Gogoa hazi | 2025eko Urriaren 30a
Turkian barna
Maite Iratzoki
Herrialde bat edo bertze bat bisitatzeko arrazoi anitz dira: emigratu duen familiaren ikustera joan, bazterren edertasuna, historia, iduzkia eta biziaren goxotasuna, exotismoa, kuriostasuna eta abar. Teologia ikasketak izan dira Turkiarat joaiteko arrazoiak, Euskal Herriko, Biarnoko eta Landesetako 44 lagunekin. Erlisio giristino mailan, Erroma, Jerusalem, Palestina, Lurde, Fatima eta hainbertze toki aipatzen dira beila egiteko eta bisitatzeko, bainan Turkia ez da lehen helmuga. Aldiz, giristinoak han hedatu ziren, Jondoni Pauloren predikuen ondorioz. Efesa, Milet, Hierapolise, Pamukkale, Laodize, Perge, Pisidiko Antioxe, Konia, Kapadozia, Tarso, baita Istanbul eta Nize hola bisitatu ditugu.
Turkia bi kontinentetan zabaltzen da, Europa eta Asia. Zortzi herrialderekin mugak baditu: Siria, Irak, Iran, Azerbaijan, Armenia, Georgia, Bulgaria, Grezia. Ankara da bere hiriburua, Asian, eta Istanbul, Europako partean, hiri jendetsuena. 85 milioi biztanle ditu Turkiak. Ataturk presidenteak estatu laikoa egin zuen 1923an.
Turkiarat aurten joaiteko aukera edo aitzakia izan da, duela 1700 urte Nizean ospatu izan zen lehen kontzilio ekumenikoaren urteurrena. Zer izan zen 325. urtean? Konstantino lehenak, erromatar enperadoreak, Ekialdeko inperioko apezpiku guziak deitu zituen. 250 eta 318ren artean bildu zituen Arius apezak erraten zuena ikertzeko. Hunek zioen Jesus gizon zela bainan ez jainko. Hiru hilabetez gai hori aztertu zuten eta hortik sortu zen “Sinesten dut” otoitzaren idaztea, Ariusen teoria kondenatuz. Kontzilioak bertze hogoi bat dekretu ere sortu zituen, horien artean Bazko noiz ospatu. Gaur egun Nize hiria Iznik deitzen da. Orduko harrizko eliza eta egin zuten bilkuraren tokia desagertuak dira, bainan urperatutako harri eta zimenduak aurkitu dituzte. Orduko bilkuraren tokia ote zen? Geroak erranen hala zen edo ez! Heldu den hazilaren 27an, Leon aita saindua harat joanen da kontzilio horren urteurrena ospatzeko.
Turkiako herrialde zabal hunek kultura ezberdin anitz hartu ditu bere historian zehar: greka, erromatarra, bizantziarra, seliukidarra, otomandarra eta ere zaharragoa, hititarra Erdialdeko Turkian. Horiek oro beren arrastoak utzi dituzte. Konstantino enperadorearen ondotik giristinoak zabaldu dira, elizak eraiki dituzte, freskoak marraztu murruetan, mosaikoak sortu. Komiki bat bezala Jesusen bizia kondatzen dute irudien bidez. Istanbuleko Salbatzaile saindu in chora elizaren soailu guziak irudi-liburu bikainak dira. Gauza bera aurkitzen da Kapadoziako eliza trogloditetan. Tufean zilatutako bizileku eta eliza horiek naturaren, espiritualtasunaren, sorkuntza artistikoaren altxorra dira. Hainbertze emazte eta gizon bizi izan dira hor otoitzean, beren gogoetak idatziz. Harrigarria eta aldi berean bikaina. Jainkoaren bilaketa bizi-iturri agortezina dela ikusten da.
Gaur egungo bizia nola den Turkian, hori bertzerik da. Hiri handietan, Istanbul, Bursa, Izmir, Adana, jendeak nahasiak dira. Tarsoko hirian, Jondoni Paulo sortu den tokian, auzo bat bisitatu dugu nun hemengo lehengo ofizioak oraindik bizi diren, hala nola ikazkin, zorroztaile, baratxuri saltzaile, zapata garbitzaile. Estatua laikoa da, bainan goizean goizik eta egunean bost aldiz, muezzinaren deia entzuten da toki guzietan. Meskitetan emazteek beren lekua badute, ttikia eta diskretua, pixka bat bazterrean, eta gizonek ongi ikusten den espazio handia. Lehengo elizak, musulman meskitak bihurtuak izan dira, salbu hiri batzuetako eliza bakan batzu. Orain meskita bihurtuak diren lehengo elizetan, kanpotiar emazteak burua mantelina batek estalia sar ditazke, bertzela ez. Gure taldean, emazte guziek mantelina bat ezarri behar ginuen ileak gordetzeko. Eta kontrola zorrotza da. Kontrol hori zabala da: meskita bihurtutako Santa Sofia basilikan, nere motxilan lotua zen ikurrina, bi zaindariek kendu zuten eta ongi plegatua eman zidaten debekatua zela erranez. Hori ere gorde behar zen. Libertate edo askatasun hitza guti erabilia da toki horietan.
Debekuak anitz dira, bereziki emazteeri dagokienez. Gehienek burua estalia dute, eta hiri batzuetan, hala nola Konian, kasik denek. Beltzez beztituak dira, burutik oinetaraino, aurpegia bakarrik agertuz. Bertze batzu, den dena gordea, idekidura ttiki bat begien aitzinean. Mamuak iduri dutela! Bainan nola daiteke hori? Zergatik gizon batzuk erabakitzen dute emazteek horrela jauntzi behar dutela? Nola erabakitzen dute kanpotiar emazteek, bertze erlisioneko emazteek, burua estali behar dutela meskita batean sartzeko?
Eta larriagoa oraindik. Eskulan tailer batzu bisitatu ditugu, bereziki tapiz edo alfonbra tailerra. Emazteek bakarrik egiten dituzte tapizak, dena eskuz. Gizonek merkataritza, saltzea, harremanak egiten dituzte. Emazteek ez dute lansaririk! Tapiz lana hasten dute beren etxean eta lan hori hasteko dirua ematen zaie behar dutena erosteko. Ondotik, tapiza saldua delarik, orduan dirua ematen zaie. Zenbat? Zenbatekoa nola kalkulatua da? Ez dugu jakin. Aldiz egiteko modu horrek emazteak motibatzen dituela erran daukute! Emazte horien bizimoduak pena handia eman dautate, eta emazteek jasaten duten injustizia, zuzengabekeria, kolera handia.










