Ba ote dakixu? | 2025eko Urriaren 30a

Gizarte segurantzaren sortzea (2/3)

Gilen Bacho

Ambroise Croizat, lanaren ministroa, 1945etik 1947ra
Ambroise%20Croizat_%20lanaren%20ministroa_%201945etik%201947ra

Alexandre Parodi Frantses Errepublikako Behin-behineko Gobernuko (GPRF) Lan eta Gizarte segurantzako ministro gisa izendatua izan zelarik, 1944ko irailean, Gizarte segurantza honela definitu zuen: “Pertsona bakoitzari ematen den bermea da, edozein kasutan bere biziraupena eta bere familiarena baldintza duinetan bermatzeko beharrezko baliabideak izango dituela”.

Komunistak eta Gaullistak eskuz esku

Pierre Laroque izan zen bere konfiantzazko kidea proiektu nagusi horren eramateko. Informazioaren estatu idazkaria izatea errefusatu zuen Alexandre Parodirekin lan egiteko Lanaren ministerioan, Asurantza sozialen eta elkartasunaren zuzendari gisa. Berak zituen 1945eko ordenantzak landuko eta idatziko ministerioko bi kideren laguntzarekin, Marcel Legras, eskolako irakasle ohia, sindikalista eta sozialista zena, eta Francis Netter, goi-funtzionarioa, Pierre Laroque bezala. Ber mementoan, Ambroise Croizat diputatu komunista legebiltzarreko Lan eta sozial arazoen komisioko presidentea zen. Dokumentuen eskasagatik, ez dakigu postu horretatik Croizat-ek zuzenki parte hartu zuenez ordenantzen idazkeran, baina segur dena da Gizarte segurantzaren proiektua ezin zitekeela gauzatu komunisten sostengurik gabe, Liberazioaren denboran alderdi komunista Frantziako lehen alderdia baitzen. Gainera, Croizak-ek eginkizun nagusia ukanen zuen ordenantzen gauzatzeko, Lanaren ministro gisa, 1945eko azarotik goiti. Sozialisten, komunisten eta gaullisten aliantza hori, Gizarte segurantzaren alde, beharrezkoa izan zen, indar guziak bateratu behar baitziren, erresistentzia azkarrak izan baitziren proiektuaren kontra.


“Eztabaida biziak”

Erran bezala, asurantza sozialeko sistema bat, aktore pribatu anitzen eskuetan zena, jada existitzen zen, 1920ko hamarkada bukaeran sortu baitzen. Langileek eta enpresek zuten finantzatzen kapitalizazio sistema hori, zeinean desberdintasun handiak baziren eta pentsio ahulak. Ehun bat elkartasun kutxek, zenbait erlisione alorrekoak, asurantza sistema kudeatzen zuten, eta gehienak Elkarrekiko Asurantzen Federazioan elkartuak ziren. Liberazioan, Federazio horrek bere interesak azkarki defendatu zituen. Sostengu handiak bazituen, partikulazki Mugimendu Errepublikano Popularrean (MRP), alderdi zentrista eta giristino demokrata zena. Ber maneraz, CFTC sindikatuak (Langile Giristinoen Frantses Konfederazioa, giristino demokratetatik hurbil zegoena politika mailan) “Gizarte segurantzaren” sortzea ez zuen begi onez ikusi, CGT sindikatuaren (Lanaren Konfederazio Orokorra, komunistetatik hurbil zena) influentzia sistema berri horretan sobera handia izango baitzen haren ustez. CFTC-ak, MRP alderdiaren sostenguarekin, Familia Laguntza Kutxen independentzia, erregimen orokorraren baitan, sostengatu zuen, arrakastarekin, hori lortuko baitzuten 1949an. Beste “erregimen berezi” zenbait, bi gerlen artean sortu zirenak, haien iraupenaren alde borrokatu ziren ere. Egun, “Gizarte segurantza” sortu zela adostasun oso baten barnean pentsatua da baina errealki egiazko batailaizan zen eta Julien Damon soziologoak idazten duen bezala bere liburuan (“Petit éloge de la Sécu”, Presse de Sciences Po), “eztabaidak biziak” izan ziren.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3807. zbk

Gure Hitza | 2025/10/30

Edaten dugun ura

Louvreko museotik airatu dira Frantziako koroako joia famatu batzuk, milaka safiro eta diamante distiratsuz osatuak. Mundu zabalean ikaragarriko oihartzuna sustatu duen ebasketa. “Ezin estimatuzko galtzea” Frantziako “ondare paregabearentzat”, gainera “munduko museo handienean” gertatua. Afruntu bikoitza! Baina ene gustuko bada joia horiek baino altxor askoz garrantzitsuagorik. Hala nola ura, edateko ura, xahutzen eta kutsatzen ari dugun ura. Joiarik gabe bizi gintezke, urik gabe ez. Urak Lur planetaren %71 nonbait han estaltzen du, baina ur kantitate horretatik %2,5 inguru baizik ez da edangarri. Menane Oxandabaratzek, mundu zabaleko kronikan, artikulu ohargarria argitaratu zuen joan den uztailean gai hortaz, berriz irakurtzea merezi lukeena (3797. zenbakia, 2025/07/31).

Ur edangarria ez da betirako izanen, ez badugu kasurik egiten, salbu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016