizioa iragan da, 100.000 pertsona baino gehiago bildu dira, horietan 10.000 korrikalari. Gertakaria 8 lasterketekin iragaiten bada, ekitaldi nagusia “UTMB 100M” da (171 kilometro eta 10.000 metro desnibela), 118 nazionalitateko lasterkariek parte hartu dute. Mundu osotik jendea Chamonix-era turrustaka etorri da, kosta handiko bidaia luzea eginik.

Simon Lancelve soziologoak zioen, “Trail lasterkariek ezagupen soziala bilatzen dute, nolabaiteko prestigioa. Naturan egoitea gustatzen zaiela diote, baina batez ere beren buruaren gainditzea.Pertsona batek zerbait intentsibo bizi nahi du eta deneri erakutsi. Sare sozialetan oroitzapen ikusgarriak izan behar dira”.

Naturaren Aldeko Munduko Funtsa

Naturaren Aldeko Munduko Funtsa (WWF), nazioarteko ingurumen erakunde independente nagusietako bat da. Sei milioi kiderekin, 100 herrialde baino gehiagotan sare aktiboak baditu. Erabilgarritasun publikoko fundazioa da, planeta bizidun baten alde lan egiten du.

UTMB World Series erakundeak WWFri trailetan karbonoaren ebaluatzea galdegin zuen. Korrikalariak eta haien lagunak soilik kontutan hartu eta, karbono aztarna 11.610 tonakoa dela kalkulatu da.

Métropole Trail Nature egiturako Olivier Harduinek zioen: “Praktikatzaileak lagundu behar dira, kontsumitzaile-aktore bihurtzen, ingurumenean eta jendartean eragin positiboa ukan lezake. Batez ere, gertakaria ez da ikuskizun bat izan behar”.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3807. zbk

Gure Hitza | 2025/10/30

Edaten dugun ura

Louvreko museotik airatu dira Frantziako koroako joia famatu batzuk, milaka safiro eta diamante distiratsuz osatuak. Mundu zabalean ikaragarriko oihartzuna sustatu duen ebasketa. “Ezin estimatuzko galtzea” Frantziako “ondare paregabearentzat”, gainera “munduko museo handienean” gertatua. Afruntu bikoitza! Baina ene gustuko bada joia horiek baino altxor askoz garrantzitsuagorik. Hala nola ura, edateko ura, xahutzen eta kutsatzen ari dugun ura. Joiarik gabe bizi gintezke, urik gabe ez. Urak Lur planetaren %71 nonbait han estaltzen du, baina ur kantitate horretatik %2,5 inguru baizik ez da edangarri. Menane Oxandabaratzek, mundu zabaleko kronikan, artikulu ohargarria argitaratu zuen joan den uztailean gai hortaz, berriz irakurtzea merezi lukeena (3797. zenbakia, 2025/07/31).

Ur edangarria ez da betirako izanen, ez badugu kasurik egiten, salbu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016