Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Azaroaren 20a
Auzoen arteko elkarretaratzeak - Izpindar elkartearen biltzar nagusia - Odol emaitea - Yoga tailerra azaroaren 27an - Denetarik nahas mahas
Auzoen arteko elkarretaratzeak
Larrazkena hor dugu orain eta sasoin huntan gure herriko auzoaldeek usaia dute bazkari baten antolatzeko bakoitzak bere hurbileko auzoekin. Joan den udan Erketakoak bildu baldin baziren Ihiztarien etxolan eta Apairikoak Plaxateiko aterbean, duela bi aste Zokoako eta herri erdiko auzoaldekoak bildu ziren Denen Etxeko gela handian, orotara 80 bat hurbilduz giro onean. Aurtengoa antolatzaile taldea berriturik edo gazteturik iragan da. Antolatzaileak kontent agertu dira iragan moldeaz eta heldu den urtean berriz hasteko prest dira. Joan den ibiakoitzean aldiz, Aiherra Gaineko biztanleen aldi zen, hots eliza gainean bizi direnen aldi. Denen Etxeko gelan iragan da elkarretaratze hau, hau ere mahain on baten inguruan.
Izpindar elkartearen biltzar nagusia
Izpindar teilatu gainetan ezartzen diren eguzki paneletan berezitua den elkartea da, Hazparne eta ondoko herrietan partikularrei kontseiluak emaiten dizkie. Panel fotovoltaikoentzat deitzen gaituzte, eta ez dakigu zer pentsatu? Izpindar-ek informatzen ahal gaitu. Balio ote du hauen plantan ezartzea? Zein kosturentzat? Elkarte hunen biltzar nagusia Aiherrako Herriko Etxean iraganen da, azaroaren 25ean (20:00). Deneri irekia dela azpimarratzen dute antolatzaileek.
Argindarraren kostua beti goititzen ari denean, huna kontseilu onen eta argitasunen biltzeko aukera!
Odol emaitea
Odol biltze zentroak odol eskasean daude. Gure odolaren emaiteko egin dezagun indar. Hemen posible izanen da, Aiherrako Denen Etxean, azaroaren 24an, astelehenarekin (8:00-11:30) eta azaroaren 25ean asteartearekin (15:00-19:00). Ongi etorri deneri!
Yoga tailerra azaroaren 27an
Hau Eguzkilore euskarazko haurtzain etxean iraganen da (9:00), Euskararen Urtaroaren kari, Beltzagitea etxean. Yoga eta dantzaren bidez eta manera ludiko batean lagunduko dituzte haurrak gorputza eta sentimenduak deskubritzen. Lasaiketa eta ariketa sinpleekin haurrei beren burua lasaitzeko tresnak proposatuko dizkiete eta musika tresna goxoek lagundurik bururatuko da saioa.
Denetarik nahas mahas
Azaroaren 30ean: joko husketa herriko jantegian (8:00-13:00).
Abenduaren 6an: Xilaba bertso txapelketa, Denen Etxean (17:00).
Urtarrilaren 23an: bertso afaria (19:00) Gozategia jatetxean: Amets Arzallus eta Aitor Bizkarra.
Urtarrilaren 25ean: kantaldia Denen Etxean (15:30) Ezkia Ikastolaren alde: Ezkia ikastolako haurrak kantuz eta Habia taldea.










