Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2025eko Urriaren 30a
Arratsalde arrakastatsua Frantziskanoen historiaren inguruan
Frantziskanoek Donapaleun ukan duten leku garrantzitsua oroitarazteko, Zabalik elkarteak arratsalde bat antolatu du joan den ibiakoitzean, urriaren 25ean Bideaken. Okasioneaz baliatu da, “Arantzazu” dokumentala proiektatzeko arratsalde bukaeran. 100 bat lagun hurbildu dira arratsalde hortarat.
Lehen partean, zenbait lekukotasunen bidez, frantziskanoek ukan zuten leku garrantzitsua gure eskualdean azaldua izan da.
Hasteko, Mattin Irigoienek Donapaleuko komentuaren historia (1851-2006) laburbildu du. Ondotik, Xantxo Iturrioz, Donapaleuko azken frantziskanoak, orain Arantzazun dena, bere esperientzia, euskaldun eta frantziskano bezala azaldu dauku. Noel Xohobigaratek, frantziskanoen engaiamendua, laikoekin eta herri mugimenduekin xeheki esplikatu dauku. Nola ez aipa, Manex Erdozaintzi-Etxartek ukan zuen leku garrantzitsua hemen eta Arantzazun. Bere obratik ateratu bi olerki irakurtu dauzkigu Piarres bere ilobak. 1990etik goiti, frantziskanoen lekua ahulduz, laikoak hurbildu ziren eskukaldi baten emaitera eta kontestu hortan Zabalik elkartearen sortzea 1993an azaldu du André Pessans-ek. Luzaz lehendakari izan zen Aguxtin Epherrek xehetasunak eman dauzkigu Zabalikek egin berritze laneri eta harrera arloan gidatu zituen aktibitateeri buruz.
Ondotik, Margitta Mathieu eta Mattin Irigoienek Manex gogoan taldeak erabili lanaren berri eman daukute. Bururatzeko, Pelle Errezarretek Zabaliken azken bi urteak (2005-2006) kondatu dauzkigu. Esplikatu dauku nola konbentuaren jabe zen "La Toulousaine" egitura eta Donapaleuko Herriko Etxea harremanetan jarri ziren etxe hori herriari saltzeko. Orduko Donapaleuko auzapezak baldintza bat pausatu zuen etxe hortan ziren aktibitate guziek gelditu behar zutela gehitu du Pelle Errezarretek. Zabalikek hitzarmen bat eskuetan ukanik ere horko aktibitateak segitzeko, mehatxuen bidez gelditzea behartua izan zen 2006an. Geroztik, Herriko Etxeak Bideak proiektua garatu du eta 2020an Donapaleun bozkatua izan den ekipa berriari esker, Zabalikek berriz leku ospetsu hortarat itzultzeko aukera ukan du. Frantziskanoen historia leku hortan oroitaraztea Zabaliken ahotik ez da guti sinbolikoki!
Mattin Irigoienek orduan idatzi zuen "Zabalik hetsi dute" kantuarekin bururatu da emozio handiarekin lehen partea.
Krakada baten ondotik, bigarren partean "Arantzazu", Pello Sarasuak egindokumentala,proiektatua izan da. Dokumentalaren aurkezpenak dioen bezala "Arantzazu ez litzateke gaur dena izango herririk gabe eta herria ere bestelakoa litzateke Arantzazu gabe". Dokumentalak finezia handiz erakusten ditu leku horrek sortzen dituen emozioak. Biziki preziatua izan da. Laster Euskal Telebistan pasatu behar litzateke.











