Herriz Herri - Aiziritze-Gamue-Zohazti (NB) | 2025eko Urriaren 30a
Aiziritzeko bestetako kantaldia
Aitzineko larrazkenetan egiten duten bezala, aiziriztarrek herriko bestak kari kantaldia proposatzen dute azaroaren 9an, igandez (15:30) Xiloka gelan.
Hiru talde famaturen entzuteko parada emana da. Lehena, Altzükütarrak taldea. Berrogeita sei urte dabiltzala herriz herri beren betiko kantari leialekin, bazterrak xoratuz. Merexi dute beren izenen agertzea hemen: Jean Etchegoyen, Beñat Queheille, Jean Philippe Prat, Jean Etxart, Dominique Epherre, Pierre Jaragoyhen, Jean-Louis Bergara akordeoian, eta Michel Garat gitarran.
Bigarren taldea, Gérard eta Kattalin Ihidoi bikotea, beren urrezko bozekin. Gérard aspalditik ezagutzen dugu Daniel Xalbadorrekin batean. Hau gelditu-eta, Kattalinek hartua du lekua. Ongietorria egina izanen zaie.
Hirugarrena, Lau Buru emazte taldea. Jada bi aldiz izanak dira. Orain dela hamabost urte, Iguzki Lore abesbatzan eskolan zirelarik hasi ziren kantuz eta geroztik hor dira beti trenpu hoberenean. Izenak emanen ditugu: Véronique Harispe, Katty Bidart, Nathalie Etchegarai, Yvette Oçafrain, Paxkalin Aire, eta Mikel Erramuzpe gitarran. Mikel Erramuzpe, Iguzki Loreren sortzaile izan zen eta aurten bi aldiz ibilia da Amikuze alderdi huntan, bere filma Perkain aurkezten.
Kantua maite duten guziak gomit dira azaroaren 9an arratsalde goxo baten pasatzera Aiziritzera. Sartzea kitorik denentzat eta sala berotua beharrez.











