Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Urriaren 30a

Gau Beltza - Ibardingo Metaka besta - Auzoetako Kontseilua - Aritz Ibarra, zurekin gira! - Seaskaren egutegi berria - Tripotx jatea - Pello Alcantarillak auzitara jo du

Gau Beltza (Arg: Paxkal Clerc)
Gau%20Beltza%20(Arg:%20Paxkal%20Clerc)

Gau Beltzaren egitaraua

Hilaren 31n, ostiralarekin, Gau Beltza ospatuko da herrian honako egitarauaz: ipuin kontaketa euskaraz Zernahi elkarteak antolaturik (16:30), makillaje etamozorro tailerra frontoian (17:00-19:30), dantzaldia Jose Cazaubon eta Kiki Bordatxorekin (19:00), ibilaldi mitologikoaren abiatzea pilota-plazatik (19:45), ibilaldia herriko plazan izanen da (20:00) eta hor berean, kantuak, txalaparta eta suaren inguruko mutxiko eta beste dantzak eginen dituzte. Tukutun txalapartariek, Kuxkuxtu txarangak, trikitixak eta Airoski dantza taldekoek animatuko dute. Horren ondotik Pirotek elkarteak “Suaparta” ikusgarria eskainiko du Daniela Albizu plazan, Herriko Etxearen aitzinean. Ikusgarri horretan txalaparta, musika, piroteknia eta sua nahasiko dira. Bukatzen delarik, jan-edatekoak eta animazioa ere izanen dira plazan. Parte hartzea denendako idekia da. Antolatzaileak: Berttoli, Airoski, Hazia, Besta Komitea eta Herriko Etxea.

Ibardingo Metaka besta arrakasta handiz

Urruñako eta Berako Herriko Etxeek antolatu “Metaka Auzalanez” izeneko besta urriaren 17tik 19ra ospatu zuten Ibardinen, arrakasta handiz, eta jende anitz erakarriz. Igande goizean, urruñarrek belar-metak egin zituzten eta eguerdian beratarrek. Imanol Ameztoi eta Patxi Larretxea ari izan ziren azalpenak ematen. Arratsaldean kantuak eta txaranga izan ziren eta arratsean herri kirolak, Sustrai Colina eta Ekhiñe Zapiain bertsulariek animatuta. Anai-arreben arteko besta ederra eta giro aparta!

Auzoetako Kontseilua

Auzoetako Kontseilua tokiko demokrazia eta parte hartze instantzia da, Herriko Etxeak ezarria.Instantzia horren funtzioa demokraziaren tresna izatea da, herritarren adierazpena eta parte hartzea ahalbidetzen dituena. Huna helburu batzuk: 1.- herritarren parte hartze instantzia bat eratu eta elkarrizketa sortu auzoko ordezkarien eta hautetsien artean. 2.- auzoetako inbestimendu beharrei buruzko diagnostiko partekatua egin herriko zerbitzuekin. 3.- auzoko bizi kalitatea hobetzeko antolamendu ideiak garatzeko baldintzak sortu. Kide izateko baldintzak: pertsona fisikoa izatea, 18 urte baino gehiago ukaitea, auzoan bizitzea eta auzoetako komite bakarrean parte hartzea (auzapeza eta auzoetako biziaren hautetsi arduraduna izan ezik). Bilkuren datak: Pausu-Teilatubaita: urriaren 16an (18:00),Herriko Etxean (Kontseiluko gelan), jadanik egina. Zokoa-Erlaitza: azaroaren 4an (18:00),Herriko Etxean (Kontseiluko gelan). Oleta-Herburu: azaroaren 20an (18:00), Oletako eskolan.

Hiribarnea: azaroaren 24an (18:00),Herriko Etxean (Kontseiluko gelan).

Kexiloa: azaroaren 27an (18:00),Herriko Etxean (Kontseiluko gelan) eta Mendixoko: abenduaren 4an (18:00), Lepobidea gelan.

Aritz Ibarra, zurekin gira!

Urriaren 12an, igandez, 1936ko gerlan eta 40 urteko frankismoan, Hego Euskal Herria odolustu zuten falangistek agerraldi publikoa egin zuten Gasteizen. Anitz izan ziren protesta egin zuten gasteiztarrak, eta ertzainek kargatu zuten, Aritz Ibarra ilustratzaile ezaguna, oso bertatik jaurti pilotakada batez zaurituz. Horren ondorioz, matrail-hezurra hautsi zioten. Gerora, Aritz Ibarrak epaitegian salatu zuen gertatutakoa. Duela hiru urte, Aritz Ibarrak Udalbiltzaren lehiaketa irabazi zuen eta Urruñan izan zen zenbait egunetan urruñarrekin mintzatzen, ikertzen eta oroitzapenak eta datuak bilatzen. Horiei esker, plazaratu zuen I. Gerla Handian Iparraldean gertatutakoaz egindako komiki historiko ederra, Urruñan oinarriturik dena. Sendatze bide on desiratzen dizugu. Zurekin gira!

Seaskaren egutegi berria

Jadanik Seaskaren 2026ko egutegia salgai da ohiko tokietan: ikastolan, tabako bulegoan, Dongaitz trinketean, Xaia ostatuan… Beti bezain eder, naro eta oparoa.

Tripotx jatea

Azaroaren 7an, ostiralez, tripotx jatea izanen da Pausuko Xaia ostatuan (20:00). Animazioa Brililiak taldearekin. Prezioa: 30 euro. Antolatzailea: Bakalau elkartea. Izen-ematea: 05-47-75-07-02.

Pello Alcantarillak auzitara jo du

2004an atxilotu zuten Madrilen Pello Alcantarilla urruñar auzoa eta polizia espainiarren torturak jasan behar ukan zituen. 2019an komunikabidetan ikusi eta identifikatu zuen torturak zuzendu zituen Perez de los Cobos koronela, eta orain epaitegietan salatu du.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3807. zbk

Gure Hitza | 2025/10/30

Edaten dugun ura

Louvreko museotik airatu dira Frantziako koroako joia famatu batzuk, milaka safiro eta diamante distiratsuz osatuak. Mundu zabalean ikaragarriko oihartzuna sustatu duen ebasketa. “Ezin estimatuzko galtzea” Frantziako “ondare paregabearentzat”, gainera “munduko museo handienean” gertatua. Afruntu bikoitza! Baina ene gustuko bada joia horiek baino altxor askoz garrantzitsuagorik. Hala nola ura, edateko ura, xahutzen eta kutsatzen ari dugun ura. Joiarik gabe bizi gintezke, urik gabe ez. Urak Lur planetaren %71 nonbait han estaltzen du, baina ur kantitate horretatik %2,5 inguru baizik ez da edangarri. Menane Oxandabaratzek, mundu zabaleko kronikan, artikulu ohargarria argitaratu zuen joan den uztailean gai hortaz, berriz irakurtzea merezi lukeena (3797. zenbakia, 2025/07/31).

Ur edangarria ez da betirako izanen, ez badugu kasurik egiten, salbu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016