Azalekoa | 2025eko Azaroaren 20a

Bonnat-Helleu museoa laster zabalik

A.E.

Museoaren lehen bisita (Bonnat-Helleu museoa, 2025 - argazkilaria: Mathieu Prat)
Museoaren%20lehen%20bisita%20(Bonnat-Helleu%20museoa_%202025%20-%20argazkilaria:%20Mathieu%20Prat)

Baiona ttipiko Jacques Laffitte karrikan kokatzen den Bonnat-Helleu museoa 2011tik hetsia egon ondoan, azaroaren 27an ateak berriz idekiko ditu hainbat berrikuntzarekin. Gehiago jakiteko, Arantxa Vaillant museoko komunikazio eta mezenasgo arduradunarekin elkartu gira.

Bi izen, museo bat

Bonnat-Helleu museoak, alde batetik Léon Bonnaten izena hartu du, eta bestetik Paul Helleurena.

Léon Bonnat baionarra (1833-1922), XIX. mendearen bigarren zatiko eta XX. mendearen hasierako Frantziako margolari garrantzitsuenetakoa izan zen. Gaztea zelarik, Baiona hiriak sustengatu zuen, besteak beste Pariseko ikasketak ordainduz. Artistak Baionan museo bat egin nahi zutela jakin zuenean, hiriak eman ziona berriz itzultzeko gisan bere obren parte bat Baionari utzi zion, baita margolan, marrazki zahar eta eskultura bilduma ere, museo hortan erakusteko.

Paul Helleu (1859-1927) berriz, “Belle Époque” garaian eliteen margolari pribilegiatua izan zen. Museoak azken hunen obra bilduma garrantzitsuenetako bat biltzen du, artistaren alabaren eskuzabaltasunari esker.Baionako museoaren izenari “Helleu” gehitu zioten 2011n.

Museoa XIX. mende bukaeran eraiki zuten, eta denborarekin obra gehiago gehitu zizkioten, erakuste eremua eskastu arte. Duela 15 urte, ekaitz batek kalteak eragin zituen eta museoa hetsi behar izan zuten. Orduan, konpontzeaz gain, museoa berritzea ere erabaki zuten.

Tradiziotik berrikuntzara

Arraberritze eta modernizazio obra luzeen ondotik, museoa berriz idekiko da azaroaren 27an, ostegunarekin. Bordeleko arkitektoek dute proiektu huntan lan egin, museoan jada hor zegoena salbatuz.

Programa kulturalak gomitatuko du emozioaren, ustekabearen eta topaketaren ikuspegitik bildumara sartzera, diskurtso bakarretik edo hierarkia finko batetik urrun.

Ondare paregabea zaintzeaz gain, hortaz baliatu eta artea ikasi edo soilik maisulan horiek miretsi nahi dituzten guziei eskuragarri egitea izanen da xedea. Museo berria arte ederren arloan ezinbesteko gunea bilakatuko da.

Bonnat-Helleu museoak 7.000 obra gordeko ditu, Historiaurretik Erdi Arora eta Pizkundetik XX. mendera. Marrazki europarrak, margolan espainolak, aspaldiko eskulturak eta Pizkundeko artelanak, bildumagileen, artisten eta mezenasgoaren dohaintzetarik heldu dira.

4.000 metro karratuko erakusketa-eremuan, 1.000ko bat obra egonen dira ikusgai, eta 3.500 bat marrazki, Leonardo de Vinci, Michelangelo, Rafael, Dürer, Rubens, Rembrandt, Poussin edo Watteaurenak besteak beste.

Horrez gain, Europako artista handienen lanak aurkitzen ahalko dira: Rubens, Van Dyck, El Greco, Goya, Ingres, Delacroix, Géricault, Degas, Barye, Bonnat, Helleu...

Artea entzunez eta deskubrituz

Bisita gidatuak antolatuko dira, baina bakarrik ere bisitatzen ahalko da museoa, audiogidak urririk hartuz harreran (euskaraz, frantsesez, ingelesez eta espainolez). Bestenaz, artelanen azalpenak zuzenean mugikorraren bidez entzuten ahalko dira. Arte obren ondoan, kartelak aurkituko dira frantsesez eta euskaraz, QR kodeak ere izanen dira espainolez eta ingelesez irakurtzeko.

Bisita denboran pausa bat egin eta deskonektatzeko “Aerium” guneak sortu dituzte estai bakoitzean, kadira, liburu eta jokoekin.

Argibide baliagarriak

Museoa egunero idekia izanen da azaroaren 27tik goiti, asteartez salbu. Libroki sartzen ahalko da museoko korralera, museoaren idekitze ordutegian.

Azaroaren 27tik 30era sartzea dohainik izanen da. Abenduaren 1etik, sartzea 6 eta 11 euroren artean kostako da.

Museoan gune bat izanen da kafea edateko, museoa bisitatu gabe, tiketik erosi behar izan gabe.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3810. zbk

Gure Hitza | 2025/11/20

3919

Menane Oxandabaratz


Azaroaren 25a mundu osoan emazteek jasaiten duten bortizkerien kontrako eguna da. Emazteak, gehienetan bikotekidearen basakeriarengatik zaurituak edota erailak dira. Edozein klase sozialetako milaka biktima kontatuak dira. Gehienetan, nehork jakin gabean familietan gertatzen dira. Ipar Euskal Herriko zenbaki ofizialik ez bada, Frantziako estatuan urte hasieratik 137 feminizidio kontatu dira eta Hego Euskal Herrian errana denez bi emaztetik bat hunkia da.

Emazteen kontrako indarkeriak mundu osoan iraunkorra izaiten segitzen du. Oraino zenbaitzuk kontsideratzen dute familiaren arazo pertsonala dela. Indarkeria matxistaren kontra borrokatzea denen ardura da, bortizkeria kasuak salatzea premiazkoa da. Biktimak diren emazteak prozedura desberdinetan lagunduak izan behar dira, informazio eta harrera guneak plantan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016