Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Urriaren 30a
Pilotari so - Urria kolorez kolore - Urri arrosa - Klimaren astea, berdea nagusi - Aste Urdina - Klaseko afaria - Omiasainduko elizkizunak - Gau beltza - Bortizkeria numerikoen eguna
Pilotari so
Zorigaitzez, errugbi, eskubaloi eta nork daki zer aitzakiarekin, asko pilotari gaztek uzten dute euskaldunen ama-kirola. Halere izar batzu, trebatzaileen lanari esker, pizten zauzkigu herrian, aipamena zor diegu. Hala nola, ezkerparetan esku-huska, M12 mailan (xitoak), Jaureguy Unai herritarrak, Frantziako titulua lortu du Noizbait Hazparneko Sallaberry Panpi garaituz, 10/8, 5/10 eta 5/3. Horrez gain, bi senpertar ailegatu dira finalerdietara,M14 mailan (kimuak), Larreboure Bonnet Odeieta M16 mailan (gaztetxoak) Jaureguy Jokin. Hauetarik kanpo, herriko pilotari parrasta handi bat engaiatua da bereziki trinketeko txapelketetan, pilota sendo dabil orainokoan.
Urria kolorez kolore
Hilabete honetan, urtero errepikatzen diren ekitaldiak kolorez margotuak dira.
Urri arrosa
Minbiziaren aurka egiten diren ekintzak, herriz herri nabarituak dira. Senpereri dagokionez, Adinekoen elkarteak arrosa kolorezko oihalekin karrikan diren zonbait zuhaitz beztitu ditu, emanez halako freskura bat ingurumenari. Hari beretik, Maripurdi argazkilariak erakusketa aurkeztu du Larreko kulturgunean, nun argazkien bitartez lagundu dituen "Nesk’à paillettes" (minbiziak hunkitu kideak) beren irudiaren onartzen. Emozioz beteriko erakusketa.
Klimaren astea, berdea nagusi
Karia huntara, ekimen asko proposatuak ziren, Lurberria barraderaren bisita, honek babesten du herria uholdeen kontra, Helbarrungo ur-araztegiaren deskubritzea, bizikleta tailerra Recycl’arteelkartearen ekimenez, baita eskolen bisita.
Aste Urdina
Herriko Zerbitzu Sozialaren (CCAS) eskutik, 65 urtez goitiko jendeendako, ongizatearen saloia, tailer moduan, joan-jineko oinezko ibilaldia karrikatik lakuraino baita Txik-Txak autobus zerbitzuaren presentaketa, erabilera ongi ulertzeko xedearekin.
Klaseko afaria
1975. urtean sorturikoak beren bizi lagunekin gomit dira mende erdiaren ospatzerat, Kinka ostatuan iraganen den afarian, azaroaren 22an (19:00). Izen ematea beharrezkoa da hazilaren 9a aitzin deituz: 06-14-26-80-02ra edo 06-68-97-26-59ra.
Omiasainduko elizkizunak
Hazilaren 1ean, larunbat goizean (10:30), meza nagusia gure elizan, arratsaldeko bezperetarik (15:30) landa usaiako prozesioa hilerrietara. Biharamunean, parropia guziko hilen meza bakarra igandean (10:30) Senpereko elizan.
Gau Beltza ostiralean
Senpereko Zaldubi Ikastolak antolatzen du pilota plazan urriaren 31n, Halloween-en ordez euskaldun ekitaldia: tailerrak haurrentzat (18:00-19:00), ipuin beldurgarrien kondaketa Xan Errotabehererekin (19:00-19:30), dantzak Zirikolatz eta Bizaldurekin (19:30-19:45), beldurren erretzea eta kalabaza ederrenaren irabazlearen izendatzea (19:45). 20:00tatik goiti, gaitzeko aperitifa partekatua dantza eta kantuek animaturik.
Bortizkeria numerikoen eguna
Herriko haur eta gazteen zerbitzua, jendarmeriaren partaidetzarekin, E-Enfance eta Adoenia elkarteak baita Ospitale zentroa, egun berezi horren antolatzaile dira, azaroaren 5ean, asteazken arratsaldean (13:00-18:00), Larreko kulturgunean. Sekulako programa aurkeztua da haurrak sentsibilizatu eta informatzeko gisan, tresna numerikoek sortzen dituzten arazoei buruz. Herriko Etxeko webgunean egitarau mamitsua, ez huts egin.











