Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Azaroaren 20a

Heriotze - Azaroaren 11 - Uzta Hitzan festibala - Heraitzeko berri - Pilota

Eneko Pelletrat
Eneko%20Pelletrat

Heriotze

Ihurtzuri bat bezala hedatu da joan den ortziralean Eneko Pelletrat-en heriotzaren berria. Goizetik, Baionako ospitalera lanera zoalarik, motoko istripua ukan du Urdazubin, bizia galarazi diona 51 urtetan. Dirudienez tenpesta horien ondotik lurreratua zen telefono hari bat lotu du eta erori. Uztaritzen sortua, familiatua, lau haurren aita, Zugarramurdin bizi zen eta sukaldaritza zuen lanbidea ospitalean. Bere denbora guzian pilotari bikaina izana da, errebotean, eta joko garbin txapeldun titulu asko irabaziz Peio anaiarekin. Beti fidel egon zaio Kapito Harri elkarteari. Orain gazteen eta bereziki bere bi anaia gazteagoen (Frantxua eta Beñat) trebatzaile bezala ari zen xisterazko partida horientzat. Elkarteko zuzendaritzan ere ari zen, oso estimatua. Joan den urteko irailean galdua zuen bere aita, pilotari ohia hura ere. Hitz hauek irakurtzean ehorzketak iraganak izanen dira Uztaritzen. Hemendik ere dolumin bizienak eskaintzen dizkiogu familiari eta elkarteari.

Azaroaren 11

Azaroaren 11 ospatu da orain arte gerlari ohien elkarteak antolaturik. Joan den uztailean erabaki zuten elkartea desegitea osoki. Gelditzen diren elkartekideak (30 bat inguru), denak adin handian dira, Ipar Afrikan eta Aljerian egonak beren soldadu garaian. Asko dira orain erretira etxe horietarat bilduak. Herriko Etxeak antolatu du aurtengo ospakizuna oroitarri aitzinean. Bruno Carrère auzapezak hitzemana zuen eta ederki kudeatu du berak ekitaldia, publikoan zirela gerlari ohi zonbait, jandarmeriako6 ordezkari, suhiltzaileak, itsas marinel bi aitzindari eta herritar asko. Beti bezala Labourdins elkarteko soinulariek ere segurtatu dute beren lana. Denak pozik gelditu dira.

Uzta Hitzan festibala

Aurtengo Uzta Hitzan festibala hor dugu gainean Uztaritzeko herriak antolaturik. Iraganen da azaroaren 21etik 29ra, egitarau aberats batekin. Egitaraua hauxe da: ostirala 21: (19:30)''Garage des Pyrénées'' ostatuan Uztaritzen Kantuz taldea; (21:30) ''Popo & The Papas'' Folk musika emanaldia, hizkuntza desberdinetan. Larunbata 22: (10:30) Mediatekan irakurketa alaitua, elkartasun inguruko ipuinak, haurrentzat bereziki eginak; ondotik krakada eskainia izanen da. Igandea 23: (16:30) Etxetaburu ikusgarria Mixel Etchecopar eta Christian Galtxetabururekin, Zortziko elkarteak antolaturik, XVIII. mendetik XXI. era bertso zahar eta berriagoak. Sartzea 10 euro, ondotik aperitifa eskainia izanen da. Asteartea 25: (19:00) Lapurdi gelan mintzaldia, Lapurdi mendebaleko ahozko mintzoak Maitena Duhalderekin. Sartzea dohainik. Asteazkena 26: eguneko ekitaldi guziak Lapurdi gelan; (10:30) haurrentzat ikusgarria, ''Xana eta sudur gorri magikoa'' eta Dantzalai konpainia; (15:30) haurrentzat ''Itsaso zabalera'' ikusgarria Maialen Alfarorekin; (18:30) ''Paganismoa eta kristautasuna euskal mitologian'' mintzaldia Anuntxi Aranarekin eta Ikas zentroak lagundurik. Osteguna 27: (14:00) “Bertsuztaritze” bertsua Uztaritzeko eskoletan, Bertsularien Lagunak elkarteak lagundurik; Dassance ikastolak, Idekia eta Arruntzako eskola publiko elebidunek eta Bixintxo eskola libroak parte hartuko dute; (19:00) Herriko Etxean ''Plazara'' euskararen aurkikuntza gurasoentzat, (hemen tokiak mugatuak dira, izenak aitzinetik eman helbide huntara: s.pochulu@ustaritz.fr). Ostirala 28: (19:00) Lapurdi gelan ''Uztaritzeko amerikanoak'' mintzaldia Marie Christine Amestoyrekin. Larunbata 29: (11:00) Lota parkean, merkatuan mutxikoen dantzaldia, Erdizka taldearekin. Ekitaldi guziak euskara hutsean izanen dira, hizkuntza mantentzea baita festibalaren helburua. Holako egitarauan bakotxak aurki dezake bere ausagailua. Festibal on deneri.

Heraitzeko berri

Heraitzen asteburu huntan ''Les Amis de la Chapelle'' elkarteak ospatuko du Santa Katalina. Huna egitaraua: Ostirala 21: (20:00) kantaldia kaperan Lea eta Anuxkarekin, musikari lagun dituztela Nadeia eta Ekain, bata akordeoian bestea txistuan. Sartzea 12 euro. Igandea 23: (10:00) meza kaperan; (11:00) elkartearen biltzar nagusia Auzo Baita gelan; (11:15) aperitifa eta mutxikoen emanaldia tokiko ezkerpareta ttipian. Heraiztar guziak gonbidatuak dira.

Pilota

Hauek dira joko garbin ezkerparetako xapelgoan pasa den asteko emaitzak. Helduetan B mailakoak (Destaillac-Pelletrat) nagusitu dira Angelun Hardoyren kontra 40/14; C mailakoek (Fernando-Bidart) partida hasi dute Kiroletan Senpereren kontra; 5/7tan zirelarik senpertar pilotari bat kolpatu eta partida gelditu behar izan dute; berriz jokatuko dute ondoko egun batez; D mailakoek (Etchepare-Elissalde) galdu dute Bizanos-en, hangoen kontra 20/40. Partidek segituko dute ondoko egunetan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3810. zbk

Gure Hitza | 2025/11/20

3919

Menane Oxandabaratz


Azaroaren 25a mundu osoan emazteek jasaiten duten bortizkerien kontrako eguna da. Emazteak, gehienetan bikotekidearen basakeriarengatik zaurituak edota erailak dira. Edozein klase sozialetako milaka biktima kontatuak dira. Gehienetan, nehork jakin gabean familietan gertatzen dira. Ipar Euskal Herriko zenbaki ofizialik ez bada, Frantziako estatuan urte hasieratik 137 feminizidio kontatu dira eta Hego Euskal Herrian errana denez bi emaztetik bat hunkia da.

Emazteen kontrako indarkeriak mundu osoan iraunkorra izaiten segitzen du. Oraino zenbaitzuk kontsideratzen dute familiaren arazo pertsonala dela. Indarkeria matxistaren kontra borrokatzea denen ardura da, bortizkeria kasuak salatzea premiazkoa da. Biktimak diren emazteak prozedura desberdinetan lagunduak izan behar dira, informazio eta harrera guneak plantan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016