Mundu zabalean | 2025eko Azaroaren 20a
COP 30 Brasilen
J.B.
Amazoniako oihanaren atarian den Belem Brasil iparraldeko hirian abiatu da COP 30 Nazioarteko Konferentzia. Helburua izanki, beti bezala, aldaketa klimatikoa menperatzeko eta bioaniztasunaren zaintzeko estatu ezberdinen politikak koordinatzea. Duela hamar urte Parisen gure planetaren beroketa 1,5 gradutan mugatzea finkatua izan zen baina muga hori pasatua izan da jadanik. Lur huntako beste 6 muga ere gaindituak izan dira. Noraino goaz?
Lurrak 9 muga ditu, horietarik 7 jadanik gaindituak dira
Gure planetaren ekosistemen orekak eta biziaren aldeko baldintzen zaintzeko 9 markatzaile edo erakusle definitu dituzte 2009an, nazioarteko zientzialariek. Markatzaile horien heina mugaz gainditua izanez gero jendartearen biziraupena lanjerean ditaikela diote. Arazoa da 9 mugetarik 7 direla jadanik gaindituak: aldaketa klimatikoa, bioaniztasunaren higadura, nitrogenoaren edo azotaren eta fosforoaren ziklo biogeokimikoen nahasmendua, lurraren erabilpena aldatzea, ur edangarriaren zikloa, plastikoa bezalako gai berriak agertzea biosferan eta zazpigarren muga, itsasoen azidifikazioa, gainditua izan berri da aurten.
Gelditzen diren azken bi mugak, estratosferako ozona geruza eta espraietako “aerosol” delakoen presentzia ez dira oraino gaindituak, bainan horien markak ere okertzen ari dira.
Europaren gibeleko martxa
Belemeko gailurra hasi baino zonbait egun lehenago, Europar Batasuneko 27 estatuak ados jarri dira 2035 eta 2040 urteen arteko helburuak finkatuko dituen “klima lege” berri baten xutik ezartzeko. Corinne Lepage ekologiako ministro ohiak eta eurodiputatu izanak zioen, berriki France Culture irratian, Europa galtzen ari zela ekologia mailako aitzinekotasuna, bereziki 2019 eta 2024 urteen artean bozkatuak izan ziren legeeri esker. Bainan “omnibus” deitu lege multxo berrien bitartez arazo klimatikoari erantzuna eman nahi zuten araudiek eskala industrialean deseginen direla dio.
Lehen “omnibus” delakoa, heldu den hilabetean europarlamentuan eztabaidatuko dena, multinazionalek aspaldidanik desegin nahi zuten araudi bati lotua da. Legearen aitzinean produkzio kate osoaren erantzuleak diren multinazionalen zaintza behartua baztertu nahi dute. Beste 8 “omnibus” lege multxo prestatzen ari dira, horietarik batek 2021eko energiaren zerga erasotuko du, hegazkinetan eta itsasuntzietan erabiltzen den erregai fosilen gaineko zerga minimoa zalantzan ezarriz.
France Culture-ko irratsaio berean mintzo zen itsasoa eta klimaren zaintzaren aldeko Gobernuz Kanpoko Erakundeko zuzendaria den Claire Nouvianentzat “Europar Batasuna ekologiaren alde mintzo da Belemen bainan desegiten du Bruselan”. Multinazionalen nagusitasuna argi dela gehitzen du Corinne Lepagek: “Enpresa handietako lobbysten diskurtsoari sentsible da Europako diputatu gero eta gehiago”. Tendentzia nagusi horren adierazle ere da Frantziako delegazioaren barne agertzen direla energia fosilen 22 lobbysta, horietan TotalEnergies-eko buruzagia.
Jatorrizko herrien protesta eta justizia klimatikoa
Petrolioa lurpetik ateratzeko proiektuak ez dira gelditzen eta Belem inguruko eremuetan aurkitu den petrolio erreserba handi baten xurgatzea aipatzen du Lula presidenteak, diru iturri berriak trantsizio ekologikoa lagunduko duela argudiatuz.
Holako kontra erranak salatzen dituzte lehen lerroan hunkituak diren jatorrizko populuek. Manifestaldi ikusgarria egin dute Belemeko karriketan eta Nazioarteko Gailurraren ateak bortxatu dituzte heien ikusmolde baztertua plazaratzeko eta heien inguramenaren suntsipena salatzeko.
Orokorkiago, jatorrizko herriak bezala, munduko herri pobreek dute gehienik jasaiten berotze efektua eta klima aldaketaren eragina. Horregatik, justizia klimatikoa bideratzea izan zen joan den urteko COP 29 gailurraren helburu nagusietarik bat. Nahiz Nazio Batuen estimaziotik biziki urrun izan,herri aberatsek hitzeman zuten 300 miliar dolar eskaintzea, urte bakotx, herri pobreek aldaketa klimatikoagatik jasaiten dutena eta heien trantsizio ekologikoa ordaintzeko. Oxfam eta Care Gobernuz Kanpoko Erakundeek kontrolatu dutenaren arabera finantzamenduen bi herenak maileguz eginak izan dira, merkatuko interes tasarekin gainera. Ondorioz herri pobreen zorra beti handitzen ari da. Hori hipokresia handia dela dio Fanny Petitbonek, azken 10 urteetako COP guziak segitzen dituen ONG 350 erakundearen Frantziako arduradunak.
Peter Riech jakile famatuaren mezu baikorra
Hala ere ez dela esperantza guzia galdu behar erraiten dauku Peter Riech Michiganeko Unibertsitateko ikerlari erakasleak. Joan den astean Montpellierreko Unibertsitatera gomitatua izan den ekologia eta fisiologiako ikerlari erreferente famatuak deklaratu baitu: “Oraiko tendentzia arranguragarria aldatzen ahalko da ondoko hamarkadetan gure planetaren ihardukitze gaitasun naturala laguntzen badugu”. Aspaldidanik ikertu dituen ekosistemeri behatuz itsasoak, oihanek eta lurrak atmosferan den dioxido karbonoa berriz hartzeko gaitasun handia dute. Harentzat desorekak sortu dituen gizonaren gain da energia fosilen erabilpena gelditzea energia berriztagarriak masiboki erabiliz.
Ikusiko dugu Belemeko gailurrak hortaratzeko erabaki funtsezkorik hartuko eta gauzatuko duenez.










