Han eta Hemen | 2025eko Azaroaren 20a
Hazkurri Bankuaren urteko janari bilketa
Hazkurri Bankua Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. artikuluan oinarritzen da: “Pertsona orok bere buruaren eta familiaren osasunerako eta ongizaiterako egokia den bizi maila ukaiteko eskubidea du”. Badu 40 urte elkartea abiatu dela, urtero janari bilketa antolatzen du, aurten azaroaren 28, 29 eta 30ean saltegien aitzinetan iraganen da.
Elkartasun eta herritar hitzordua
Hazkurri Bankuak prekarietatean diren pertsonak laguntzeko janariak biltzen, kudeatzen eta banatzen ditu. Karia horretara, urtero jendarte osoari dei egiten dio azaroko bilketan, bakoitzak bere ahalen arabera, ekarpen bat egin dezan. Hiru egunez, behar-beharrezkoak diren elikagai idorrak eta higiene produktuak emaitea galdegina da. Ipar Euskal Herriko 90 bat biltokitan (saltokiak, supermerkatuak, enpresak eta eskolak) Hazkurri Bankuko laguntzaileek produktuak bilduko dituzte. Bilketa egunetan anitz pertsona mobilizatuak dira, elkartasun horri esker kanpaina kausitua da.
Bestalde astero Hazkurri Bankuan, astean 6 egunez, 240/250 bat laguntzaile ibiltzen da.
Laguntzaileek sailkatu produktuak, Hazkurri Bankuko kamioi gidariek elkarteetara eta Herrietako Zentro Sozialetara (CCAS) banatzen dituzte.
Bilketa eta laguntza
Hiru egunez, elkarteko boluntarioak fronte guzietan izanen dira: bilketa guneetan, kamioiak betetzen eta Baionara ekartzen, egoitzan laguntzaileek produktuak altxatzen dituztela.
2024ko bilketak Ipar Euskal Herriko Hazkurri Bankuaren urteko horniduren %10a segurtatu du (250.000 bazkari inguru), 117 tona bilduak izan ziren, 2023ko urteari konparatuz %6 gehiago.
Elikagaiak egunero leku desberdinetatik etortzen dira. Laborantza industriak ekoizten dituen kontserbak, esnekiak eta bestelako produktuak emaiten ditu, tokiko ekoizleek fruituak, barazkiak, arroltzeak, arraina eta haragia.
Urtean zehar 40 bat elkartek astero janaria errezibitzen dute, 13.000 bat pertsona lagunduak dira. Galdea handia da, jaz 1.250 tona banatuak izan dira. Beharretan direnak gehienak buraso bakarreko familiak dira, bereziki emazteak, ondotik gazteak eta erretretadunak.
Laguntza publikoa
Diru publikoko laguntzak murrizten ari direla eta, Hazkurri Bankuak ere egoera hori jasan behar du, 60.000 euroko laguntza galdu baitu. Egoera horren aitzinean, elkarteak gastu batzuk murriztu ditu. Beste lurralde batzuetako Hazkurri Bankuekin elkarlana azkartu du. Bestalde kontzertu batzuk ere antolatuak dira, taldeak urririk heldu dira eta etekin guziak Hazkurri Bankuaren alde abian dira.
Estatuak eta Behartsuentzat Europako Laguntzeko Funtsa (FEAD), “Elikagaien Laguntza Programa Nazionalaren” bidez, haragi-produktuak, arraina, fruitua eta barazkiak erostea baimendua da.
Xahutzearen eta prekarietatearen kontra
Hazkurri Bankuak helburua du elikagaien xahutzearen eta prekarietatearen kontra borrokatzea. Bota behar diren janariak, bereziki fruituak eta baratzekariak, konpostezko ongarriztatzerako erabiliak dira.
Sozial arloan ere zeregina badu. Prekarietatean diren pertsonak gehienetan isolamenduan bizi dira, jatekoa ukanez, harreman sozialak berriz eraikitzeko parada emana zaie.
Behar handiak
Aurten ere, guzien mobilizazioa beharrezkoa da, pobrezia emendatzen ari da, behar handiak dira. Prekarietatearen emendatzeari buru egiteko, asteburu huntako bilketa emankorra izan dadin funtsezkoa da. Azaroaren 28, 29 edo 30ean, saltoki aitzinetan Hazkurri Bankuko laguntzaileak hor izanen dira dohaintzen hartzeko. Zuzenean parte hartzen ahal ez duenak, monpaniersolidaire.banquealimentaire.org helbidearen bidez egin lezake.











